En direct
Xboxen etorkizunari buruz hitz egin dugu sarritan Game Erauntsia irratsaioan. Kontsolen salmentak behera eginda, eta bideojokoen aldetik multiplataformara igarota, hardware sorta aldatzea izan daiteke Microsoft-en bideojokoen atalaren helburua: azken zurrumurruen arabera, PCetara joko omen dute.
Bi gailu mota prestatuko dituztela iritsi zaigu: alde batetik, mahaigaineko kontsola/PC hibridoa; bestetik, eskuko PCa, ROG Xbox Ally gailuaren antzekoa. Biek Windows 11 sistema eragilea edukiko dute oinarri, baina aginteentzako interfaze sinplifikatuarekin funtzionatuko dute; halere, ordenagailu arrunten ezaugarriak eta programak erabili ahalko lirateke.
RAM memoriaren eta biltegiratzearen krisiaren erdian gaude, halere. Prezioak gora egin ahala, lehenengo biktima handia ezagutu dugu: Valve. Steam Machine zein Frame gailua kaleratzekotan daude, baina oraindik ez ditzakete beren prezioak eta kaleratze datak zehaztu.
Overwatch 2, bestalde, berpiztu nahian dabil Blizzard. Lehen pausoa zoritxarreko ‘2’ hori ezabatzea izango da: Overwatch bezala ezagutuko da, berriro, heroi tiro joko ezaguna. Espantsio berria abiatuta, hamar heroi eta istorio berria gaineratuko dizkiote.
Nintendo-rekin bukatu dugu, hainbat albiste utzi baitizkigu. Salmenta datuekin hasi gara: Switch 2ak 17,37 milioi salmentak gainditu ditu, eta, Switch originalak, 155,37 milioiak. Bi Nintendo Direct emanaldi eskaini dituzte egunotan: bata, Tomodachi Life: Living the Dream jokoarena, eta, bestea, hirugarrenen Partner Showcase interesgarria.


