Zuzenean
Flamenkoko oholtzetan oso ohikoa izaten da oholtzan mahai bat jarri eta haren bueltan musika egitea. Bada horrelako zerbait gertatu zaigu Agus Garmendiarekin elkarrizketa abiatu dugunean. Parean zuen mahaiari kolpeka hasi da segidan berak sortutako abestien erritmoan: «Eskolako mahaian, kotxeko aurreko panela joz… Horrela ikasi dut nik perkusioa». ‘Gatza’ abestiarekin gertatu da hori, hark irekitzen baitu Kilimak taldearen ‘Euskal Herriko Runba’ diskoa. Rosarioren ‘Queremos marcha’ abesti aski ezagunaren trazak hartu dizkiogu guk, eta Garmendiak onartu du baietz: «Euskal Herriko «martxa, martxa» zegoen nire buruan, abesti hura kontuan izanda, euskarara ekarri eta «Gatza, gatza» bihurtu dugu guk».
Hernaniko proiektu bezala ikusi dugu Kilimak batean eta bestean, baina errealitatea bestelakoa da, Euskal Herriko toki desberdinetako jendea baitago bertan. «Nik hasi nuen proiektua eta ni naiz hernaniarra, baina ez gara hernaniarrak. Ione eta Ihintza Zozaya Zugarramurdikoak dira, Oskitz Gorrotxategi Basaurikoa eta Ander Larrañaga eta Antxon Mirena donostiarrak», kontatu digu Agus Garmendia abeslari eta gitarra-jotzaileak.
Martxa, egin dantza… halako kontuak aipatzen dituzte beren kantuan, baina oholtzatik begiratuta nola moldatzen gara euskaldunak rumba erritmoetan? «Bada, ez sinistekoa da baina oso ondo moldatzen gara. Jendea aulkian eserita dantzatzen ere ikusi dugu. Orokorrean lotsaz hasten dira baina berotzen goazen heinean denek dantzan bukatu dute», iritzi dio hernaniarrak. Rumbak harrera ona izan du Euskal Herrian, jende askori gustatu izan zaizkio Los delinqüentes edota Los Manolos bezalako taldeak. Gogoratu besterik ez dago duela urte batzuk Donostiako Saguesen eman zuten kontzertuan zenbat jende pilatu zen azken horiek ikustera. «Euskaraz falta zen estiloa da. Nik ere maite ditut E barrio, Gipsy Kings, Los Manolos… eta horregatik esaten nuen «zergatik ez egin musika rumbazalea euskaraz?», bada iritsi da».
2018an elkartu zirenetik kontzertu asko eman ditu Kilimak taldeak, nahiz eta iaz lortu nolabait ere mundu guztiaren belarrietara iristea. «Bi urteren artean 100 kontzertu eman genituen eta batzuetan egun berean bi ere egiten genituen; furgonetan lo eginaz eta abar ibili ginen, gogorra bezain polita izan zen garai hura. Eta guztia ahoz-aho zabaldu eta deitzen gintuztenean, ez baikinen kontzertuen bila joaten! Herri batean jo eta segidan ondoko herritik deitzen ziguten. Maketa lehiaketarenaren ondoren Baga-Biga etorri zen eta haiekin elkarlana sortu da, hala beste buelta bat eman diogu proiektuari. Diskoa egin dugu, promozioa egiten ari gara… Orain arte kontzertuak jotzea baino ez zen gure lana. Hortaz, pandemiak proiektua gorpuzten lagundu digu nolabait esatearren», dio Kilimak taldeko sortzaileak.
«Jaia bai, borroka ere bai» esan izan da askotan Euskal Herrian eta pixka bat hari horri jarraika sortzen da ‘Burrunba’ abestia. «Ereserki moduko bat da kantu hau guretzat eta hitz gutxitan kontatzen dugu gure proiektua zer den. Beharrezkoa iruditzen zait euskaraz mintzatzea euskaraz baldin badakizu eta horregatik gure proiektua ere euskaraz da. Hori da aldarrikatzen dugu bertan. Gero Eusko Gudariak sartzearen puntada egin dugu. Gainera Ionek sekulako irrintziak botatzen ditu, Zugarramurdiko sorgina taldean izanda, ezin zuen falta. Kontzertuetan, publikoa gora etorri eta plaza lehertzen da normalean», esan digu pozik abeslariak.
Kantu propioekin osatzen dute ia emanaldi guztia, baina diskoan haietatik sei baino ez dituzte jaso: «Hauek hasieran sortutako kantuak dira, eta aurkezpen moduan erabili ditugu. Baina kantu gehiago ditugu eta akaso horiek izango dira bigarren disko batean etorriko direnak, edota orain sortzen ari garenak, ikusiko dugu».
Jarraitzaileak ere sortu zaizkie, eta diskoa kaleratu aurretik horrek erabat harrituta utzi du Garmendia: «Bai, bitxia da. Batzuetan furgonetatik ateratzen ginenerako abesten hasten zitzaigun jendea… Usurbilen esaterako, zer esanik ez, babes handia sentitu dugu ez maketa eta ez diskorik ez izateko. Horrez gainera, sarean coverren bat ere egin digutela ikusi dugu eta harrituta gaude guztiarekin».
Gaueko kontzertuak itzultzearekin batera, haiek ere hasi dira gauaz disfrutatzen. «Duela pare bat aste inguru eman genuen gauez kontzertua, Antzuolan, eta jendeak dantza egin zezakeen. Gauerdiaren bueltan izan zen eta sekulako giroa sortu zen. Ionek irrintziez gainera koreografiak ere sortzen ditu kontzertuetarako eta jendeak oso ongi erantzuten du. Publikoaren eta gure artean sortzen da gainera halako konexio bat eta oso polita da plazan sortzen den giroa. Hortaz, pentsa, guztia dantza eginaz bada, askozaz hobeto».
Txaloak jotzearen arteaz ere aritu gara hizketan Garmendiarekin, izan ere elkarrizketa egiten aritu garen denboran, eskuak ez ditu une batean ere geldirik eduki musikari hernaniarrak. «Kontzertuetan Ionek eta ihintzak egiten dituzte txaloak, ni gurutziltzatuta bainago gitarrarekin eta ahotsarekin, baina diskoan Larrak eta biok grabatu genituen. Erritmoaren zentzua eduki behar duzu eta biek edukiz gero konektatzen duzue une batean edo bestean. Hala ere, benetan ongi ikasteko, itzaliagoak edota biziagoak jo behar diren eta abar Andaluziara joan beharra dago ikastera. Nik ez dut sekula halako ikastarorik egin, baina uda asko pasa nituen familiarekin Almuñecarren eta hango girotik-edo zerbait geratuko zitzaidan; dena belarriz eta besteak entzunaz ikasi izan dudalako. Han gaueko giroa izaten da nagusi eta gitarraren bat beti dago inguruan», aipatu digu Garmendiak.
Ekaitzaren ostean barerik ez dela, ezinegonaz edota bakardadeari dion gorrotoaz Iñaki Iradik idatzi du ‘Soledad’ abestia, diskoan gazteleraz dagoen bakarra. Baina bereziena akaso ez da ez hizkuntza ez eta hitzak ere, baizik eta swing bat dela: «Iñakirekin askotan dut hartu-emana eta ematen dizkidan hitzekin normalean rumba estiloan sortzen ditut kantuak. Baina honek ez zidan konbentzitzen eta swing batean bihurtu zen. Guk rumba dugu estilo nagusitzat, baina denetarik jorratzen dugu eta swing hau edota ska eta reggaea ere entzun daiteke gure emanaldietan».
Oh Brother estudioan grabatu dute diskoa, Iñigo Egia teknikariaren eskutik. «Eskertu beharrean nago Iñigori egin duen lan guztia, guretzako lehenengo aldia izan delako estudioan. Gauza asko egin nahi dituzu, kantuak aukeratu behar dira eta bakoitzaren konponketak ere sortzen dira gero… Sekulako pazientzia izan du gurekin eta benetan eskertu beharreko zerbait da hori», azpimarratu du Garmendiak.
Diskoaren azalean ageri den trena aipatu du segidan eta trenaren erritmoa ‘Kontakatilu’ kantuan nabaritu dugu guk. Azala benetan indartsua da, lokomotor bat ikusi daiteke bertan: «Oso pozik nago azalarekin eta esan behar dut Arantxa Vidal nire ama dela. Berak egin zuen diseinua eta trenaren ideia berea izan zen. Gero Ximon Agirrek egin zuen koloreztatzearena eta maketazioa. Musikaririk ez baina artista asko izan dut etxean, hori bai, musikarik ez da falta izan».
Konfort egoeratik irteteaz ari dira ‘Errutinaren tranpa’ kantuan eta rocketik rumbarako saltoa hortik ere joan dela esan digu Garmendiak: «Taldean bertan rocketik runbara pasatzean izan genituen halako gorabeherak. Kasu honetan reggaea eta rumba uztartu dira eta aproposa zen ‘Errutinaren tranpa’ abestia eskema horiek apurtu behar direla aipatzeko». Maiorretatik minorretara pasatzean egiten du estilo eta erritmo aldaketa: «Kanta batzuekin ez dago lan handiegirik, zuzenean ateratzen zirelako. Baina beste abesti batzuetan 30 bertsio sortu dira, hori izaten da askotan sortzaileon eromena. ‘Errutinaren tranpa’-n argi neukan reggaetik rumbara pasa nahi nuela eta, maiorretatik minorretara pasatzean, munduz aldatzea lortu genuen».
Diskoa atera osteko kontzertuak ere martxan dituzte eta dantzara gonbidatu gaitu Agustin Garmendiak Kilimak taldekoen izenean: «Lesakako ferian izango dira azaroaren 25ean. Bi egun beranduago, 27an Lizartzan izango gara eta Ahetzen ere akustiko moduko bat joko dugu. Horrez gainera, Durangoko Azokan, Ahotsenean ere izango gara abenduaren 5ean 14:30ean. Diskoa zuzenean aurkezteko moduan izango gara, gelditu gabe diskoa osorik eta geldiunerik gabe entzungo da bertan. Hortaz, aperitifa pixka bat luzatu eta bertan izatera gonbidatu nahi dugu jendea».
«Gatza, gatza», gustura asko hartuko dugu negu partean gorputzeko izotzak urtu eta dantzan aritzeko.