En direct

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia

Kuba, Bizi Iraultza| 3. Atala: Zapalduen itsasargia

Aldaketa erradikala promestu zuen M26k eta hitza bete. Iraultzaren lehen urteetan hezkuntza edota osasun unibertsala bermatu zien bere herritarrei, esparru sozialistarekin lerratu zen Kuba eta munduko herri zapalduei askatzen lagundu. Trukean ezer eskatu gabe egin zuten, blokeo betean. 

Kuba, Bizi Iraultza| 3. Atala: Zapalduen itsasargia

Loading player...
Ernesto Guevara, Raul Castro eta Vilma Espin 1964ko uztailaren 26an.
Ernesto Guevara, Raul Castro eta Vilma Espin 1964ko uztailaren 26an. (Ullstein Bild - Wikimedia Commons)

Galera handi batek eragin zion Kubako Iraultzari agintera heldu zirenetik urtebete ere pasatu ez zenean. 1959ko urriaren 28an Camilo Cienfuegos komandantea zeraman hegazkina desagertu egin zen Habanarako bidean, ekaitza bat tarteko. Ordurako Kubako Indar Iraultzaileen Estatu Nagusiko buru zen, eta Camagueyra bidali zuten, Huber Matos iraultzari traizioa egiteaz akusatutako komandante antikomunista atxilotzeko. 

Castro hiltzeko agindua eman zuela esaten jarraitzen dute batzuk, baina Kuban ordutik memoria kolektiboaren gorenera eraman dute Cienfuegos eta harena da Habanako Iraultzaren plazan dagoen aurpegietako bat. Bestea, Rosarion, Argentinan jaio eta Kuban gerrillari bihurtu zen mediku zoro horrena da. Besteak beste, industria ministro izatera heldu ostean, eta bere ekarpena munduko herriei zabaltzeko unea zela sinetsita, Kubako gerrillariz osatutako taldetxo baten buru, Kongoko Errepublika Demokratikoan lumumbisten aldeko gerrilla antolatzen saiatu zen Ernesto 'Che' Guevara, eta kale egin nabarmen. Boliviako Askapen Nazionaleko Armada edo Ñancahuazu gerrillarekin nekazari indigenen iraultza sustatzen ahalegindu zen, baina bertako armadak harrapatu eta fusilatu zuen la Higueran 1967ko urriaren 9an, CIAren begiradapean. 

Lider karismatiko horien galera ordea, Kubako Iraultzak lorpen izugarriak izan zituen garai berberean gertatu zen. 1959tik aurrera Kubak populazioaren zati handi baten alfabetatzea bultzatu zuen, nekazariei lurrak eman, etxebizitza programak martxan jarri, edota bere populazio osoarentzako osasun unibertsal eta doakoa bermatu. 

Hori gutxi ez eta AEBren esku hartzeez kezkatuta, Kubak bere burua sozialistatzat aldarrikatu zuen eta Sobietar Batasunarekin lerratu. «Noski horren ondorioa izan zen inperialismoaren eraso bortitza, alde batetik oso ezaguna den blokeoa», dio EHUko irakasle Luismi Uhartek, «garai hartan lehen egunetik eman ziren erasoak irlaren eta iraultzaren aurka. Oso ikonikoa da 1961ean emandako inbasio saiakera. Playa Gironen AEBk finantzatutako mertzenarioei irabazi zieten», gogora ekarri du.

1962an, berriz misilen krisia emango zen eta ordutik aurrera, beste hamaika eraso Kubako herriaren aurka. Eta baldintza horietan 30 urtez Kuba gai izan zen munduko herri zapalduentzako eredu, euskarri eta babesleku izateko, Afrikaren kasuan, hainbat herrialderen independentzia bermatu eta apartheidaren amaiera azkartzeraino. 

Endika Guarrotxena futbolari ohia Euskadi Cuba elkarteko kidea da gaur egun.
Endika Guarrotxena futbolari ohia Euskadi Cuba elkarteko kidea da gaur egun.

Kuba, Bizi Iraultza podcasteko hirugarren atalean Liudyk eskainiko du bere testigantza. Ordezkatzen duen bioteknologiaren sektoreari blokeoak eragin dion kalteaz hitz egiten du, iraultzaren lorpen guztiei kalte egin dien bezala. Setio egoera honetan, Euskal Herritik Kubari ematen zaion babesa eskertzen du eta elkartasun internazionalistari eusteko eskatu. «Erresilienteak dira» kubatarrak, Endika Guarrotxena Euskadi-Cuba elkarteko kideak dionez, «oso solidarioak, munduarekin eta beraien artean». 

Jaurlaritza Logoa