En direct
«Lemoiz borrokak irabazi daitezkeenaren adibide bat da»
Frankismoaren ondorengo garai nahasien testuinguruan, Euskal Herria nuklearizatzeko saiakera bat izan zen, zentralik ezagunena: Lemoiz. Iñaki Petxarroman kazetariak prozesu horren aurkako mugimenduen testigantzetatik abiatutako liburua osatu du.
«Lemoiz borrokak irabazi daitezkeenaren adibide bat da»
Lemoizko zentral nuklearraren proiektua bertan behera utzi zutenetik berrogei urte pasa dira. Baina nork edo zerk utzi zuen bertan behera? Erantzuna ez da sinplea. Euskal Herrian urte haietan izandako mobilizazio iraunkor eta sendorik gabe zaila da irudikatzea ia bukatuta zegoen proiektu bat bertan behera geratzea. Iñaki Petxarroman kazetariak Lemoizko zentral nuklearraren kontra Euskal Herrian aurrera erman zen prozesu horren aurkako mugimenduen testigantzetatik abiatutako liburua osatu du: 'Lemoiz. Herri garaipen bat nuklearizazioaren aurka' (Txalaparta, 2024).
'Lurra zorua bailitzan' (2010), 'Su haietatik ke hauek' (2012), 'Ezezagunerako bidaia' (2020), Lemoizi buruzkoa orain... Ingurumen kazetaritza liburuetara eramanez ari zara bidea egiten.
Aukera hau sortu zait eta nik ere bilatu dut. Jorratzea gustatzen zaidan gaia da eta aukera ematen du historiari erreparatzeko. Txalaparta argitaletxeak bilduma bat du frankismo hondarreko memoria historikoari erreparatzen diona liburu labur formatuan eta horren parte da azken hau. Oso garai interesgarria da eta landu nahi da nolakoa izan zen eta nola markatu duen geroko Euskal Herriaren historia.
Transmisiorako katebegi baten premia sumatzen da?
Garai gogorrak izan dira, ondorio askotakoak, eta askotan kosta egiten zaigu zenbait gauzaz hitz egitea eta plazaratzea. Hausnartzeko daukagu zer iragan ari garen transmititzen.
Lemoiztik badago gaur egunera zer ekarri? Zer ikasi?
Nik uste baietz. ‘Garaipen’ hitzak atentzioa emango dio baten bati, zeren oso borroka gogorra izan zen, nahastu zen, baita ere, borroka armatuaren baliabidea. 10 hildako izan ziren eta, beharbada, batzuei irudituko zaie ‘garaipen’ hitza ez dela egokiena. Baina, egia da, baita ere, herriaren eta gizarte sektore zabalen egitasmoa zela Euskal Herriaren nuklearizatzeari aurre egitea eta hori lortu zen. Era berean, ezin da ukatu ETAk izan zuela esku-hartze gogor eta eraginkorra eta batzuek badute halako gogo bat herriari kentzeko izan zuen protagonismoaren parte bat. Zeren, hori hala izanda ere, ezin izango zen ETAren esku-hartzearekin bakarrik Lemoiz bezalako proiektu bat gelditu, eta ondorengo historian baditugu adibideak, esaterako, abiadura handiko trenaren borrokan edo Leitzarango autobidean. Horietan, proiektuak aurrera joan dira era batera edo bestera. Beraz, Lemoiz bada paradigmatikoa eta borrokak irabaz daitezkeela erakusten duen adibide bat.
Faktore gehiago
«Gaur egun, energiaren %80 inportatzen dugu, asko jatorri nuklearrekoa. Beraz, nuklearizazioari aurre egin eta borroka hori irabazi zaio, baina badaude hausnartzeko moduko beste faktore batzuk»
1972an hasi zen Estatu espainiarraren nuklearizazio prozesua, Francoren gogoz.
Energia nuklearraren jatorria militarra izan zen. Gobernu askoren asmoa izan da eta da bonba atomikoa beren esku izatea. Horretarako, energia erauzteko baliatuko ziren zentralak planteatu zituen Francok, horietako asko Euskal Herrian. Ez zen ausaz egindako gauza bat, baizik eta bereziki lurralde honi estimu handia ez ziolako egindakoa.
Hasieratik omen zegoen argi auzi hori ez zela energetikoa bakarrik, baizik eta nazio askapenari ere bazegokiola.
Hasieratik ikusten zuten inposizio bat zela Estatu espainolak Euskal Herriari egin nahi ziona; gainera, ondorio larriak izan zitzakeena ingurumenean. Eztabaida handiak izan omen ziren nola egin esku-hartze militar bat herri mugimenduan eragin gabe. Hala ere, nahiz eta herriak mila modutara erakutsi ez zuela halako proiekturik nahi, aurrera zihoan eta ez zegoen galdeketa egiteko borondaterik.
Liburuan errepikatzen den galdera da: orduan, nork geldiarazi zuen Lemoiz?
Politikariek atera zuten ondorioa izan zen ETAk geratu zuela; besteak beste, horrek aukera eman diolako Lemoizi, alegia, Iberduerori, jasotzeko jaso dituen kalte-ordain guztiak. Urteetan luzez ordaindu dugu argindar fakturetan Lemoizi zegokion ehunekotxo bat eta hori ez zen posible izango, geratzearen eragilea herri mugimendua izan zela ondorioztatu balute.
Liburua irakurtzean saihetsezina da egungo egoerari ez begiratzea.
50 urtetan mundua hainbeste aldatu da… Duela 50 urte ‘Hazkundearen mugak’ txostena egin zuten eta hor ikusten hasi zen daramagun hazkunde prozesu honek mugak dituela. Planetak berak biofisikoki dituen mugak gainditzen ari garela gero eta nabarmenago geratzen ari den errealitatea da. Badago beste kontu bat: garaian, petrolioaren krisia gertatu zen eta prezioen inguruko gorabehera handiak izan ziren, baina klima aldaketaren gaia, egun bizi dugun bezala, erregai fosilen erabilerak eragindako mundu mailako larrialdi egoera, ez zegoen hain presente.
50 urte igaro dira eta jarraitzen dugu Euskal Herrian mendekotasun energetiko handiarekin. Energiaren %80 inportatzen dugu eta, asko, jatorri nuklearrekoa da. Beraz, nuklearizazioari aurre egin eta borroka hori irabazi zaio, baina badaude hausnartzeko moduko beste faktore batzuk.