En direct

Joxe Angel Munduate Imazek (Olaberria, 1974) txikitatik entzun izan ditu etxean gerra eta frankismoaren inguruko kontakizunak. Memoria horren erdigunean izen bat egon da beti: Martzelo Lasa Zeberio, haren amonaren anaia, 17 urte besterik ez zituela hil zutena. Gertatutakoaren berri, batez ere, Martzeloren anaia Xanti Lasa Zeberioren ahotik jaso zuen, haiekin baserrian bizi baitzen.
Urte luzez istorio hura entzun ondoren, familiakoek aspaldidanik zuen gertatutakoa ikertzeko ardura eta jakin-mina. Bultzada erabakigarria, ordea, beste olaberritar batek ‘El Pueblo Vasco frente a la cruzada franquista’ liburua eman zionean etorri zen. Han aurkitu zuen Martzeloren hilketari buruzko aipua: «Un joven de Olaberria fue fusilado junto a la carretera entre la fábrica de productos químicos de Lizarrusti y la caseta de la ‘cadena’ de Navarra. El sitio de su enterramiento se ve allí en el robledal, sobre la carretera». Aipu hark ikerketari ekiteko azken bultzada eman zion.
Aranzadi Zientzia Elkartearekin harremanetan jarri ziren, eta aldi berean Lizarrustira jo zuten informazio bila. Han esan zieten Patxi Lakunzak jakin zezakeela zerbait gaiaren inguruan. Harekin hitz egitea lortu zutenean, baieztapen garrantzitsua jaso zuten: Lakunzak bazekien historia haren berri, berak ikusia zuelako 1936an Martzelo Lasari nola eman zioten lur. Informazio guztia bilduta lanari ekin zioten. Prospekzio taldeak balak eta kaskiloak aurkitu zituen inguruan. Sondeoa egin, exhumazioari heldu, eta azkenean gorputza agertu zen. Hala, urte luzez isilpean eta minaren eremuan egon zen pasarte bati egia eta duintasuna itzuli ahal izan zizkioten.
Baina Joxe Angel Munduateren lana ez zen Martzeloren gorpua aurkitzearekin amaitu. Herrian ere ekin zion oroimen historikoa lantzeari: jendea elkarrizketatu, testigantzak bildu eta memoria kolektiboa osatzen lagundu du. Izan ere, haren lanak argi uzten du iragana berreskuratzea ez dela familia baten auzia soilik, herri oso baten ardura ere badela.


