En direct
Supraland jokoari buruz hitz egiteko gogoarekin zebilen Damian, eta azkenean lortu du Game Erauntsia irratsaiora ekartzea. Mundu txikitik hasita, proposatzen digun premisa erraldoia da, denetariko generoak eta mekanikak uztartzen dituen indie obra zoragarrian bilakatuz.
Metroidvania jokoen, puzzle abenturan eta sandbox tituluen elementuak uztartzen ditu sei garatzailek osatutako Supragames taldearen jokoak. Hasiera batean, premisa txiki batekin jokoan sartzen zaituzte, eta zure jostailuzko herria salbatzeko ardura ematen dizute. Baina ez duzu inolako botere, trebetasun eta jakituriarik: horiek bereganatzen joango zara misio desberdinak gaindituta. Abentura, erronkak, borrokak eta umore zoragarria ikusiko ditugu, eta aipatutako guztiak haratago doaz Six Inches Under eta Crash eduki gehigarrietan.
Azken berriak hartuta, Raymanen itzulera ezagutu dugu. Ubisoft frantsesaren aspaldiko maskota mitikoa berpizteko asmoa dago, baina ez dakigu noiz, ezta nola ere. Berregitea izango ote, ala abentura guztiz berria? Michel Ancel sortzailea aholkulari lanetan dabilela dakigu, baina itxaron egin beharko dugu. Zergatik aipatu duten hau? Prince of Persia: The Lost Crown bikainaren taldea desegin dutela ahaztu nahian dabiltza Ubikoak.
Monster Hunter Wilds desiratua ere ekarri dugu gurera. Capcom-eko japoniarrak indar betean dabiltza bere marketing kanpainarekin, eta azken pausoa beta irekia iragartzea izan da: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataforman burutu dute, jokoaren tutorialak zein lehen misioak bizitzea proposatuz. Bideojoko osoa, baina, 2025eko otsailean ikusiko dugu.
Gure Steam Deck maitatua ekarri dugu beste behin saiora, eguneraketa egonkor erraldoia jaso baitu: SteamOS sistema eragilearen 3.6.19. bertsioak dozenaka hobekuntza dakartza. Metal Slug Tactics itxurosoa azaroan iritsiko zaigu; gainera, Analogue 3D kontsolak Nintendo 64ko jokoetan 4K bereizmenean jokatzea ahalbidetuko digu; bukatzeko, Age of Empires II mitikoak eduki gehigarri interesgarria jasoko du egun gutxi batzuk barru.