IRRATIA

Olatz Zugasti, ia Arte Ederrak ikastetik, arte ederra sortzera

Musika ibilbide luzea eta gaztetan, oso gaztetan, hasitakoa da Olatz Zugastirena. Benito Lertxundik emandako lehen kalabaza haiek, musikalak, ez bestelakoak, ez zuten atzera bota kantari hernaniarra. Dagoeneko 40 urte daramatza oholtza gainean eta horren errepasoa egin dugu Musikharia saioan.

Olatz Zugasti eta bere bidelagun nekaezina

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Musika giroan hazi eta hezitakoa da Olatz Zugasti. Txiki-txikitatik kantuan ibilitakoa, harpak liluratu eta hura alboan duela egin du gainerako ibilbidea. Konserbatorioko ikasketak Baionan egin zituen, baina ez harpa era klasikoan jotzeko, gerora argi utzi duen bezala.

Irratian saio propioa izan zuen hamalau urtez Zugastik, 'Kantaita' izenekoa, hari buruz galdetuta, kontatu digu: «1992an halako krisialdi ekonomiko bat bizi izan genuen eta hortik irratira salto egiteko aukera izan nuen. Zergatik munduko musikekin egindako irratsaio bat ez osatu? Garaian ez baizegoen internetik. Gustatu zen, eta horrela hasi nintzen mantso-mantso» musikari hernaniarrak.

Emakume indartsua eta nortasunekoa dela argi utzi digu egindako elkarrizketan, aurretik ere jakin bagenekien arren. «Orion, zuzenean» lana argitaratu zuen iaz, bere ibilbidea laburbiltzen duen diskoa. Hura abiapuntu hartuta, guk ere bere lanaren gaineko errepasoa egin dugu Olatz Zugastirekin.