En direct
‘Behinhola’ aldizkariak ospakizun urtea du aurtengoa. 25 urte bete ditu haur eta gazte literaturan espezializatutako aldizkari honek, publikazio bikoitzarekin ospatuko dute zenbaki borobila. 49. eta 50. alearekin.
‘Behinhola’ Galtzagorri elkartearen paperezko abentura da (soinu abentura ere badu, Gonagorri Podcasta, NAIZ irratian ere zabaltzen dena). 1999an ikusi zuen argia aldizkari honek lehendabiziko aldiz, eta geroztik «hutsik egin gabe publikatu dira aleak urtero» azaldu digu Izaskun Jauregi Galtzagorriko kideak eta Zebrabideko kideak.
Publikazioa aldatu da bai edukien aldetik, baita formatu aldetik ere. «Oso harro gaude zabaldu ditugun edukietaz» esan du Izaskun Jauregik. Aldizkariaz hitz egiteko Mirian Luki ere gehitu da solasaldira, bera baita egun aldizkariko arduradunak.
Kaleratu zen lehen ale hura 750 pezetan paratu zuten salgai, eta hurrengo publikazio mila pezetan jarri zen. Egun, 12 euro 50 zentimo balio du aldizkariak. Urtean bi ale kaleratzen dira eta badago harpidetzeko aukera, urteko 25 euro.
Haur eta gazte literaturari buruzko artikuluak, erreportajeak, ipuinak, liburu iruzkinak...biltzen dira Behinhola aldizkarian. «Behinhola bitartekariei eskaintzen diegun erreminta bat da. Jakintza esparru bat nahi du izan, hausnarketarako eta sormenerako esparru bat. Baina haurrei eta gazteei zuzenduko tarteak ere badute, noski».
Bereziak izango dira 49. eta 50. aleak, etorkizunera begira jarri eta jolastea erabaki baitute. Nolakoa izango da haur eta gazte literatura etorkizunean?