Zuzenean 07:00h - 12:00h
Asteburuko Haria
12:00h - 13:00h
Kontatzera Noazu
13:00h - 14:00h
Bideokluba
OZEN estudioan osatu du Izan Bai taldeak bere lehen lana. Bertako abeslari den Ixaak Arruti izan dugu gaur Bigarren Kafean, eta proiektu berri hau nondik jaio den azaldu digu. Urteak dira Ixaak lehen aldiz eszenatokira gainera igo zenetik, eta azken urteetan beste proiektu askotan parte hartzen ibili den arren, hastapenetan jorratutako metal estiloko kantuetara itzultzeko beharra sentitu zuen. Behin abesti zerrenda osatuta, lagunez inguratzea erabaki, eta Urtzi Olaziregi, Martin Larrañaga eta Ibon Aginagarekin Izan Bai sortu zuen. «Sortzeko grina piztu zitzaidan berriz eta etxekotze prozesu bat bezala sentitu dut proiektu hau» dio.
Abestien sorkuntza prozesuaren inguruan ere hitz egin dugu harekin. Kontatu digunez, lehen aldiz hartu du letren sorkuntza bere gain. Eta erronka handia izan da. Momentu zailetan ikusten denaren inguruan idatzi du, orokorrean. Baina, baita bizitzak dituen gauza ederragoen inguruan ere. Musika arma bat dela esan du, eta duen botere aldarrikatzailea erabiltzeko beharra sentitu duela. Gitarra hartu eta Dudan Dena Zugatik abestu dio alabari. Eszena musikalean geroz eta galduago dagoen inperfekzioa aldarrikatu du, eta kantuen hirugarren zatien alde dagoela esan du. Abestiari bidea egiten utzi, eta behar duen tartea eman behar zaiola uste du. «Bizitzaren abiaduratik ateratzeko, abesti luzeak egin ditut, ez dut presarik izan» Urtarrilaren 31ean argitaratu zuten Dena Galdu Baino Lehen diskoa. Eta izen bereko kantuarekin bukatu du elkarrizketa. Pianoa erabilita, ahots indartsu batekin.
Izan Baiek bere lehen kontzertua emango du Aginagako Eliza Zaharrean otsailaren 22an. Arratsaldeko 18:00etan. Haien inguruan gehiago jakiteko, entzun Bigarren Kafean egindako elkarrizketa.