En direct

Ritxi Aizpuru

Asier Serrano: «Argi nuen ez nuela bizi nahi. Bizitzari nion beldurra, ez heriotzari»

Asier Serrano kantari-idazleak  3 disko argitaratu ditu Lorelei taldearekin, bakarka beste 3 disko. Bereak ditu 4 nobela, 7 poesia-liburu ere. Literaturan Lubaki banda sortzailetako bat da, eta euskal talde askorentzat hitzak idatzi ditu.

Audio_placeholder

Asier Serrano: «Argi nuen ez nuela bizi nahi. Bizitzari nion beldurra, ez heriotzari»

Loading player...
Asier Serrano eta Ritzi Aizpuru 'Otea Lili' saioan
Asier Serrano eta Ritzi Aizpuru 'Otea Lili' saioan (NAIZ irratia)

Mingain librearekin erantzun ditu ‘Otea Lili’ irratsaioko galderak Asier Serranok, eta bere sustrai filosofikoak eta soziologikoak azalera ekarri ditu: bizitza, heriotza, buruaz beste egitea, eutanasia…

Serranok bere bizitzako pasarte gordin bat konpartitu du gurekin: «Ez nuen bizi nahi, bizitzeko beldur nintzen, eta ez nintzen heriotzaren beldur. Dena den, hor beste lanketa bat dago. Hemen bizitzen uzten duzun horrentzat putada bat da, maite duzun horren eskuetan uzten dugulako sufrimendua, norberarena bukatu baita heriotzarekin». Esaldi sentiberak garden azaldu ditu Asier Serranok solasaldian zehar. Oilo ipurdia behin eta berriro jarri zaigu haren hitzekin. Hauek dira solasaldirako aukeratu dituen taldeak: Lorelei, Asier Serrano, Su Ta Gar, Haizea, Eñaut elorrieta eta Itoiz. Disfrutatzeko parada berbaldi sakona dela medio.

Esaldi sentiberak garden azaldu ditu Serranok solasaldian zehar. Oilo-ipurdia behin eta berriro jarri zitzaigun haren hitzekin.

Garai batean edariaren zurrunbiloan ibili zinen; idazle eta artista askok hartu izan dute bide hori.

Nik uste dut idazlearena bakarkako lana dela; norberak bere oihua bilatzen du eta oihu hori nola kaleratu. Eta bakardade horretatik publiko egiten den momentu hori, zubi hori, nahiko lotsaz ematen da. Niri gertatzen zitzaidan ez neukala neurririk; gaur egun ere ez dut kirolarekin eta beste gauza askorekin, eta beti esan izan dut nahiago dudala ezer ez kontsumitu dosi bakarra kontsumitu baino, horrek beste gauza batzuetara eramaten nauelako. Edaria niretzat bazen gitarraren distortsio baten modukoa.

Bederatzi urte noa alkoholik edan gabe, batez ere topea eman nuelako. Bizitza erdian bost bizitzatakoa edaten duenak badu hor zer hausnartua. Lagun batek esaten zidan: ‘Askoz gehiago maite zintudan edanda zeundenean’. Nik uste dut hautu pertsonal baten ostean, gitarraren distortsioa utzi eta gitarra akustikoa hartuta, askoz garbiago ikusten direla gauzak. Guzti horren atzean bazen lotsa, nola ailegatu, antsietate kontuak. Ez naiz kolektibo zalea. Miresten dut pertsona bera bere biluztasunean. Eta alkoholak horretara eramaten ninduen, bakarrizketa horretara, nire alde ilunera, eta gero zetorren gaizki moldatutako kolektibo batean sartzea. Eta betiko tranpa: edaten nuen batez ere mozkortuta zeudenak ez aguantatzearren.

Egia da hautu pertsonal bat izan zela eta, orain esaten dut, kimika aldatzen denean fisika ere aldatzen da. Hau da, nire gaixotasun guztiak eta nire hipokondria guztiak alkohola utzi nuenean gertatu ziren.

Jon Alonsok orain gutxi egin dioten elkarrizketa batean dio banitate handia dagoela eta «ninismoa» ere erabat indartsu dabilela idazleen artean.

Bai. Ohikoa da hori artearen eta kulturaren munduan. Bakoitzak bere oihu hori oihartzun bilakatu nahi du. Beti pentsatu izan dut euskal literaturan liburu bat idaztean idazleak ez daukala kritikaren zain egon beharrik: badaki ze liburu mota idatzi duen, ze kritika etorriko zaion. Gure mundua txikia da, gure ustezko euskararen nazio hau txikia da, denok ezagutzen dugu elkar eta bakoitzak bere lekua bilatzen du hor. Eta ahots ezberdinak sortzea zaila da; batez ere, irakurlerik apenas dagoenean. Orduan, nik uste dut hor borroka bat badagoela nork gehiago oihukatu eta oihartzun hori ahalik eta bortitzen bota.

«Amama» kantuan, hiltzera doan pertsona bati agur esan zenion.

Gauza kuriosoa gertatu zitzaidan. Amona hil zen eta ordurako Loreleiren saltsa guztian nenbilen, etxetik kanpo, lehen aipatu dugun “ninismo”, banitate edo egolatria horretan sartuta, eta ez nuen askorik sufritu amonaren heriotza. Gertatu zitzaidana da gero kezkatu egin nintzela: ez dakit zenbat malko bota behar diren gehien maite duzun hori agurtzeko, eta nik uste dut kantu honek liberatu egin ninduela. Bi hilabete pasa ziren, kezka horrekin nenbilen eta, halako batean –orduan Zarautzen bizi nintzen eta gauez paseatzen nintzen malekoitik–, ez nengoen ez drogatuta ez alkoholizatuta, nahiko lurtar eta, nahiz eta ez dudan mistizismoetan sinesten, melodia bat etorri zitzaidan. Etxera joan, gitarra hartu eta bost minutuz amonarekin hitz egin nuen. Mendebaldeko euskalki horretan kantu hori konposatu nuen. Inspirazioak lanean harrapatu behar zaitu.

Despeditzeaz ari da, eta heriotzaz: ez daukagu langintzarik eginda heriotzaren inguruan. Nik, duela gutxira arte, halako gaixoaldi gogor bat pasatu nuen eta urduritasun handiagoa sortzen zidan berriro ere eszenatokira igotzean pentsatzeak, heriotzan pentsatzeak baino. Akaso friboloa dirudi, baina heriotza dramatismo gutxiagorekin hartu beharreko kontua dela uste dut. Nahikoa zorte txar daukagu jaiotzerakoan jaiotza guk ez aukeratzen... erabaki dezagun gure heriotza nolakoa nahin dugun.

Eutanasiari buruz ari zara, beraz?

Bai. Eutanasiaz, norberaren heriotzaren jabe izateko eskubide horretaz. Gaitz horrekin, nik pandemia beste era batera pasa nuen, belarriak tapatuta, eta bizkar-muineko gaitz bat izan nuen. Ez nuen bizi nahi, niri sartu zitzaidana bizitzeko beldurra izan zen, eta ez heriotzaren beldurra. Gero gertatzen dena da ze presio dagoen, ze lanketa dagoen horren atzean. Putada bat da, baina askotan norberaren eskubidea maite dituzunen bihotzetan geratzen da: hiltzen denak ez du sufritzen bere buruari akabera ematen dionean guztiz. Hor badago dekalogo bat: norberak bere buruaz beste egiteko baldintzak dira gurasoak hilik izatea, 18 urte baino gehiagoko seme-alabak izatea eta beste hainbat kontu... eta nik asko ez nituen betetzen. Orduan, bazen putada bat. Gaur egun beste lanketa batzuk eginda, uste dut indartsuago nagoela. Baina, egia esan, nik bizitzari diot beldurra, ez heriotzari.

Lehen alkohola aipatu dugu, drogak, eta azkenean zaurgarrienak adinean gora doazen pertsona horiek dira, zaintza aringarrietan daudenak. Hor jendea dopatu egiten dute. Botikak on egiten digu?

Orain esan dezaket brometan ni Minaren Unitateko pazientea naizela: min neuropatiko kroniko bat daukat besoan eta, gainera, ez dago ezer horri aurre egiteko. Oraingoz ez da asmatu. Mina agertu zitzaidanean, pandemia osteko garai horretan, botika fuerteak hartzen nituen: antikonbultsionanteak, antiepileptikoak, antidepresiboak... Negua zen eta goizeko seietan bainujantziarekin eta musukoarekin –orain era guztiz erridikulu batean ikusten dut nire burua, guztiz otzanduta–, hondartzara joan eta bainua hartzen nuen. Ez dakit itsasoaren korronteak eramateko edo pilulek eragindako tontakeria kentzeko edo hotzak mina arintzeko. Oraindik ere ez daukat argi. Minaren Unitateko medikuei askotan aipatu izan diet: ‘Beti aipatzen duzue bakoitzaren mina bakarra dela’, eta orduan, erantzuna da mina erabat subjektiboa bada, zergatik tratatzen den era horren objektibo batean, denei pilula berak emanez. Minaren Unitateko pazienteak morfinaz eta fentaniloz lepo betetzen dituzten 80 urteko gizon-emakumeak dira gehienak, eta hori dramatikoa da, osasungintzak ez duelako hartzen Minaren Unitatea era serio batean: itxaron-zerrendak izugarriak dira eta minak hil egiten du.

Terapia bera minarekin bizitzen ikasteko da. Tratamendu alternatiboak ere probatu izan ditut eta ni nire minaren erdibidean nago; gaur egun lasaitzen nauen kontu bakarra nire alaba da. Nire alabak bi urte bete behar ditu eta beste ilusio batzuk eman dizkit. Nire alabak salbatu egin nau, onerako zein txarrerako. Drogen inguruan: garai batean hartzen nituen droga ilegalek on egiten zidaten; gaur egun hartzen ditudan droga legalek kalte egiten didate.

«Gerrari bai» diskoan, 2003an, «Aberriaz» abestia dago. Non dago aberri galduaren karrika?

Nire jarrera politikoa, gazte-gaztetatik, suposatutzat eman izan da, eibartarra naizelako, euskaratik sortu dudalako nire nazio izate nahia. Eta nire arma hitza izan da. Era oso hotzean hartu izan dut beti ‘gure gauza’ deitu izan den gatazka hau. Askorik ez naute inpaktatzen garai batean hildakoek, batekoek zein bestekoek, erabiltzen ziren estrategiak gerra estrategiak zirelako, eta abesti hau horren inguruan doa.

Jarrera politiko bat suposatu izan zait, normalean egiazkoa, baina kantu honetan ere esaten dut sinboloek ze presio daukaten, ze min eragiten duten, batez ere nigan. Ez naiz fededuna, ez dut sinesten eraikitzen saiatzen ari garen nazio honen ibilbide konkretu honetan, ez dut sinesten hizkuntzarik gabeko nazioetan, eta oso erraza iruditzen zait bandera edo ikur batzuen, izen konkretu batzuen atzean, patriota izatea. Iruditzen zait errazkeria bat, eta uste dut herri honek hori egin duela. Ni puntu objektiboetara joaten naiz. Nik euskaraz badakit, hori da nire hizkuntza, nire nazioa sentitzeko modua. Beraz, euskaraduna naiz, euskalduna ez dakit naizen. Sinboloetan ez dut sinesten. Agian gogorra naiz, baina ikurrinaren funtzio bakarra nire bizitzan ipurdia garbitzea da.

Gauza askok min ematen didate oraindik ere. Nola planteatu izan den hau, eta ekidistante izatearen kontu hori gaineratzearena: zuria edo beltza, bando bat ala bestea. Gris asko dago, eta nirea beti izan da grisera jokatzeko modu bat, baina nazio batean sinistuz, Euskal Herri batean sinistuz. Baina euskararen herria, eta hori ez da emango, eta ez da eman.

 

Jaurlaritza Logoa