

Zuzenean 09:00h - 11:00h
Bigarren Kafea
11:00h - 11:15h
Haria 2 aurrerapena
11:15h - 12:00h
MusikHaria

Azken urteetan bestelako proiektu musikaletan ibili ondoren, berriz ere metalaren mundua besarkatu eta Izan Bai proiektua martxan jarri du Ixak Arruti Aranburu (Usurbil, 1986) abeslari eta gitarra-jotzaileak. Garaian Mendeku Itxua taldean ibilitakoa, orduko harremanei tiraka osatu du taldea. Martin Larrañaga herrikide eta taldekide izana da bateria-jotzailea eta metalaren mundua ongi ezagutzen duten Ibon Aginaga gitarra-jotzaileak eta Urtzi Olaziregi baxu-jotzaileak osatzen dute laukotea.
Bederatzi kantu grabatu dituzte Zumaiako Ozen estudioan, Jurgi Taboada teknikari lanetan izan dutela, eta metal klasikotik dezente edaten du. Trash eta power metaletik gertu dauden abestiak dira, melodikotasun handikoak. Bizitza bizitzeko dagoela kontatzen digute hitzetan mezu orokor gisa, izan norbera maitatzeko mezua, Palestinako sarraskia, sexualitatea edo aitatasuna abiapuntu moduan hartuta.
Kantuz kantu analisi sakona egin genuen Naiz Irratiko MusikHaria saioan, goian entzun dezakezuen moduan.
Hasi dira zuzenekoak ere eskaintzen, lehenengoa etxean izan zen, Aginagako Eliza Zaharrean. Datozenak martxoaren 15ean, Berastegiko gaztetxean; hilaren 22an, Tolosako Bonberenean; apirilaren 18an, Zarauzko garagardo azokan; eta maiatzaren 17an, Donostiako Larratxo Kultur Etxean izango dira.
Metalaren maitaleek badute erreferentzia berri bat.