En direct

Hazien sareak, aniztasunaren eta nekazaritzaren beraren zaindariak

Haziak industriaren eta kimikaren esku geratu dira azken hamarkadetan. Haien babesa nekazaritzaren iraupenarekin berarekin dago lotua, hortaz, haziak zaintzen dituzten kolektiboen eta horiek saretzearen beharra azpimarratu dute hazien aniztasunaren aldeko ekintzaileek ‘Gelditu Makinak’ saioan.

Hazien sareak, aniztasunaren eta nekazaritzaren beraren zaindariak

Loading player...
Hazien babeserako ekimen ugari izan ohi dira, irudian orain urte batzutako Markinako Hazien eguna.
Hazien babeserako ekimen ugari izan ohi dira, irudian orain urte batzutako Markinako Hazien eguna. (Gorka Rubio | FOKU)

Harrigarria da nola pasatu garen ehun urte eskasean nekazariek haziak lurpean sartzetik hazi bidez nekazariak lurperatzera. Jakina da lobby egituratu bat dagoela hazien pribatizazioaren eta eraldaketa genetikoaren atzean. Biharko Lurraren Elkartea (BLE) tokiko hazien babesean eta berreskurapenean murgildua da, tokiko laborantza biologiko eta autonomoa sustatzeko.

Elkarteko kide Niko Mendibourek Amikuzen eman zuen hitzaldian landu zuen bertako barietateen gaia eta hazien sareen testuingurua.

Hazien Aniztasuna Zaindu Iparraldean akronimoari erantzuten dion HAZI sarea proiektua du martxan BLEk, non helburua den tokira egokitutako herri-haziak biltzea etxaldeek eskuragarri izan ditzaten. Modu horretan, «gizartea sentsibilizatu» nahi dute, eta hazi eta jakintza ondare kolektiboa zabaldu, ohartu baitira orokorki hazien gaia ez dela biziki aipatua «ez ikaskuntzan ezta egunerokotasunean ere».

Prozesu antolatu bat 

Niko Mendibouren arabera, gaiarekiko etena ez da ausazkoa izan, «prozesu antolatu bat izan da galtze hori emateko». Laborantza duela 10.000 urte sortu zen eta luzaz izan da dibertsifikazio historia bat. Landare mota gero eta gehiago ikusi ditugu baratze eta pentzeetan. Baina azken ehun urtean eredu industriala eta hautaketa profesionala azkar sartu dira hazien sektorean eta homogeneizazio orokor baterako bidea markatu da.

FAOren 1999. urteko datuek ziotenez, landareen aniztasunaren %75 galdua zen azken mendean eta, gaur egungo datuei erreparatuz, berriz, %83 galdu omen da dagoeneko. «Zinez ikusten dugu gero eta urrunago joaten garela aniztasunaren galeran eta hori zuzenki lotua dagoela sektorearen pribatizazioarekin eta dinamika kapitalistekin», adierazi zuen.

Nork du hazien jabetza?

Amikuztarrak argi du: «Enpresa multinazionalak elkarren artean saldu eta erosi dira, eta, egun, sei hazi-enpresa multinazionalek hazien ekoizpenaren %60ren jabetza dute». Jabetza pribatuak eta kimikak, beraz, gain hartu dute hazien munduan. «Enpresek bi botere nagusi kontzentratzea lortu dute: haziak eta kimika. Hazien jabetza eskuratu dute eta baita kimikarekiko mendekotasuna garatu ere».

Herri haziak eta hibridoak

Era berean, entitate pribatu horiek haziekin egiten duten negozioa hazien ezaugarrietan ere oinarritzen da, eta, horren inguruan, argibide batzuk eman ditu Mendibourek, herri haziak eta hibridoak bereiziz.

Herri haziak dira etxaldeko haziak, erabiliak diren lekuetan hautatuak, aldakorrak eta anitzak. Kolektiboki trukagarriak dira eta jabetza librea dute. Hibridoa, aldiz, artifizialki bi gurasoen leinuak luzaz hautatu ondoren eraikitako hazi bat da, ezaugarri batzuk indarrarazi eta beste batzuk murriztu zaizkiona. Estandarizatuak dira eta antzuak, ez-errepikagarriak. Ez dira haien lurraldeari eta klimari egokitzen. Ekoizpen intentsiboetarako hautatuak dira hibridoak, usu jabetza pribatu baten menpe.

Alta, herri haziek kudeaketa kolektiboa galdegiten dute, eta laborarien trebetasuna, edo bederen jakintza bereganatzea edo berreskuratzea.

Bada, egungo egoerari begira, sortzen ari diren gatazkei heldu zien Mendibourek; izan ere, «2024ko uztailean Europako Batzordeak lege proposamen bat aurkeztu zuen orain arte indarrean egon den GEO berriei buruzko araudia desarautzeko, horien zirkulazioa errazteko, eta, aldi berean, GTBak GEO gisa sailkatzeari utzi nahian».

GEO eta GTB

GEO da genetikoki eraldatutako organismoa, hazi landare baten hazia. Landare horren material genetikoa (DNA) ingeniaritza genetikoaren bidez eraldatua izan da eta ezaugarri bereziak ematen dizkio, ohiko hautaketa metodoen bidez lortu ezin direnak.

GTB, berriz, Genomiko Teknika Berriak dira, laborategian sortutako haziak hauek ere. Genoma aldatzeko teknika berriak erabiliz material genetikoa aldatu zaien haziak dira, mutagenesi zuzendua edo edizio genomikoa erabilita beste espezie bateko DNA arrotzik sartu gabe.

Arriskutsutzat jotzen dute lege proposamen hori, besteak beste, hazien informazioa ezkutatzen duelako, laborarien ezjakintasuna eragingo duelako eta trazabilitate galera proposatzen duelako.

Beraz, «bihar, uzten badugu hori dena egiten, berdin ukanen ditugu gure egunerokotasunean, gure sukaldeetan, hazi batzuk horrela sortu direnak guri galdegin gabe zer nahi dugun laborantza sistema bezala», ohartarazi zuen herri hazien zaindari amikuztarrak.

Hondamendia

«GEO eta GTB hazi hibrido horiek hondamendi sozial eta ekonomikoak eragiten dituzte. Ez dituzte saltzaileek ematen dituzten promesak betetzen eta laborariak enpresen menpe jartzen dituzte. Ezin dira erreproduzitu eta denak patentatu dira. Ez dute frogatu ingurumenarentzako kaltegarri ez direnik. Bioaniztasuna murrizten dute eta laborategietan eraikiak dira, ez gizartearen jakintzarekin eta nahiarekin. Eta, berriz ere, trazabilitatearen galera pausatzen dute azkar», azaldu zuen.

Haziak eta landareak orokorki jabetza pribatuaren menpe izaten ahal dira eta horretarako bada tresna edo ziurtagiri bat. Hazia erosten delarik eta mota berri bat eraikitzen delarik, fitxa tekniko bat ematen zaie eta horrek permititzen dio enpresa bati material genetiko horren jabetza ukaitea. «Lexikoa ere garrantzitsua da. Ez dute aipatzen landarea edo hazia, baina material genetikoa usu aipatzen da. Horrek urruntzen du hazia, bizirik dena, gizartetik eta gure bizitik», adierazi zuen. «Orokorki bada eskema bat permititzen diona edo ez diona permititzen jendeari hazi batzuk erabiltzea eta badira salbuespen batzuk, ulergarriak direnak edo ez. Horretan ari gara gure bidea xerkatzen, ikusteko nola sartzen ahal garen edo ez hazi trukaketetan edo salmentetan».

Aipatu zuenez, badago arrisku bat bide horretatik ateraz gero legalak ez izateko, eta, ondorioz, Biharko Lurraren Elkartea egitura bezala finkatutako marko batean sartu behar dute. Ezinbestean egin behar dute, arriskuan ez jartzeko ez laborariak, ez baratzezainak, ez eta haziak erabiltzen dituzten jendeak ere. Egoera horren aurrean, hazien babeserako kolektiboen eta guztien saretzearen beharra azpimarratu zituen Niko Mendiboure BLEko kideak.

Jaurlaritza Logoa