En direct
Agerraldi jendetsu baten bidez bidez, berriki ezagutarazi dute Aroztegia proiektu urbanistikoaren kontrako mugimenduan parte hartu dutenek gainean duten errepresio mehatxua. «Pelotazo urbanistikoa» gauzatzearen aurka, hondeamakinak lanean hasi zirenean haiek oztopatzeko asmoz protesta egin eta identifikatu zituzten 2021ean.
Elurre Iriarte eta Garbiñe Elizegi plataformako kideek NAIZ Irratian esan dute bazekitela isunen bat edo jasoko zutela, baina ez espetxe zigor eskaria. «Asimilatu nahian» dabiltza. Alabaina, sistemak nola funtzionatzen duen badakite eta nola amaitzen den ikusiko dela diote: «Badugu Euskal Herrian esperientzia errepresioarekin eta beste adibide bat da. Espero genuena baino gehiago da eskatzen dutena, baina lan handia egingo dugu hori ez gertatzeko».
Talde kriminala, «marra gorria»
Talde kriminala egozteko, derrigortze eta mehatxuak egon zirela protesta haietan diote eta bi urteko espetxe zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat. Bestetik, talde kriminal horretako parte izateagatik beste urte bat. Bi auzipetuok ohartarazi dute ez dutela hori leporatzeko frogarik eta epaiketa politikoa dela: «Erabaki politikoa da zazpi lagun zigortzea. Benetako asmoa, lurraren defentsan ari garen herritarrak kriminalizatu eta aurrrekaria sortzea etorkizunean horrelako borroketan desobedientzia zibila eragozteko».
2021ean izan zen obren kontrako borroka. Hasieran zortzi edo bederatzi ziren inputatuak, eta tarte honetan esperoan egon dira. Hemendik aurrera beste martxa bat hartuko du auziak epaitegietan. «Erantzuteko eta bide hori lantzeko momentua da, absoluzioa eskatzekoa eta zigor ekonomikoa kentzekoa», esan dute. Baztandarren Biltzarra ospatuko da heldu den igandean eta sostengu ekonomikoa lortzen hasteko lehen urratsak emango dituzte.
Proiektua etenda bai, baina ez «hilda»
Hotela, golf zelaia eta 200dik gora etxebizitza eraiki nahi dituzte Lekaroz herri txikiko nekazal lurretan. Ilegalizazio garaian, Udalak birkalifikazio bidez eman zuen baimena. Ondoren, Udala aldatu eta gehiengoa proiektuaren aurka agertu zen. Hori ikusita, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko proiektu estrategikotzat definitu zuen, Foru intereseko izendapena eman zion eta erraztasun gehiago enpresari tramiteetan. Palacio Aroztegia SL hasi zen desjabetzeak egiten, nekazal lur pribatu eta publikoak. Salaketa ezberdinak medio, ebatzi zuen epaileak esleipena legez kanpo egin zela eta baseliza ez dela eurena. Arazo horiek hor dituzte, baina udalez gaindiko eragina duen plan hori momentuz martxan dago eta nahi izanez gero martxan jar dezakete.
Bestalde, 43 milioi euro eskatu zituen enpresak lanak bertan behera uzteagatik. «Konpentsazioak eskatu dituzte, ez dakigu gehiago», esan dute Iriartek eta Elizegik. «Hasieratik bukaerara arte lotsagarria izan da zentzu askotan eta hau beste bat da. Eurek etekin ekonomikoak nahi dituzte, espekulazio bidez. Bestela, diru publikotik aberastuko dira konpentsazioa eskatuz pelotazo urbanistikoa gaizki atera zaielako», diote.
Elkartasun kanpaina jarriko dute martxan eta lehenetsi dute Euskal Herriari egoera azaltzea, lehenik. Ondoren, kanpaina handiagoa hasiko dute datozen hilabeteotan.