En direct

Oiartza Pampliega eta Marko Ganuza

Euskal pasteletik rafting-era: bidaia kultural eta gastronomikoa Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriak oreka perfektua eskaintzen du itsasoa eta mendia maite dutenentzat, hiria nahiz landa-eremua, kultura eta kirola;  baina bereziki, ingurumena zainduz, bizi kalitateaz gozatu nahi dutenentzat.

Audio_placeholder

Euskal pasteletik rafting-era: bidaia kultural eta gastronomikoa Ipar Euskal Herrian

Loading player...
Euskal pastelaren tailerra egin daiteke  Euskal Pastelaren Museoan.
Euskal pastelaren tailerra egin daiteke Euskal Pastelaren Museoan. (Oiartza Pampliega)

Ipar Euskal Herrian asteburu bikaina pasatzeko hamaika plan interesgarri proposatzera gatoz. Ez baitira faltako kostako paisaien edertasuna liluratazeko txangoak, iparraldeko artisautza eta produktu tipikoak deskubritzeko bisitak eta gastronomiaz gozatzeko gomendiorik onenak.

Bidart: Pirinioak eta Atlantikoaren artean 
Bidart euskal kostaldeko herri txiki bat da eta, bere izenak ongi dioen bezala, bide artean topatzen da, Biarritz eta Getari artean. Gainera, Bidart Done Jakue gurtzera doazen erromesen ezinbesteko geltokia da. Bertako itsas paisaia liluragarrienak deskubritzeko modurik onena kostaldeko bideari segitzea eta begiratokiko panoramaz gozatzea da. Handik ikusiko dugu Bidarteko etxe multzoa Kantauri itsasoari begira, Ilbarritzetik Parlementia auzoraino zabaltzen diren itsaslabarrak eta, hegoaldera,  Pirineotako ikuspegi ederrenak Aiako Harria eta Larrun mendiekin.

Baina paisaia ederretatik haratago, Bidartek itsas historia errotua dauka. Jatorriz, 500 marinel baino gehiago zituen arrantza- portua izan zen kantauri itsasoko kostaldean balea arrantzatzen zen garaian. Horren lekuko Parlamentia hondartza da, non mendeetan elkartu ohi ziren Getariko eta Bidarteko arrantzaleak arrantzatutako balearen zatiak banatzeko.



Herriaren kaskoa ere bisitatu beharrekoa da, Sauveur Atchoarena plazaren inguruan antolatzen da kaskoa eta euskal  estiloko  etxe zuri eta balkoi koloretsuak dituzten eraikinez osatuta dago. Gainera, iparraldeko herri askotan bezala, eraikin nagusiak, hau da, eliza, udaletxea eta frontoia plaza nagusiaren inguruan kokatzen dira. Merezi du, ostiral arratsaldetan, plazako tabernetan dagoen giro politaz gozatzea Iroulegy kopa bat ardo zuri edaten den bitartean. Eta kopa hori Elissaldian bada hobe. Bidartek gordetzen duen sekreturik onena Elissaldia hotel-jatetxearen barruan dagoen trinketea da. Herriko gazteak eta helduak palaz jolastera joaten diren lekua da.

Bidarteko larunbateko azoka ezinbesteko geldiunea da Iparralderako bidaia batean, ikusi eta bizi beharrekoa. Eta Bidarteko plazan bertan jardun dugu Bidarteko Turismo bulegoko langilearekin, Ihintza Etxartekin, Bidarteko txoko kuttunak eta baita bere kirol eta kultura eskaintza hobeto ezagutzeko.

Euskal Pastela: Lapurdiko gastronomiaren ikurra 
Bidaia honetako esperientzia gastro-kultural garrantzitsuenaz gozatzeko: Euskal pastelaren tailerra egitera abiatuko gara gero Sara herritik bi kilometrotara kokatuta dagoen Euskal Pastelaren Museora. Museoa, Maison Haranean, Lapurdiko etxe tradizional batean kokatuta dago, euskal estilo berriaren kanonei jarraituz eraikia da: Egur zaharrak etxeko hegaletan , harri trinkoz osatutakoa eta egur zaharrez egindako habeak eta hegalak. Lehengo begiratuan, kanpotik nahiz barrutik interesa sortzen duen eraikin horietakoa da.

Taillerra egiteko sukaldean Bixente Marichularrek, euskal pastelaren artisauak,  harrera egiten digu. Eskuak garbitu eta pastela prestatzeari ekin aurretik, Bixentek, euskal pastelaren garrantzia Lapurdiko tradizioan eta horren jatorriari buruz kontatzen digu. Gozogileak dioenez, euskal bixkotxa, tradizioz, Lapurdiko baserrietan egiten zen gozoa da eta, gaur egun ez bezala, baserrian zeuden produktuak erabiliz sukaldatzen zen: arto-irina, gurina edo zerriaren koipea eta  frutak kremaren ordez.

Maison Haranea lantegi- museoa da, bertan jatetxe zein hoteletarako euskal pastelak egiten direlako, bai eta galletak, mermeladak eta beste motatako gozoak ere. Horregatik, ongi dakite Haranean zer hartu behar den kontuan pastela gozo eta bikaina egiteko. Euskal pastel egiteko sekretua, Marichularren hitzetan, erabiltzen ditugun produktuen kalitatea eta sukaldatzen jartzen den maitasuna dira.

Pastela labean sartu eta usain goxoak sukaldea hartzen duen bitartean, Bixentek euskal pastelaren gazi-gozoak ekartzen ditu hizpidera. Etxe bakoitzak bere errezeta izateko ohitura egon da orain arte, baina soka hori eten egingo da belaunaldi berriek euskal bixkotxa egiten eta errezeta gordetzean interesa azaldu ezean.

Labetik irtendako pastelak zein baino zein ederragoak dira tailerraren arrakasta berresteko bezala. Energiaz eta positibismoz kutsatu da giroa. Merezi du euskal bixkotxa nola prestatzen den ikastea eta batez ere, errezeta gordetzea.

Senpere: Sorginen herria
Indarrak berritzeko unea iritsita, Senpereko La Nivelle jatetxearen mahai inguruan eseriko gara bapo bazkaltzeko. Bertan deskubrituko dugu zer den 'café gourmand' eta baita Senperek sorginekin lotutako iragan iluna:  XVII. Mendean, Louis XIV. erregearen belarrietara iritsi zen Euskal Herrian sorginak euren kaxara ibiltzen zirela eta, hori dela eta, Frantziako erregeak Bordeleko Pierre de Lancre epaile-inkisidorea bidali zuen. Horrela, inkisidoreak 1602an Senperera iritsi eta bertako gazteluan ostatua hartu zuen. Pierre de Lancrek erabaki zuen Euskal Herrian sorginak bizi zirela eta sorginkeriak egiten zituztela, izugarrizko ehiza abiatuz euskal emakumeen kontra.


Lartigue 1910: Euskal artisautzaren ikononoa
Lapurdin barrena bidaiatzen jarraituko dugu euskal artisautzaren ikono bat ezagutzeko: Lartige 1910. Askaineko karriketan topatzen den euskal ohialgintzaren lehenengoetako tailler-fabrika bisitatuz,  historia eta kulturaren zati bat deskubrituko dugu.

Bearn eta ipar Euskal Herriak ohialgintzagatiko griña partekatzen dute, Lartige 1910  tailler-fabrikaren sorrera partekatzen duten bezalaxe. 1910ean 'Les Tissages Lartigue' Bearneko aurreneko ohialgintzako taillerra sortu zuten Calixte eta Anastasiok Oloron-Sainte-Marie herrian. Tailler hartan,  eta Oloron ibaiaren indarra probestuz, Mauleko espartinentzako ohiala fabrikatzen hasi ziren. 1980. urtetik aurrera espartinen merkatua murriztu egin zen, horregatik, beste fabrikazio mota bati heldu behar izan zioten: idientzako tapakiak. Tapaki horiek idiak intsektuen koskadetatik babesten zituzten.

2012.urtean Philipe Lartiguek, ehunleen 4. belaunaldiak, Askainen ireki zuen gaur bisitatzen dugun tailler-fabrika bere birraitonen omenez. Bertan, ohialgintzaren prozesuaren berezitasunak lehenengo eskutik ezagutzeko aukera dago, hala nola, ohialak ehuntzeko ia 4000 hari behar direla edota 800 eta 1000 metro arteko ohialak egiten direla hariak aldatu gabe.

Lartigue 1910 fabrika-taillerretan sei jostunek egiten dute lan, akatsak dituzten ohialekin ez direlako mantelak egiten, beste hamaika objektu baizik, adibidez: ogia gordetzeko saskitxoak, mugikorrentzako zorroak, diruzorroak...

Taillerra bisitatu ondoren, denda bisitatzea benetako tentazioa da, modako tendentzian dauden kolore biziak topatuko ditugu bertako lanetan. Mantel marradunak, Sukaldatzeko mantal dotoreak, diruzorroak, toallak... Kalitate goreneko artisautza-izendapen geografiko labela duena: 'Linge Basque'

Lartigue 1910 bisitatu ondoren Nahia Leconterekin, Pais Vasco Francia Turismo prentsa arduradunarekin, solastuko dugu artisauen pisua Iparraldean ezagutzeko, bai eta udako hilabeteetan Iparraldean izango den kirol eta kultur eskaintza ezagutzeko ere.

Donibane Lohitzunek hamaika aurpegi ditu
Iparralde artisautzaren loraberritze bat bizitzen ari da: makilak, espartinak, labanak, gozokiak eta moda zein ohialgintzarekin zerikusia duten sorkuntzak goi mailakoak direlako. Artisautzaren biziraute horren oinarrian, gainera, osagai sendoak aurkitzen dira, hala nola:  tradizioarekiko maitasuna, belaunaldi berrien konpromisoa eta ideia berriak eta berrikuntza. Azken finean, tradizioa eta modernitatearen konbinaketa ezinhobea.


Euskal Herriko artisautzaren konpendioa metro labur batzuetan aurkitu nahi bada, Donibane Lohitzuneko Gambetta karrika bisitatu behar da. Alde zaharreko oinezko kale nagusia, ederra eta biziki animatua izateaz gain, leku paregabea da paseatzeko eta oparirik onena topatzeko. Gambetta kalea merkataritza kalea da, hiriko gune neuralgikoa eta denda espezializatuen gune nagusia; horietako batzuk, ehun urte baino gehiago dituzte:  Pariès eta Adam gozodenda, Goikoetchea ontzigileena edota bisitatu berri dugun Lartigue 1910 tailler-fabrikaren denda.
Kaleetatik portura abiatuko gara iparraldeko kostaz gozatzeko Nivelle V.aren itsasontzi turistikoen irteera batean.

Donibane Lohitzunek autokarabana gunea eskaintzen du gua pasatzeko, baina autoz bidaiatuz gero,  Hasparneko Argia hotela aukera ona da atsedena hartzeko eta bertako gosari kontinentalaz gozatzeko. Primerako gosaria,bestalde, indarrak hartzeko eta bidaia honek eskaintzen dizkigun natura- esperientziaz disfrutatzeko.

Isturitz eta otsozelaiko harpeak
Lapurdiko mugak zeharkatu eta Nafarroa Beheraren bihotzeraino joan behar da Isturitz-Otsozelaia harpeak bisitatzeko. Adituen arabera, Isturitz eta Donamartiri udalerrien artean kokatu dauden harpe horietan duela 10.000 urte gizakia bizi izan zen eta, Paleolito garaiko garrantzia handiko aztarna paleontologikoak biltzen ditu, Aurreistoriaren ikerketarako gune garrantzitsua izanik.

Bi kobak, loturik izan arren, oso ezberdinak dira. Isturitzeko harpea, bisitatzen den aurrenekoa, 1920an deskubritu zen eta 1923an hasiera eman zitzaiion aurreneko induskatze kanpainari. Haitzuloa ehunka metrotan zehar hedatzen den galeria-sistema batek osatzen du. Bere estratu arkeologikoengatik da ezaguna, bertatik, milaka tresna atera dira: animalien hezurrak, harrizko eta marfilezko tresnak; baina batez ere, apaintzeko erabiltzen zituzten aleak: abalorioz egindako bitxiak.

Hala ere, Isturitzen aurkitutako tresnarik garrantzitsuenak saien hegalen hezurrez egindako 22 txirulak dira. Txirula horiek, gainera, garrantzia antropologiko berezia dute gizakiaren aro ezberdinetan kokatzen direlako, fabrikazio teknika berberak mantenduz, belaunaldiz belaunaldi transmisioa egin izan balute bezala. Isturitzeko gela handian txirula hauen soinuaren erreprodukzioa  entzun daiteke.

Otsozelai harpea, ordea, Isturitz baino handiagoa da eta mendian barrena, sakonago, zabaltzen diren kamera eta korridoreak ditu. Haitzuloa ezaguna da animalia irudiak eta sinbolo geometrikoak irudikatzen dituzten labar-grabatuengatik eta pinturengatik.  Otsozelaian elur-orein baten grabatuak gordetzen dira, bereziki interesgarriak, animaliaren hamabi irudi gainjarrita grabaturik ikusten direlako, non gizakek garai haietan jada perspektibaren ezagutza zutela eta baita marrazketaren zehaztapen maila agerian uzten duten.

Rafting Errobi ibaian
Historiaz goitik-behera blaitu ondoren, Errobi ibaiaren uretan sartuko gara Itsasu herrian. Naturarekin kontaktu zuzeneko eta aire libreko jarduerarik zirraragarrienaz gozatzeko proposamen bikaina da Errobi ibaian zehar, Bidarraitik itsasuraino, rafting jaitsiera egitea.

Errobi ibaia Euskal Herri osoan ezaguna da daramatzan ur biziak ezin hobeak direlako rafting jarduera praktikatzeko. Esperientzia honen sasoia apirila eta iraila arteko hilabeteetan hedatzen da. Aire zabaleko kirol jarduera gozagarria eskaintzeaz gain, Errobi arroilaren paisaiaren edertasunaz liluratzeko eta baita ibaiaren ekosistema gertutik ezagutzeko modua da.

Iparla mendiaren ikusmira eder eta hipnotizatzailearen oinetan, Auberge Iparlaren mahaietan eserita, lagunen arteko bazkari goxo batekin bukaera emango diogu bidaiari. Bertako txuleta errea datatuz eta Iroulegi kopa bat ardoarekin topa egiten dugu Iparraldearen alde, bertako gastronomia, paisaiak eta gordetako kultura eta tradizioek behin eta berriro itzularazten gaituztelako.

Jaurlaritza Logoa