En direct

NAIZ Irratia
Entrevue
Asier Etxenike
Soziologoa

«Independentismoak badu bere inguruan halako ulerkera bat gatazkarekin lotzen dena»

Naziometroaren VI. edizioak iragarri du gehiago direla Euskal Estatua babesten dutenak honen aurka daudenak baino. Hau dugu ikerketaren lerroburu nagusia, baina gehiago jakin nahian eta honi zifrak ezartzeko Asier Etxenike, soziologoa eta Aztiker etxeko ikerketa burua izan da NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Independentismoak badu bere inguruan halako ulerkera bat gatazkarekin lotzen dena»

Loading player...
Asier Etxenike.
Asier Etxenike. (Jon Urbe | FOKU)

Naziometroaren VI. edizioko ikerketa Euskal Herri osoan egin dute, eta horretarako, 1400 inkesta baino gehiago egin dituzte apiriletik maiatzera bitartean. Galdekatuetatik %35,2ak euskal Estatua lehenesten du eta %26,8 kontra daude. 2020ko azaroan egin zuten Naziometroaren lehenengo neurketa, eta orduan %43k zuen euskal estatuaren aldeko jarrera. Bizpahiru urtetan zortzi puntu inguruko jaitsiera izan zuen aldekotasunak, baina azken inkesta honetan hamarreko batzuk irabaztea lortu dutela azaldu du ikerketa buru Asier Etxenikek: «Tartea txikia da, baina behintzat ikusten da goitik beherako jaitsiera jarrai hori eten egin dela». Kasu honetan, euskal estatuaren aurkako jarrera dutenekiko tartea «handitu» egin da.

Izaera eta sentipenei dagokienez elementu deigarria Nafarroatik dator. Hemengo biztanleak, nafarrak sentitzen dira bereziki. Naziometro hau egiterako garaian «pertenentzia sentimenduan» sakontzen saiatu dira. Euskal Herri osoan euskal sentimenduagatik duten atxikipenaren inguruan galdetu zuten; baita Hegoaldean espainiar sentimenduagatik, Iparraldean frantziarragatik eta Nafarroa Garaian nafar sentimenduagatik zuten atxikipenagatik ere. Bertan ikusi zuten eremuen arteko konbinazio desberdinak ematen direla, oro har: «Ikusi dugu euskal sentimendua dela nabarmen atxikipen gehien sortzen duena Euskal Herri osoan. Espainiar edo frantziar sentipenak tarte handiagora gelditzen dira. Nafarroa Garaiaren kasua konplikatuagoa da: badaude nafarrak soilik sentitzen direnak, nafarrak eta euskal herritarrak sentitzen direnak, espainiarrak sentitzen direnak...» Beraz, Etxenikek azaldu duenez, «nafar sentitzeak ez du definitzen izaera edo identitate bakar bat», eta hori «agerian» geratu da inkesta honetan.

Independentziaren edota euskal estatuaren alde?

Asier Etxenikek azaldu du inkestaren emaitzetan ikusi dutela Espainia eta Frantziatik independizatzeko gogoaz galdetzean «kontrakotasuna» dela nagusi. Aldiz, aurkako emaitza jaso dute testuinguru politiko adostu batean euskal estatuaren alde edo kontra egingo luketen galdetzean. Emaitza hori jasota, horretan sakondu nahi izan dute, eta hurrengoa da atera duten emaitza: «Independentismoak badu bere inguruan halako ulerkera bat gatazkarekin lotzen dena. Ondorioz, badago jendarte sektore bat atzera egiten duena, eta horregatik independentziagatik galdetzen bada ezezkoak irabazten du». Baina aldiz, gehitu duenez, «marko adostu» bat ezartzen bada, jende horrek iritziz aldatzen du eta euskal estatuaren alde egiten du. Horrekin lotuta, «identitateen arteko lotura» bat ere aurkitu dutela azaldu du: «Euskal identitate indartsuagoa daukatenak independentziaren -eta beraz, euskal estatuaren- alde argiago agertzen dira, eta euskal identitate arinago bat daukatenak zalantza gehiagorekin eta distantzia handiagoarekin bizi dute. Hauek testuinguruaren arabera, horren alde edo kontra lerratzen dira».

Azken aldian hainbatetan entzuten da gazteak eskuinera egiten ari direnaren baieztapena. Bada, Etxenikeren arabera, inkestaren emaitzak aurka egiten dio horri: «Inkesta honetan ikusten da gazteek ziurtasun gehiago daukatela jende nagusiak baino, eta kasu honetan erabakitzeko eskubidearen alde askoz gehiago egiten dute gazteek nahiz eta horietako batzuek euskal estatuaren kontrako jarrera daukaten. Behintzat, erabakitzeko eskubidearen aurrean gazteak adostasun gehiagorekin agertzen dira jende nagusia baino».

Bestalde, argitu dutenez, pertenentzia sentimendua euskarak eragiten du bereziki, beste elementuetatik gaindi: «Ikusi duguna da badaudela balio komun batzuk oso adostasun maila altua lortzen dutenak. Tartean daude hizkuntza, kultura, kultur aniztasuna, historia eta natura, besteak beste». Badaude beste puntu batzuk «ahulago» daudenak: «herri harrotasuna, konpromiso zibikoa eta parte hartze politikoa».

Jaurlaritza Logoa