En direct

Bigarren Kafea

Xabier Badiola: «Etxekotasun eta goxotasun soinu hori topatu nahian ibili naiz»

Xabier Badiola izan dugu gurean estreinako lana aurkezten. Taldeetan ibilitakoa da Xabier, eskarmentu handikoa,  baina hau izan da bere izenpean, eta folk kutsupean kaleratu duen lehen kantu sorta.

Audio_placeholder

Xabier Badiola: «Etxekotasun eta goxotasun soinu hori topatu nahian ibili naiz»

Loading player...

Xabier Badiolaren lehen lanak iraganetik edaten duen soinua eta egiteko era duela esan liteke, bere estiloak baduelako duela hamarkada batzuetan hain ohikoa zen soiltasun hori, atzean lan izugarria duena, noski. Bere egiteko modua, lehen disko honen nondik norakoak eta sorkuntzarekiko ikuspegia ezagutzeko gonbidatu dugu gurera.

Diskoan bildu dituen doinuak noiz eta nola sortu zituen galdetu diogu lehenik. «Alde batetik bestera mugitzen hasi eta kantuak sortzen hasi nintzen. Beste taldeetan ere banenbilen, eta ez neukan behar beste denborarik neure kantuei behar beste denbora eskaintzeko. Uda batean etxean grabatzea erabaki nuen». Aurreko udaran grabatutako diskoa da, aipatu digun bezala, gurasoen etxean, bere moduan eta grabazioaren zein produkzioaren ardura hartuaz.

Formatu soila da Xabierrena, gitarra eta ahotsa nagusi, biluztasunaren gorazarre eder bat. Bide berri honen hautua nondik etorri ote den galdetu diogu. «Kantuak eskatzen du gero zein formatutan eskaini. Beste taldeetan jotzeak guztia bete behar izateko ideia eragiten du eta nik bakarrik gauzak beste modu batera egin ahal izan ditut. Asko gustatzen zaizkit folk diska soilak baina oso landuak direnak teknikoki. Abestiak teknika bat lantzearen bidetik etorri dira».

Aitortu digu ere, lanketa horretan entzule amorratua badela, iturriak bilatu eta bertatik edaten duen horietakoa. «Oso musikazalea eta musikaren inguruko guztiaren zalea izan naiz. Gustuko diskoak oso sakon aztertzen ditu. Estudioak alderatzen ibili nintzen baina jabetu nintzen etxeetan ere grabatzen zirela diskoak. Hori egitea erabaki nuen. Etxekotasun eta goxotasun soinu hori topatu nahian ibili naiz».

Nabari da teknikari eskainitako tartea eta diskoaren lanketaren atzean dagoen lana, atzean ordu eta erabaki asko dituena. «Nire buruarekin oso exigentea naiz baina denbora aurrera doa, ekoizpen lanak egin behar dira… Autoexigentzia batzuetan ondo dator baina besteetan ez. Jakin egin behar da noiz utzi».

Soinuaren trataeran ere, iraganera egindako bidaia dirudi diskoak, nahiz gaur egungo presentzia hori ere baduen. «Lo-fian sartu gabe, estudiotik pasatzean txiki geratzen da garbi geratze helburu horretan. Pixkat narrastea zen nire helburua. Lehen, muga teknikoen eraginez, gauzak bat-batekoagoak ziren. Gaur egun beste filosofia batetik datorren musika entzuten da. Etxean grabatuta, kanpoko mundua disko barrura sartzen da».

Kantaeran ere antzeman daiteke gure inguru honetan hain ezagunak diren iraganeko askoren usain berezi hori. «Duela bi urte ikasi nuen abesten. Folkak barrura kantatzea ahalbidetzen du. Diskoan funtzionatzen du. Barnerakoitasuna da lortzen dena. Euskal Herrian tradizio luzea daukagu folkean eta jazzean. Folkean espazio asko hutsik dago eta horrek imajinaziorako bidea ematen du. Egia da, folklore terminoak apur bat tranpatik ere badu. Oso mundu zabala da. Herri musika da».

Euskal Herrian betidanik zian dugun joerak baditu, gaur egun ere, erakusle ugari, eta horren inguruan aritu gara, folklorea bera, modu batean edo bestean, instrumentalizatu den honetan. «Euskal Herri mailan folklore elementuak modurik naturalenean uztartzen dituzten artistak iparraldean daude. Hegoaldean euskal musika mainstream puntu batean dago. Euskal mainstreama ez da mainstreama eta ez dakit hain eroso egon beharko genukeen. Betiko moldeetan erortzen gara».

Proposamen interesgarria, benetan, Xabier Badiolak lehen disko honetan aurkeztu diguna. Izango da aukerarik, datozen hilabeteetan, zuzenean ikusteko, beraz, adi!

Jaurlaritza Logoa