En direct

 Ritxi  Aizpuru
Musika argitaratzailea eta ‘Otea lili’ saioko gidaria

Zaloa Urain (Kokein)

Kokein taldean ezagutu dugu Zaloa Urain gehienok, aurreko lanak eta egungo pentsakizunak elkarbanatu ditu Otea Lilin. 

Zaloa Urain (Kokein)

Loading player...
Zaloa Urain NAIZ Irratiko estudio nagusian.
Zaloa Urain NAIZ Irratiko estudio nagusian. (NAIZ Irratia)

Zaloa Urain (Bilbo, 1976). Musika ikasketak egin zituen Eibarko eta Elgoibarko kontserbatorio/musika eskoletan, gitarra gradu ertaina dauka. Gero, Musika Hezkuntza ikasi zuen Bilbon (unibertsitate publikoan), eta Haur Hezkuntza Eskoriatzan (Mondragon unibertsitatean). Musikaria, abeslaria, irakaslea, ama eta feminista, besteak beste. Bi musika talde nabarmenduko ditu: Kukka (lagunez osatutako taldea, ez zuten ezer argitaratu). Partaideen artean Maite Arroitajauregi zegoen) eta Kokein (8 disko).

Zaloa Uraini nabari zaio irakaslea dela. Hor komunikazioa atal garrantzitsua denez, ongi landuta daukan tresna da. Komunikazioarekin ikasleak hezi egiten diru. Otea Lilira patxada handiarekin etorri da bere hausnarketak partekatzera sosegu handiarekin. Erraz mintzo da, etorria du.

Zaloa Urain Kokein taldeko abeslariak gertuko solasaldia utzi du Otea Lili saioan, aisetasun handia du mikroaren aurrean, ez du kikiltzen. Hemen esaldi solte batzuk:

«Gauza bat da pentsamendua (feminista) eta bestea sena (emakumea). Biak ditut, baina, tamalez, emakume asko ez dira feminista hezkuntzagatik, inguruagatik».

«Sortu izan zait zalantza esatean zer naizen lehenago edo zer jarri lehenago idatzi izan dudanean: musikaria edo irakaslea. Irakaslea naiz ofizioz, baina musikaria afizioz. Bihotzez, lehenbizi, musikaria naiz, nahiz eta ez dudan inoiz ofizio izan».

«Urteetan bizi izandako bizipenek eraldatzen dute pertsona, eta ez adinak»

«Oroimenak ematen dizkizu bizipenen irudiak eta sentsazio desberdinak. %70ean oroimen politekin geratzen naiz, une positiboekin». «Geure burua da dugun etsairik handiena».

«Antsietate asko eta handiak pasatu izan ditut, eta tratamendu indartsuak izan ditut hori kentzeko, lanketa gogorrak. Ardura asko jasanezinak egin zitzaizkidan. Ama izateak gauza zoragarri asko ditu, baina ama izatearen ardurak gogorra egin zitzaidan. Psikiatraren laguntza jaso nuen gainditzeko».

«Pandemia garaian sormen artistikoa apaldu egin zitzaidan egoeragatik».

Jaurlaritza Logoa