En direct

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

The Game Awards 2025: zeintzuk dira izendapen nagusiak?

Clair Obscur: Expedition 33, Death Stranding 2, Hollow Knight: Silksong… urteak titulu ikaragarriak utzi dizkigu, baina, zeinek eramango du GOTYa?

Audio_placeholder

The Game Awards 2025: zeintzuk dira izendapen nagusiak?

Loading player...

2025a bukatzen doala, bideojokozaleek urteroko hitzorduari erantzuteko garaia da: urteko bideojokorik onenen sari banaketei, hain zuzen. The Game Awards jaialdia da nagusia, eta, beste behin, berari begira jarri gara izendapen eta bideojoko nagusiak ezagutzeko.

Aurtengo uzta ederra izan da benetan, altxor ugari utzita bai AAA handien aldetik, bai indie txikienetatik: Donkey Kong Bananza, Clair Obscur: Expedition 33, Hades II, Death Stranding 2, Hollow Knight: Silksong, Blue Prince, Absolum, Mario Kart World… ez gara aspertu, ez. Ohi bezala, gure iritzia ematera ere ausartu gara, baina gehiegi busti gabe!

Beste albistetxo batzuk errepasatzeko aukera eduki dugu, baita. Elden Ring Nightreign titulu kooperatiboak eduki gehigarria iragarri du: The Forsaken Hollows azpitituluarekin, FromSoftware-k oinarrizko jokoa hedatzeko eta hobetzeko lanean jarraitzeko asmoa dauka. Protagonista, arerio eta objektu berriak gehituko ditu, besteak beste, baina guztiok buruzagi berriari begira jarri gara. Dark Souls originaleko Artorias zalduna bueltan da.

Urteko azken asteotan euskarazko bideojoko berrien zaparrada ikusi ohi dugu, eta aurten ere gauza bera gertatzen dabil. Hiru titulu berri jaso ditugu gure hizkuntzan. Hasteko, Josu Igoa zaleak Dead Cells roguelike maitatua zein bere DLC guztiak lokalizatu ditu, eta, gainera, Steam Workshop plataformaren bidez eskaini digu itzulpena.

Bigarrenik, Hugecalf Studios taldeak Stuck Together abentura kooperatibo dibertigarria kaleratu, eta Ander Goenaga garatzaileak ofizialki euskaratu du.

Bukatzeko, Tokiko Studios-ek Kofoin - Swarm Defense estrategia abenturaren aurretiazko sarbidea abiatu du, eta euskaraz joka dezakegu Game Erauntsia Elkarteak egindako lanari esker.

Jaurlaritza Logoa