En direct

Jurgi Ekiza (Baiona, 1980). ‘Euskal ikasketak’ egin zituen Baionan. Iban Zalduaren ipuingintzari buruzko masterra dauka. Lanbideari dagokionez lan ttipiak egin ditu eta musikari profesionala da 2014tik. 16 urtekin lehen taldea osatu zuen: Berri Beltzak. Gero Eelam taldea etorri zen. 2004tik aurrera Willis Drummond (estudioko 7 disko, 3 zuzeneko, Ane pelikularen jatorrizko kantua). Erabatera taldearekin 2 disko. Zura-rekin (disko bat), BBAX-rekin (disko bat). Jurgi Ekiza bakarkako proiektua defendatzen ari da gaur egun: estudioko bi disko ditu, zuzeneko bat eta single batzuk (film, dokumental eta podcastetarako sortutakoak). Ez du haurrik.
Jurgi Ekiza azkarra da hitz egiten duenean, ideiak bor-borka etorri eta haiei hitza jartzen trebea. Nabari zaio agertokietan jaso duen esperientzia, eta gaiei era errazean eusteko gai da, kalean lagunekin egongo balitz bezala mintzatu zaigu solasaldian zehar. Tipo arras interesgarria da.
Jurgi Ekizak hausnarketa interesgarriak utzi ditu. Egia, zientzia, folklorea, kulturaren eraikuntza, lanaren baloreen kritika… Lagin gutxi batzuk hemen segidan:
«Gauza askotan bezala neurria hartu behar zaio guztiari, antolakuntzari eta burokraziari, baina burokrazia asko dagoenean galdu egiten gara».
«Jakin behar da zalantzan jartzen errealitatea».
«Egiatzat hartzen ditugun gauzak, batzuetan ez dira egia».
«Bakoitzak ditu bere egiak, eta gizakiak ditu beti bere errealitateak».
«Gauzak eraikitzen pasatu beharko genuke bizitza, sei edo zazpi herrialde garen, interesgarria da, baina ez badu kentzen indarra beste proiektu batzuetan eta ez badu zatiketarik sortzen euskaldunon artean».
«Ipar Euskal Herrian folklorismo asko dago, bai, eta kontuz ibili behar da».
«Askatasuna ez da kateak kentzea, baizik eta kateak hautatzea. Maitasuna, azken finean, kate bat da. Loturak behar dira».
«Kaosa da gaur egun nazioartean bizi duguna, eta baloreak galtzen dira».
«Segitzen dut sinesten zientzian, baina ez naiz itsua eta ikusten dut Big Pharma eta horren lobbyek interes ekonomiko handiak dituztela».
«Lanari ez zaio eman behar lehentasun absolutua, lanaren balorea apurtzea ongi dago».



