En direct

NEREA:
Kaixo, Ander!
ANDER:
Banan-banan sendatu ere, zauri odoleztatuak. – Berean jarraitzen du, abesten.
NEREA:
Ander...
ANDER:
(Berean jarraituko du...)
NEREA:
Ez dut enbarazurik egin nahi, Ander, baina saioa hasi behar dugu.
ANDER:
Barkatu, Nerea! Napoka Iria taldearen 'Ibiltzeko gertu' abestiarekin dantzan nenbilen.
NEREA:
Taldea gustatzen al zaizu?
ANDER:
Ez dut asko entzun orain arte, baina Dani Irazoki 'Doinuetatik Haratago' podcastean hizketan entzun nuen aurrekoan, eta bere gomendioetako bat izan zen.
NEREA:
Egia da abestiak baduela dena geldiarazteko boterea.
ANDER:
Miren Narbaizaren ahots berezia Ander Mujikaren gitarrarekin fusionatzeko modua oso ederra izan da.
NEREA:
Dani Irazoki beratarrak hauxe esan du abestia aukeratzeko:
AUDIOA | Dani Irazoki
NEREA:
«Ander Mujikaren gitarra jotzeko sentsibilitateak erakutsi zidan badagoela gitarra jotzeko beste modu bat».
ANDER:
Asko gustatzen zait Gartxotek egiten duen 'Doinuetatik haratago' podcasta. 'Bigarren kafea' saioan aritzen da asteazkenetan eta oso talde eta abesti interesgarriak ezagutu ditut, bertan ematen diren gomendioei esker.
NEREA:
Bertan astero gonbidatu bati bere musika gomendioak egiteko eskatzen dio eta, horri esker, talde eta abesti berriak ezagutu ditzakegu.
ANDER:
Hauxe izan zen aurreko saio baten aurkezpena:
AUDIOA | Dani Irazoki
ANDER:
«Ongi etorri, saioaren atal berri honetara. Badakizu hemen, astero legez elkartzen garela doinu berri batzuk ezagutu eta gure belarriak goxatzeko».
NEREA:
Astero legez astero bezala edo astero (egiten dugun) moduan egituren baliokidea litzateke.
ANDER:
Hala da. Modua adierazteko balio dute, eta beraz, nola galderari erantzuten diote.
NEREA:
Adibide batzuk emango ditugu: «Zuk esan duzun bezala egin dut dena».
ANDER:
«Zuk esan duzun moduan egin dut dena» edo «zuk esan legez egin dut dena».
NEREA:
«Atea behar bezala ixten ez baduzu, zarata egingo du».
ANDER:
«Ariketak irakasleak esan dituen legez egingo ditugu».
NEREA:
Gartxotek esan duen moduan, «aste honetako gonbidatua zinez berezia da».
AUDIOA | Dani Irazoki
NEREA:
Larrungo gainean dago Kaiola Benta, eta, bertan, Kabia kultur proiektua.
ANDER:
2019an ekin zion ibilbideari eta ordu ezkeroztik hainbat kultur ekintza antolatzen dituzte.
NEREA:
Bere sortzaile diren Danik eta Itziarrek dioten bezala, «Nafarroaren eta Lapurdiren arteko mugan egoteak, lurraldeak hurbiltzen dituen puntua izatera eraman behar gaitu».
ANDER:
Berriro ere bezala egitura erabili duzu!
NEREA:
Hori da gaur ikasten ari garena eta!
ANDER:
Orain arte ikasitakoaz gain, bezala/bezalako, moduan/moduko eta legez/legezko bereizi behar ditugu.
ANDER:
Nola galderari erantzuteko bezala erabiliko dugu: «amak bezala dantzatzen dut».
NEREA:
Nolakoa galderari erantzuteko, berriz, bezalako erabiliko dugu: «ama bezalakoa zara», «amak bezalako arropa janzten duzu beti».
ANDER:
Gauza bera gertatuko da moduan/moduko eta legez/legezko hitzekin:
NEREA:
«Zuk esandako moduan egin ditut ariketak», «aitak esan duen modukoa zara: jator, alai eta dibertigarria».
ANDER:
«Nahi duzun legez egin dezakezu hori». «Zure moduko jertsea darama gaur gure lankideak». Ziur aski azken egitura hau bezalako baino gutxiago erabiltzen dugu.
NEREA:
Modua adierazten ikasi dugu gaurkoan!
ANDER:
Horretarako bezala, moduan eta legez hitzak birpasatu ditugu, baita euren aldaera batzuk ere.
NEREA:
Gainera, zu abesten entzuteko aukera izan dugu. Txoriek bezalako ahots goxoa daukazula ohartu gara!
ANDER:
Badakit ez dudala Miren Narbaizaren moduan abesten, baina oso gustuko dut abestea!
NEREA:
Edonola ere, gogoko dugu zu entzutea!
ANDER:
Oraingoz ez nauzu tarte batean gehiago entzungo, gaurkoa azken saioa dugu eta!
NEREA:
Beti esan dugun legez, plazera izan da elkarrekin saio hauek grabatu eta entzuleen aldamenean euskara eta beste hainbat kontu ikasten aritzea!
ANDER:
Hala da, bai! Espero dugu zuek ere gurekin gozatu izana!
NEREA:
Eta orain, bai! Beste batera arte!
ANDER:
Izan zoriontsu!!!!
NEREA:
Agur!
Hemen entzun dezakezue 'Doinuetatik Haratago' podcasta Dani Irazokirekin.


