En direct

Eli Pagola

«Borroka lokala ez da ikuspegi lokal blokatu bat»

Urriaren 5 eta 6a ate joka ditugu eta eurekin batera, 'Autonomiatik erein' topaketak. Kinka egituraren baitan dabiltzan  zenbait talde autonomok jardunaldiak antolatu dituzte Lezoko Txerrimuñon. Proiektuak elkar ezagutzea, saretzea eta indarrak batzea da helburua.

Audio_placeholder

«Borroka lokala ez da ikuspegi lokal blokatu bat»

Loading player...
'Autonomiatik erein' jardunaldien egitaraua
'Autonomiatik erein' jardunaldien egitaraua (Autonomiatik erein)

Ekoizpen komunalak, ongizatea, faxismoaren gorakada, lurraren defentsa, memoria eta beste hamaika kontuk osatzen dute 'Autonomiatik erein' egitaraua. Datorren urriaren 5ean eta 6an eramango dira aurrera Lezoko Txerrimuñon eta gertuko espazioetan. Tartean, Iparragirre oihanera bisita egingo da memoria antifaxista eta herritarren basogintza autogestionatua ezagutzeko. Lurraren defentsan aurrera eramandako esperientzia eta molde ezberdinen inguruan hausnartuko da eta Euskal Herriko Ekoizpen Komunalen Antolaketaren inguruko hitzaldia egingo da ' Baserriaren nostalgia edo supermerkatuaren fobia' izenburupean. Jardunaldia  antolatzen ari diren Loretxu Bergouignanek, Ainhoa Gutiérrezek eta Nerea Belokik eman dizkigute azalpenak.

Zeren bila antolatu dituzue topaketak?

Loretxu Bergouignan: Topaketen antolatzeko elkartu gira hainbat autonomo Oarsoaldean, Buruntzaldean eta Donostialdean. Eramaten ditugu borroka lokalak eta egoerei erantzuteko gure ideiekin bat egiten duten borrokak, eta nahi genuen hemengo autonomo guztien artean elkar gurutzatzeko aukera izan, proiektuen trukaketa sortu eta elkar indartu.

Norentzat dira?

L: Publiko zabalarentzat baina ongi etorriak autonomo sentitzen direnak eta, bereziki, kolektiboki biltzen direnak autonomia ereiten. Gure ikuspegia da borroka eraman behar dugula kolektiboki eta autogestioan, horregatik, ari gara hainbat borroketan: etortzen gira borroka antiarrazistetatik, transfeminismotik, lurraren defentsatik eta beste hainbat borroketatik. Uste dugu eskualde honetan badirela hainbat borroka eta hainbat kolektibo elkartzen direla eta, agian, denak ez gira ezagutzen, beraz, garaia da elkartzeko eta elkar indartzeko.

Autonomiak ulerkera desberdinak izan ditzake.

L: Debateak ukan ditugu definitzeko. Gu ibiltzen gara kapital logikatik kanpo antolatzeko nahi batean, autogestioan kolektibotasunetik. Horrela ulertzen dugu autonomia. Modu ez hierarkiko batean antolaturik gaude; gainera, estatugintzak bultzatzen ditu zapalkuntza kultural batzuk eta garrantzitsua da horiei aurre egitea, beraz, euskaraz antolatzen gira; bestalde, ekintza zuzena gure borroka praktikara eramateko modua da, onartzen ez ditugun gizarte egiturak alboratu nahiari erantzuteko modua. Gaurdanik, gure baloreekin bat egiteko bizimoduak entseatzen, irudikatzen eta gorpuzten ditugu, jakinik, hala modu ibiltzen garela eta elkarlaguntza aunitz behar dela.

Topaketetan presentzia handia du ekologismoak, bi maha-ingurutan ageri da.

Nerea Beloki: Bai, larunbatean 'Baserriaren nostalgia edo hipermerkatuari fobia' mahai-ingurua izango dugu eta igandean 'Lurraren defentsa'-ri buruzkoa.  
Ainhoa Gutiérrez: 'Baserriaren nostalgia edo hipermerkatuari fobia'-n parte hartuko dute modu autonomo eta komunalean kolektiboki ekoizten duten hainbat proeiktuk. Denek dute amankomunean elikaduraren autonomia bilatzen dutela baina, baita ere, elikaduratik haratago, bizitzaren osotasunari begiratu nahi diotela eta tresnak lortu nahi dituztela komunitate bat babesteko.

N: Izenburuak islatu dezake bi eredu nahiko kontrajarriren egoera eta gogoetatu nahi duguna da zerk eramaten gaituen autonomia horretan mugitzera.

A: Baserria izan daiteke sinbolo bat zeinetan bertan ekoitzi eta kontsumitzen zen momentu batean eta partitu nahi genuen irudi horretatik baina ez lehengo garaietara itzuli asmoz, baizik eta pentsatzeko gaur egun zer hartu dezakegun eredu horretatik eta nora eraman nahi degun eredu hori. Hipermerkatuak argi dago sistema oso bestelakoa erabiltzen duela ekoizteko eta salmentarako baina, aldi batean, iristen da hiri batera edo eremu zabal batera. Pentsatu nahi genuen nola pentsatu daitekeen sistema horretatik kanpo baina erantzunez autokontsumoa baino haratago doan gizarte bati.

N: 4 parte hartzaile izango dira: Herrizoma elikadura sarea (Gasteiz); Galdakaoko elkarlaguntza sarea (Galdakao); Haritu elkarlaguntza sarea (Iruñerria) eta Balbona suport mutuo (Kantonale, Katalunia)

Eragileak ez dira topaketak izango diren eskualde berekoak. Erreferentzialtasun bila?

L: Esan dugu lokaletik ibiltzen garela gure borroketan baina azkenean lokalki ibiltzen garenok beste lokalekin elkarlanean ibiltzen gara askotan eta, beraz, Iruñerrikoak, Gasteizkoak-eta beti ditugu trukaketan eta hori berez doa. Borroka lokala ez da ikuspegi lokal blokatu bat baizik eta helburu globalerako denok lokalki aritzea.

N: Eta hori sustatu nahi dugu komunitatea idealizatu gabe. Badakigu askotan komunitateen baitan erreproduzitzen ditugula botere harreman asko, patriarkalak eta arrazistak, besteak beste, eta interesgarria iruditzen zaigu ekarri nahi ditugun proiektuak saiatzen direla ikuspegiak kontuan hartzen eta praktikan txertatzen.

Lurraren defentsan dabiltzan mugimenduen mahaia ere badago.

A: Oso lotuta daude eta presentzia handia dute topaketetan. Mahai-ingururako bildu nahi izan ditugu lurraren espekulazioaren eta makroproiektuen aurka altxatzen diren esperientziak. Bertan parte hartuko dutenen artean daude OSTIA sarea (Ipar Euskal Herria); Aroztegia (Baztan) eta EH Bizirik (Hego Euskal Herria) eta beste hizlari batzuk oraindik ez daudenak konfirmatuta.

Komunean asko al dute?

L: Amankomunean asko dute, besteak beste, etsaia. Gainera, errepresio asko bizi dute borroka guztiek, beraz, garaia da hauek entzuteko. Esaterako, baztandarrek errepresio handia bizi dute momentu honetan, isun handiak eta kartzela-zigorrak dituzte eta, beraz, behar zaie hitza eman eta elkar lagundu. Jendea elkarlaguntzen da eta borroka berdina da, zeren, azkenean, kapital sistemek (nolabait esateko) estrukturak eta lurra erabiltzen dute ber moduan: salmentarako eta populakuntzak zer behar eta nahi duen kontuan izan gabe. Herriak erresistitu behar badu jabe eta saltzaileei berdin zaie. Borroka berdinak da lekuz leku eta biziki inportandea da erresistentzia ere lekuz leku mugitzea.

Izen emateak https://is.gd/autonomiatik_erein

Jaurlaritza Logoa