En direct

Maskak taldea estreinako diskoarekin ‘Buruz buru’ aritzeko asmoz dator

Itsasutik eta Bidarraitik datozen lau gaztek osatzen dute Maskak taldea. Aurretik Kakolak proiektuan ibili ziren batzuk elkarrekin, baina egiten zuten musikari buelta bat eman eta pop mundura gehiago gerturatu dira orain Betti Albor, Patxi Cazenave Battitt Etchart eta Thomas Saragueta.

Audio_placeholder

Maskak taldea estreinako diskoarekin ‘Buruz buru’ aritzeko asmoz dator

Loading player...
‘Itsasutan‘ jaialdian aurkeztuko du Maskak taldeak ‘Buruz buru’ estreinako lana.
‘Itsasutan‘ jaialdian aurkeztuko du Maskak taldeak ‘Buruz buru’ estreinako lana. (Haitian OLHAGARAI)

Rockaren eta poparen bueltan sortutako hamabi kantu dira Maskak taldeak estreinako lanean plazaratu dituenak. ‘Buruz buru’ aritzeko asmoz datoz eta izen bereko kantuarekin irekitzen dute diskoa. Teklatu soinuek Kerobiaren hastapenak ekartzen dizkigu adin bat dugunoi gogora, baina hard rocka besarkatzera ere iristen dira gitarraren soloa entzunez gero. Buruz buru aritzearen zera hori hitzetan ere aurkitzen dugu, bakoitza den bezalakoa izan eta barruak agintzen diguna egitea aldarrikatzen baitu abestiak.

Gazteak izanagatik ere abestietan sumatzen da nostalgia ukitu bat. Oso pop garbia eta reggaea uztartu dituzte ‘Gibelka’ abestian eta estilo horiek gazteagoak ziren garaia ekartzen diela gogora kontatu digute guri. Lehen singleak ematen dio jarraipena, ‘Ekin ala gabe’, power-pop eta brit-poparen artean kokatu genezakeen abestia. Leire Casamajou Elkegarai da hitzen egilea eta norberaren bizitzaren jabe izateko ekin egin behar dela nabarmentzen du kantuan.

Musika terapia moduan erabiltzen dugula maiz esaten den zerbait da eta hori bera kontatzen dute ‘Arima galdua’ abestian Maskak taldekoek. Ahotsak zainduak dira disko guztian, baina, hemen, sintetizadorearekin batera melodia ederrak sortu dituzte unisonoan. Goxotasuna du abestiak. Hala ere ez du asko irauten goxotasun horrek, ‘Arrabost’ kantuan amorrua eta indarra direlako nagusi. Gazte askoren kezka den norbere herrian bizitzeko ezintasunaren afera jartzen dute mahai gainean Maskak taldeko kideek.

Baina maskak kentzeko asmotan badira ere, eta diskoa horren inguruko aldarrikapenez beteta badago ere, ‘Antzerki’ kantuan guztiz kontrakoa gertatzen da. Depresioaren gaia jorratu dute eta maskak gaitza tapatzeko erabiltzen ditugula aipatzen dute. The Strokes edota Arctic Monkeys bezalako taldeen mundura goaz abestiaren sarreran jotako gitarra riffarekin.

Mistizismoa eta epika duen ‘Saia’ kantuarekin diskoan aurrera goazela, bapatean, espero gabe, techno kantu batekin egiten dugu topo zortzigarren pistan. Aro digitalean bizi gara eta sare sozialen, mugikorren eta halakoen menpekotasuna duela askok eta kezka hori bere egiten dute ‘Adikzio’ abestian.

Behetik gora doan ‘Eztanda egin gabe’, tempo eta metrikan jolasten iibili diren ‘Biharkoa’, amorrazioz unea bizitzera gonbidatzen gaituen ‘Denbora doa’ eta galera baten aurrean sortzen den ‘Bere eskutan narama’ abestiak dira gainerakoak. Azken honek Bradley Cooper eta Lady Gagak abestu zuten ‘Shallow’ ekarri digu gogora. Guztia Paxkal Etxepareren gidaritzapean grabatu dute.

Asteburuan etxean

Dagoeneko hasi dira diskoa batean eta bestean aurkezten eta uda honetan izango da haiek zuzenean ikusteko aukerarik. Baina Itsasu eta Bidarraikoak direla esan dugu Maskak taldeko kideak, eta, ostiral honetan, maiatzak 24, ‘Itsasutan’ jaialdian izango dira. Itsasuko gazteriak antolatutako gaualdian Atzarbale, Dj Üzkülüz eta Dupla taldeak izango dituzte ondoan Maskak taldekoek. Buruz buru aritzeko moduko kontzertua, beraz.

Jaurlaritza Logoa