En direct

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Gothic 1 Remake-k originalaren eurojank esperientzia eraberritzea lortu du

Bartzelonako Alkimia Interactive klasikoa osorik berregin du. Xbox-ek berregituraketa handiarekin jarraitzen du.

Gothic 1 Remake-k originalaren eurojank esperientzia eraberritzea lortu du

Loading player...

Analisi berria prestatu dugu Game Erauntsian, oraingoan, benetan maite dugun klasiko baten berregitea hizpide hartuta. Gothic 1 Remakek esperientzia originala mantendu du, aldi berean, denetariko berritasunak inplementatuta.

Garapen luzeko proiektua izan da, hain zuzen, Alkimia Interactive taldearentzat. Zaleei jaramon egin ondoren, aldaketa handiak ikusi ditu bideojokoak, azkenik, Unreal Engine 5 garapen motorearekin sortutako berregite fidela izateko. Berrikuntzak ez dira atal grafikora mugatzen, ordea, eta horiek aztertu ditugu gure saioan.

Albisteei helduta, Xbox da aste honetako protagonista handia. “Berrabiatze” handiaren bigarren pausoa aditzera eman dute arduradunek: 268 langile kaleratuko dituzte, bidean estudio desberdinak berregituratuta, edo, zuzenean, deseginda. Halo Studios, Activision, Bethesda, Obsidian, Rare, World’s Edge, Turn 10 eta Playground Games estudioiei eragin diete oraingoan, beste hainbaten artean.

Albiste pozgarriagoei begira jarrita, euskarazko hiru bideojoko ezagutu ditugu oraingoan. Lehena, Game Erauntsia Elkarteak euskaratutako Super Mario Bros. Remastered da, hainbat berrikuntza inplementatuta Nintendo-ren plataforma abentura klasikoan; bigarrena, Making Enemies estudioaren Scholar Adventure: Lost Night abentura grafikoa da. 2027an helduko zaigu gure hizkuntzan; bukatzeko, Gaua Games bilbotarrak Darby is Here Forever argitaratu du azkenik. Gure hizkuntzan ikusteko hurrengo eguneratzeari itxaron beharko diogu, baina laster gozatuko dugu banpiro txikiaren plataforma jokoaz euskaraz.

Jaurlaritza Logoa