IRRATIA

Xabi Bandini: «Ez gara asko, baina komunitate indartsua osatzen dugu»

Konfinamendu garaiarekin batera ekimen berri bat jarri du martxan Xabi Bandini artista nafarrak. Aurretik izandako antzerako esperientzia positibioak gogoan, «Komunitate garaiezina» izeneko proiektua abian da.

Xabi Bandini, 'Zalantza eta egia' kantuaren bideoan.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Kerobia, Antikontinente, eta, orain, bere izena daraman proiektuan dabil burubelarri Xabi Bandini musikaria. Euskal Herriko bira bukatzear zela, bertan behera geratu zitzaizkien azken kontzertuak: Gasteizkoa eta Bilbokoa.

Konfinamendua modu batean hasi zuten berak eta taldekideek. Etxean zuzeneko bat egin zuen, hiruak ezin zutelako elkartu, «Bilboko eta Gasteizko lagunei nolabait ere eskaini nahi genien zerbait» kontatzen du Bandinik. Baina egun batzuk pasata, taldean eta taldetik kanpoko beste hainbat musikarirekin hitz egin eta «datozen hilabeteetarako begira formula berriak bilatzen hasi ginen» esan digu musikari nafarrak.

«Kerobiaren 'Supernova' diskoarekin konturatu ginen jarraitzaleen inplikazioarekin proiektu bat aurrera eraman zitekeela» aipatzen du Bandinik, izan ere, disko horretarako ekarpenak egin zituzten 1000 inguru lagun batu ziren diru-bilketa kanpainara.

Oraingoan berriz ere halako zerbait egitea burutu zitzaien. Batetik, ekarpen ekonomikoak egiteko, baina, bestetik, komunitatea bera sortzeko. Hala, 'patreon' izeneko plataforman beren txokoa sortu zuten.

Komunitatean ehun inguru lagun dira gaur egun 'Komunitate garaiezina' deiturikoan, eta  egiten duten ekarpenaren trukean, 2 euro inguru hilean, gauza asko jasotzen dute. Orain artean, esaterako kantu-bideoak jaso dituzte, jokoren bat edota zuzeneko eztabaida bat izateko aukera izan dute komunitateko kide direnekin.

Xabi Bandinik azpimarratu nahi izan du «etxetik egindako produktuak direla, modu xumean egindakoak, eta ez daukala zerikusirik etxetik kanpora egin eta eskaini dezakegunarekin». Baina emaitza bikaina da lortu dutena.

Xabi Bandiniren sare sozialetan bilatuta edota bere web orrialdean sartuta lortu daiteke komunitaterako sarrera. Aukera berritzaile bat inondik ere, beste behin, Xabi Bandiniren eskutik etorri den 'Komunitate garaiezina'.