En direct

‘Iluneko sua arrotz’ disko akustikoa kaleratu du Dei talde mutrikuarrak

Iñigo Bravo eta Aitzol Urkiza mutrikuarrek zazpi kantuz osatutako diskoa kaleratu dute. Axular Arizmendiren AME Estudioan grabatutako lana da, etxe giroan, beraz. Hasi dira zuzenekoak ematen, baina aste honetan talde moduan estrainekoz arituko dira Eibarren.

Audio_placeholder

‘Iluneko sua arrotz’ disko akustikoa kaleratu du Dei talde mutrikuarrak

Loading player...
Iñigo Bravok eta Aitzol Urkizak osatzen dute Dei taldea.
Iñigo Bravok eta Aitzol Urkizak osatzen dute Dei taldea. (Eneko ELEZGARAI)

Sintetizadoreak, gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa eta ahotsak. Bestelako zertzeladaren bat edo beste, baina askoz gehiago ere ez du Dei bikoaren debuteko ‘Iluneko sua arrotz’ diskoak. 

Hala, ahotsetan moldaketa desberdinak egin behar izan dituzte diskoa osatzerakoan. Ez du zerikusirik ‘Simuna’ kantuan, ‘Pausua’-n edota ‘Deriban’ diskoa ixten duen abestian nola entzuten diren kantu melodiak. Abesti bakoitzak giro bat baitu eta kantuaren mesedetan jarri baitute ahotsa bi mutrikuarrek.

Baladak, izpiritu rockeroagoa duen kanturen bat edo beste edota harmonikari esker desertu inguruko country kutsua ematen dionen bat ere entzun dugu diskoan. Guztia letra landuekin eta mezuz beteta, Urkizak kontu horietan Saia Goait taldean egiten zuen bide berari eutsi baitio Dei proiektuan Bravoren babesean.

Banda formazioan orain

Biko moduan hasi ziren eta edozein txokotan jotzeko moduko proiektua osatu zuten Bravok eta Urkizak. Baina, orain, talde moduan aurkeztuko dituzte beren kantuak Eibarren, ostiral honetan, maiatzak 24, Ezdok Zaizoi tabernan. Aitor Aristondo eta Mikel Tellabide batu zaizkie taldera eta abestiek beste forma bat hartuko dute, ziur. Kontzertu horretan, gainera, eibartarra den Jon Moma ere arituko da. 18:30ean izango da Moma eta, atzetik, 20:00etan, Dei taldea. 

Motorrak berotzeko, diskoa eta MusikHaria saioan izandako elkarrizketa dituzue entzuteko moduan.

Jaurlaritza Logoa