En direct
Nagore Legarreta hernaniarrak argazkilaritza baliatu du herrialde desberdinetara bidaiak egiteko. 2013-2016 bitartean hiru aldiz izan zen Indian eta beste hirutan Nepalen. Bidaia haietatik ekarritako argazki eta esperientziak biltzen dituen 'Suzko irudiak' argazki-bilduma argitaratu berri du.
Argazkilaritza ikastaro bidaiak antolatzen ditu Legarretak: 2017an adibidez, Polonia izan zuten helmuga. Joan den urteko uztailean Kuban, Habanan, hiru asteko egonaldia egin zuten. 2025eko udararako ere Senegalerako bidaia prestatzen ari dela aipatu digu Legarretan NAIZ irratiko ‘Bidaiari’ saioan.
Txikia zela, aitari lapurtutako argazki kamerak izan ziren erabili zituen lehen makinak. 2003. urtean, Hernaniko egunkarian lanean ari zela, argazkiak ateratzea egokitu zitzaion eta garai hura «guztiaren hasiera» izan zela kontatu digu Legarretak. Galdera berriak egin eta gauzei buelta emateko sena du hernaniarrak, eta horrek ikerketara bultzatzen du; horrela sortzen du Nagore Legarretak.
Hamabost eguneko bidaiak izan dira India eta Nepalera egindakoak. Mumbai bisitatu zuten, eta Ganges ibaia pasatzen den Varanasi hiria baita ere. Indiako jendetzak, musikak, koloreak… «oso desberdinak» direla dio Legarretak eta iritsierako bizipenak «ez ahazteko modukoak» izan zirela kontatu digu.
13-14 laguneko taldean, konfort eremutik kanpo, «deserosotasun horretan bidaiatzeari esker», pertsona bezala hazi egin direla nabarmendu du. Kontaktu zuzenak zituzten bertan, eta ia zerbitzurik ez zegoen guneetan, bertako buruzagiekin berriketan aritu eta gero topatzen zuten atseden hartzeko lekua. Bertakoekin elkarbizitza betean, bertakoen erritmora bizitzea zen gakoa.
Argazkilaritza estenopeika
Argazkilaritza estenopeika izan da bidaia hauetan erabili duten argazkiak ateratzeko tekniketako bat. Argazkiak modu honetara ateratzeari esker, bertakoekin sortutako harremanak bereziak izan direla dio Legarretak.
Kamera estenopeika, oso kamera sinple bat da, kartoi kutxa batekin egin daiteke. Ohiko lentearen ordez kutxak zulo txiki bat behar du izan, oso txikia. Funtzionamendua nahiko sinplea da. Kutxa ilun bat sortu behar da (garrantzitsua da kutxaren barrualdea guztiz iluna egotea). Kutxaren alde batean zulo txiki bat egiten da, normalean orratz batekin. Orratz zulo horrek bermatuko du argi-izpi bakar bat kutxara igarotzea. Argia zulo txikitik sartzen da eta kutxaren barruko aldean, kontrako aldean dagoen material sentikorraren gainean irudi bat proiektatzen du. Material hau argazki-filma edo papera izan daiteke.
Teknika honi buruz gehiago jakiteko, argitaratu berri duen 'Suzko irudiak' liburuari buruz gehiago jakiteko, edota datorren uztailean Senegalera egingo duten bidaiaren berri jakiteko, entzun ezazu Legarretarekin izan dugun solasaldia.