En direct
«Binakako finalean bagaude, zerbaitegatik da eta ez gara arratsalde-pasa joango»
Besterik gutxi esan daiteke Jokin Altunari buruz (Amezketa, 1996). Bederatzi txapel ditu eta bere bikotekide Joseba Ezkurdiak, beste sei. Txapelketa hau esperimentu moduko bat izan da Aspekoentzat eta gipuzkoarrak ez du hainbesteko magiarik egin, baina argi utzi du: «%100ean iritsiko naiz finalera».
«Binakako finalean bagaude, zerbaitegatik da eta ez gara arratsalde-pasa joango»

Ikaragarria, Josebak eta biok egin duzuena.
Ikaragarri kontent gaude. Iruditzen zait meritu handiko txapelketa egiten ari garela. Oraindik ez da bukatu eta nota txapelketa bukatutakoan jarri nahi dugu; baina, egia esan, oso-oso harro. Joseba, kristoren merituko txapelketa egiten ari da; oso-oso gustura, berarekin hau dena bizitzeaz, eta elkarri tope ari gara laguntzen.
Batzuek diote akaso ez dela zure txapelketa distiratsuena izan, baina kontuan hartu behar da Josebarekin jokatzeak ere eragin zuzena duela zure jokoan. Ez dakit sentitzen duzun jendeak ez duela hori kontuan hartzen.
Ni ez naiz jendearen iritzietatik bizi. Nik oso-oso argi daukadana da hau binaka jokatzen den txapelketa bat dela. Hemen inportanteena, dudarik gabe, elkar hartuta aurrera egiten jakitea da eta, nire ustez, biok oso-oso txapelketa ona egiten ari gara. Aurkarientzat ez da erraza gure kontra jokatzea, baina guk tarte askotan aurkariak gainean izaten ditugu eta ez da erraza zulorik topatzea. Baina biok finalean baldin bagaude, zerbaitegatik da.
Finalak, noski, irabazteko jokatzen dira. Zuk eta Josebak ondo dakizue hori, baina sentsazioa dut finalean egote hutsa dagoeneko zuentzat sekulako saria dela, ikusita txapelketan nola ibili zareten. Zuen ospakizunek ere hala erakusten dute, eta horrek akaso lagun dezake pixka bat finalari begira askeago, lasaiago, presio gutxiagorekin, jokatzeko.
Lasok eta Albisuk gutxitan jokatzen dute batera eta irabazteko jarri zuten bikote bat da. Alde horretatik, agian beraiek presio handiagoa daukate, baina gu horra iritsi gara eta ez gara arratsalde-pasa joango. Finalera iritsi eta irabazi nahi dugu, kontziente izanda oso final gogorra dugula. Hor egotea gauza handia da eta aprobetxatu egin nahi dugu.
Nolakoa izaten ari da urte luzez aurkari izan duzun eta oraindik ere izango duzun batekin orain bikotea osatzea?
Ederra da eta nik uste dut biok elkarri asko ari garela laguntzen txapelketa honetan eta disfrutatzen. Ilusio handia egiten zigun bioi elkarrekin jokatzeak. Aurkari duzunean beti edukitzen duzu errespetu hori. Badakizu bere aurka duzunean ze partida zailak diren eta orain elkarren bikotekide izateak konfiantza ematen digu; badakigu momentu zailetan ere dena emango dugula eta nik uste dut oso ondo erantzuten ari garela.

Zerk harritu zaitu gehien, zerbaitek harritu bazaitu, edo nabarmenduko zenuke Josebarengandik akaso aurkari gisa esango ez zenukeena?
Kantxa barruko gauzez aparte ere, tentsio momentu asko bizi izan ditugu: greba garaian enpresarekin hitz egin behar izan dugunean, berak eta nik enpresan pisu dezente dugu eta momentu horietan beti elkar babestu eta elkarrekin oso ondo konpondu gara. Nahiz eta aurkariak izan, beti oso-oso ondo konpondu gara, eta, kantxari dagokionez, banekien pilotari gogorra zela. Ez du partidarik suspenditu aurten! Kanpotik askotan beti errendimenduan zentratzen gara, edo irabazi edo galdu, baina pilota oso kirol gogorra da eta aurten atzean jarrita, horrelako palizak hartu eta hainbeste partida jokatu... eta eskuetatik ez du sufritu. Harritu egiten zaitu barrutik zein gogorra den eta fisikoki zein indartsua den.
Josebak izan duen proposamen hori bera jasoko bazenu, erronka gisa hartuko zenuke?
Ez, ez [barrez]. Iruditzen zait oso gogorra dela atzean jokatzea. Joseba ni baino mutil handiagoa da. Nik lauan pilota harrapatuta badakit pilota gozatzen, burutik jartzen, baina gero oso-oso indartsua da bera boleaz, ezkerrarekin; oso-oso gogorra da atzean jokatzea eta nik, behintzat, munduko eskaintza onena eginda ere, atzean ez nuke jokatuko.
Aurkariak, Laso eta Albisu. Zer esango zenuke hauei buruz?
Txapelketa ikaragarria egin dutela eta hor daude finalean. Nik uste dut txapelketa hasieratik guztiek esaten zutela finalean egongo zirela, nahiz eta zailtasunak pasa dituzten. Meritua du 21-17koari buelta ematea eta alde horretatik beraiek presio hori edukiko dute. Nik uste dut beraiek ere Binakako txapela lortu nahiko dutela. Oso final zaila dugula badakigu. Lehenengo partidan estutu genituen, bigarrengo itzuliko partidan bigarren partean erraz irabazi ziguten, eta finalerdietan, Gasteizen, gu irabazteko gai izan ginen. Ea lortzen dugun partida guk nahi dugun erritmora eraman, joko horretan eramatea eta topera saiatuko gara.



