En direct

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevue
Joseba Ezkurdia
Aspeko pilotaria

«Historia egiteak baino, norekin eta nola lortzeak egingo lidake ilusioa»

Pilotari batek bizi dezakeen txapelketa arraroena bizitzen ari da aurten iazko txapeldun Joseba Ezkurdia (Arbizu, 1991). Bere aita zena bezala, erronkazalea da bera ere, eta, aurrelaria izanik, atzelari lanetan aritu da, betidanik aurkari izan duen pilotari batekin bikotea osatuz.

«Historia egiteak baino, norekin eta nola lortzeak egingo lidake ilusioa»

Loading player...
Joseba Ezkurdia, Arbizun, bere herrian.
Joseba Ezkurdia, Arbizun, bere herrian. (Iñigo URIZ | FOKU)

NAIZ Irratiari eskainitako azken elkarrizketan «gozatu» hitza gehiegi esatea zela berretsi zenuen, baina joko puntu ikaragarrian zaude. Zer aldatu da, Joseba?

Ez dugu gauza handiegirik aldatu. Nire buruan konfiantza handiagoa. Orain lasaiago bezala nabil, baina irabazteak ematen dizu konfiantza hori. Badakit oraindik marjina dudala hobetzeko; txapel hau nahi badugu, txapelketako partida onena egin beharra daukadala Iruñean; dudarik ez daukat. Ilusioz, gogoz, nire lana ongi egiteko. Azkenaldian frontoian hobeki kokatua nago, hobeki ikusten naiz eta horrek asko laguntzen dit.

Binakakoa atzetik jokatzeko aukera onartzea eta Jokinekin bikotea osatzearen pizgarria guztiz piztu al da?

Bai, pozik. Erronka hau onartzeko garaian, Jokinekin jokatzeak, izan dudan aurkaririk handiena bera dela, ilusioa egiten zidan. Kirolari batek erronkak edo pizgarriak behar ditu. Oso garrantzitsua da motibazioa mantentzeko. Txapelketa halakoxea izan da; astero alerta, beti dudarekin, beti urduri eta horrek betiere alerta egotera egokitzen zaitu.

Orain bai, ahoa ondo irekita esan daiteke hartutako erabakiak merezi izan duela.

Bai, dudarik gabe. Azkenean, kakotx artean 'marroi' modukoa ere bazen. Erabat aldatuko zitzaidan azken hiru hilabeteetan gauza, toki berrian, urduritasuna, beti dudak... baina, egia esan, erronkazalea ere banaiz. Gustatzen zaizkit horrelako erronkak eta ez naiz damutzen. Momentu txarretan ere ez nintzen damutzen hartutako erabakiarekin eta orain gutxiago. Sekula ahaztuko ez zaidan esperientzia bat da.

Urte zailak igarota, Binakakoan topatzen ari zara pizgarria azken urteotan.

Bai. Azkeneko denbora luzean maila ona emanez eta behintzat gogoarekin eta gose horrekin nabil. Nik uste hori beharrezkoa dela kirol mailan goian egoteko eta ezin naiz kexatu. Badakit nire ibilbide bukaera gero eta gertuago dagoela, baina nire maila onenean bukatu nahi dut bukatzen den garaia iristen denerako.

Urtebete pasatu da aitaren heriotzatik. Iazko txapela berari eskaintzeko moduan izan zinen. Aurtengoan, txapela atera ala ez, benetan harro egoteko moduan da.

Bai. Aurreko urtekoa, dauzkadan txapelen artean bereziena da, dudarik ez dago, baina horren atzetik hauxe jarriko nuke. Azkenean, toki ezberdinean jokatzen, aurkari handiekin... polita izango litzateke eta berriz ere berarentzat izango litzateke txapel hau. Aita ere erronkazalea zen eta beti bere sostengua sentitzen nuen; orain ere bai.

Orain arteko zazpi finaletatik sei irabazi dituzu. Sekulako eraginkortasuna da. Datua atera dut: %85,7koa duzu.

[Barrez] Ea horrela segitzen dugun. Nahiko genuke berriz ere txapel hau lortzea. Etorri behar baldin badu, etorriko da, eta bestela harro egoteko moduan gara; baina hemen gaudenez, finala esku artean, aprobetxatu dezagun.

Ezkurdia eta Altuna III.a aurkari izatetik elkarrekin txapel bat lortzeko gertu egotera pasa dira. (Iñigo URIZ/FOKU)

Historia egiteko aukera duzu, ez baitu inork sekula irabazi Binakako Txapelketa aurrelari eta atzelari gisa.

Polita izango litzateke, baina ez dut horretan pentsatzen. Historia baino gehiago, zeinekin lortzen dudan, eta nola: atzetik, toki berrian, dena ezberdina, niretzako aurkaririk handiena izan dudan pilotari batekin, eta horrek kristoren ilusioa egingo lidake.

Zerk harritu zaitu gehien edo nabarmenduko zenuke Jokinez, aurkari gisa esango ez zenukeena?

Aurkariak garenean ere banekien ze metodikoa eta ze profesionala den, eta zenbat detaile zaintzen dituen; bere esku dagoen guztia egiten du ongi iristeko partidetara, mailarik hoberena emateko. Eta ze naturaltasunarekin eramaten duen dena eta zer lasai hartzen duen dena.

Amaitzeko, Laso eta Albisu aurkari finalean.

Bikote handia, txapela irabazteko eginda dagoen bikote bat. Bi pilotari ikaragarri, bere tokian. Atzean, Albisuk azken urteetan alde ikaragarriak eman dituenak bere enpresan eta Laso bere enpresako 'kapoa'. Bikote handia, oso fuertea. Finalerdietan agian izan dituzte duda gehienak txapelketa guztian, baina zein ongi eraman zuten tentsio eta presio handiko partida. Partida oso zaila daukagu.

Jaurlaritza Logoa