En direct

Lide Hernando
Musikaria eta ‘Ad libitum’ saioko gidaria

Musika berria ezagutzeko hainbat tresna

Musika berria deskubritzeko tresnak inoiz baino beharrezkoagoak dira. Lan horretan ari dira ‘En Vilo’ eta ‘Galllery Sessions’ ekimenak, edo ‘Radiooooo’ aplikazioa, besteak beste.

Musika berria ezagutzeko hainbat tresna

Loading player...
Radiooooo aplikazioak mundu osoko musika ezagutzeko aukera ematen du
Radiooooo aplikazioak mundu osoko musika ezagutzeko aukera ematen du (Radiooooo)

Ikerketa askoren arabera, informazioaren gaindosiak, sarritan, uste dugunaren kontrako eragina du: hartzaileak, informazioa iturri askotatik edan beharrean, ezer jakin nahi izan gabe gelditzen da, saturazioak janda. Azken finean, enbutu bat sortzen da informazio-abaniko zabal horren eta gure denbora errealaren artean, eta horrek, azkenik, desinformazioa du ondorio bakar.

Eskaintza kulturalarekin ere antzeko gauza gertatzen da: streaming plataformetan hainbesteko eskaintza dago, ezen gure gaur egungo edukien influencer-ik handienaren gain uzten baitugu guk zer entzun erabakitzeko ahalmena: algoritmoa.

Hala ere, algoritmoaren indar eztabaidaezinaren aurrean, guri dagokigu esklabutza horretatik askatzeko esfortzua egitea. Horregatik, Ad Libitumeko atal honek helburu praktiko bat izango du: algoritmoan oinarritzen ez diren hainbat plataforma edo tresna gomendatzea.

‘En Vilo’ du izena plataforma horietako batek. Formatu galegoa da, eta Tiny Desk-en estetika jarraitzen du: musikarien 20 minutuko kontzertuak, liburutegi bat atzean dutelarik. Tiny Desk-ekin duen ezberdintasuna? ‘En Vilo’-k artista alternatibo edo emergenteak gonbidatu ohi dituela soilik, hartzaileari musika gomendio berriak egiteko helburuarekin. Antzeko helburua du, halaber, ‘El balcón de la calle Pez’ formatuak, kasu honetan kaleari begira dagoen balkoi batean kontzertuak antolatzen dituena; baita ‘Gallery Sessions’-ek ere, honako hau genero urbanoko artista berriak aurkeztera zuzenduta.

Zuzeneko kontzertuak oinarri dituzten formatuetatik aldenduta, Radiooooo aplikazioa aipatu beharko litzateke (bai, bost ‘o’ ditu). Tresna honen bitartez mundu osoko edozein estatu eta bertan 1900tik gaur egunerainoko edozein hamarkada hautatu daitezke, garai eta eremu geografiko horretan entzuten zen musika ezagutzeko.

Azken bi gomendioak dira eraginkorrenak, ordea. Lehena, gure inguruan dauden areto txikietara joan eta ezagutzen ez ditugun artisten kontzertuak ikustea. Bigarrena, gure gertuko jendeari zer entzuten ari diren galdetzea. Azken hau hain da interesgarria, ezen hurrengo saioa oso-osorik ingurukoen gomendioak entzuteari eskainiko baitiogu.

Jaurlaritza Logoa