En direct

Burura datorkizun artista berrien, freskoen eta –nazioartekoa izatearen kasuan– underground-ena deskubritzearen meritua zurea dela uste baduzu, zoritxarrez, ondorengoak ideia hori burutik kenduko dizu: kasu gehienetan, gorbatadun gizon boteretsu batek eman dio, beste inoren aurretik, argi berdea artista horren talentuari. Diskoetxeetako bulego dotoreetan egindako 15 minutuko entzunaldietan erabakitzen da artista berri baten ibilbidea. Eta egun izarrak diren horiek, garai batean, ez zuten uste dugun zortea izan.
Galdetu bestela Madonnari: bere lehenengo maketa Millenium records-era bidali zuenean, bertako exekutibo Jimmy Iennerrek eskutitz bat bidali zion hau esanez: «Gozatu dut maketa entzuten. Ekoizpena, arregloak eta artista oso indartsuak direla uste dut. Proiektuak oraindik falta duena, ordea, material egokia da. ‘Love on the run’ abestia ez zait batere gustatu. Ez dut uste bera prest dagoenik oraindik; beraz, oraingoz, paso egingo dut, baina material gehiagoren zain geldituko naiz». Noski, Iennerrek ez zuen material berririk jaso: Sire Records-ek atera zuen, azkenik, Madonnaren lehen diskoa.
The Beatles-en kasua ere ezaguna da. 1962. urtean, Liverpoolgo laukotea diskoetxe batean agertu zen euren proposamena erakustera. 15 minutuko entzunaldi baten ondoren, Decca Records-eko Dick Rowe zuzendariak taldeari uko egitea erabaki zuen, gitarradun bandak jada zaharkituta zeudela argudiatuta –ez zitzaion ezer gelditzen gizajoari!–. Aldiz, diskoetxe berberak baiezkoa eman zion Rolling Stones-i. Argi dago musikaren magia subjektiboa dela. 90eko hamarkadako nire artista gogokoenetarikoa den Alanis Morissettek ere trabak izan zituen bere proposamena onartua izan zedin. Jada bi disko zituen argitaratuta Kanadan, baina AEBetako merkatura zabaltzen saiatzerako orduan, arazo batekin egin zuen topo: diskoetxeek ez zekiten bere egiak horren gordin botatzen zituen neska gazte horrekin zer egin. Azkenik, kasualitateak nola diren, Madonnak sortutako Maverick Records izan zen ‘Jagged Little Pill’ diskotzarrari aukera eman ziona.
Ezagunegia izatearen trabak
Beste artista batzuek, ordea, jada handiak direnean egin dute topo diskoetxeen traba eta mutur okerrekin. Kasu hauek, normalean, artista batek berari lotzen zaion irudi artistikotik urrundu nahi izan duenean gertatu dira. Bruce Springsteenek, esaterako, kexak jaso zituen bere diskoetxearengandik ‘Nebraska’ lan intimoa erakutsi zienean. Etxeko bakardadean, lau pistako grabagailu batekin osatutako albuma E-Street Band-ekin birgrabatzea eskatu zioten, baina artistak bere erabakiari eutsi zion, irmo.
Iggy Pop-ek, halaber, ‘Aprés’ diskoa grabatu zuen 2012an: Édith Piaf, Serge Gainsbourg eta Georges Brassens bezalako artisten klasiko frantsesak biltzen zituen lana. Diskoetxean, hura entzutean, bekainak altxa eta egin zuten galdera bakarra zera izan zen: «Non dago punk diskoa?». Pop-ek auto-ekoizpenaren alde egin zuen, albuma plataforma digitaletan soilik argitaratuz.
Nire pasadizorik gogokoena, ordea, Leonard Cohenen ‘Hallelujah‘ abestiarena da. Abestiak eta hura barnebiltzen zituen diskoak ez zuen ia inongo ibilbiderik izan argitaratu zenean. Zazpi urteren ostean, John Calek zuzenean ikusi zuen Cohen ‘Hallelujah’ abesten, eta liluratuta gelditu zen. ‘I’m your fan’ diskoan sartu zuen bere bertsioa. Bertsio horrekin liluratuta, era berean, Jeff Buckleyk ‘Grace’ albumean sartu zuen berea 1994an. Urteen joanari eta, batez ere, besteen bertsioei esker, ‘Hallelujah’ abestiak gaur egun den klasikoa izaten amaitu zuen.




