En direct

Suari begira jarri gaitu Soa talde mutrikuarrak estreinako beren lanean

‘Suari so’ deitzen da metal boskote mutrikuarraren lehendabiziko diskoa. Hamaika kantu ditu, tartean Itoiz taldearen ‘Hilzori I’ kantuaren moldaketa. Jagoba Urrutia, Aitzol Collazo, Aitor Sagarmendi, Jon Joseba Azpiazu eta Ibon Aginaga dira taldea osatzen duten kideak.

Audio_placeholder

Suari begira jarri gaitu Soa talde mutrikuarrak estreinako beren lanean

Loading player...
‘Suari so’ izeneko lana kaleratu du Soa talde mutrikuarrak, beren ibilbideko lehena
‘Suari so’ izeneko lana kaleratu du Soa talde mutrikuarrak, beren ibilbideko lehena (BEGIPUNTUAN)

Metal munduan disko dezente ateratzen dira urtero-urtero Euskal Herrian. Garai batean publiko orokorrago batengana iristen zen musika izanagatik ere, emaria ez da gehiegi gutxitu azken urtetean, publiko fidela baitu metalaren munduak.

Hala, 11 kantuz osatutako diskoa kaleratu dute Soa mutrikuarrek. Adin tarte zabala hartzen duen taldea dira, batzuk besteek baino esperientzia gehiago dutenak, eta proiektu desberdinetan ibilitakoak. Indarra da nagusi haien musikan, metalaren pisua eta abiadura, potentzia dosi handi batekin Mutrikuko AME Estudioan bertan Axular Arizmendirekin grabatu dutena.

‘(I)Hesi’ kantua da diskoa irekitzen duen kantua. Pasarte erritmiko eta melodikoak partekatzen dituzte migrazioaren gaiari helduta. Gai sozialak landu dituzte nagusiki hitzetan, ‘Zapalduen matxinada’ abestian aipatzen duenari zentzua emanaz disko guztian. «Zapaltzaileak ez baitu zapaldua ikusten», Soakoek diotenez. 

Estudioko lana nahasketan eta ondorengoetan nabaritzen da ‘Paralisia’ kantuan, filtroekin eta bestelako efektuekin jolas dezente egin baitute. ‘Lerde pozoia’ kantuan, berriz, klasikoagoa den intro bat osatu dute, gitarretan ere metal klasikora gerturatzen diren soinuak emanaz. Dinamika asko matxismoaren gaitza salatzen duen abesti indartsu batean.

Oso nota baxuetan hasi eta afinazioa horretarako baliatzen dute ‘Ase ezin’ abesti metaforikoan. Pixkanaka epikotasuna hartzen joaten dira gitarrek gora eta gora egiten duten abestian. ‘Enbata’ kantuari sarrera egiteko bidea ematen du, sonikoki horixe baita abestia, enbata bat, ekaitza, bukaeran baretzen den arren.

36ko Gerrako pasarte bat baliatuta, sistemari kritika zorrotz egiten diote Soa taldekoek diskoari izena ematen dion ‘Suari so’ abestian. Berriz ere pasarte epikoak ditu, oso melodikoak, baina indarra eta amorrua nabariak dira, kantuak sekulako abiada hartzen du-eta. Baina metal disko batek ezin du gitarra solo ederrik gabe bukatu eta nabarmenena zortzigarren abestian sartu dute Soakoek. ‘Gortuak’ kantuan etorri da solo hori, musika industriaren kritika gordetzen duen abestian. 

Gerrari buruz eta gotorlekuen inguruan hitz egiten dute azken bi kantuetan, ‘Odolaren hierarkia’ eta ‘Hitzen gotorlekua’ kantuetan. Azken honetan, gainera, zubererazko pasarte bat ere gorde dute. Diskoa ixteko, beste talde mutrikuar baten, Itoizen, ‘Hilzori I’ kantuaren moldaketa egin dute.

MusikHaria saioan izan ziren diskoa aurkezten eta zuzenekoen zain daude orain.

Jaurlaritza Logoa