En direct

Eli Pagola
Entrevue
Hodei Rodriguez
Jauzi Ekosoziala ekimeneko kidea

«Logika ekozidatik urruntzeko aldaketa erradikala eman behar da»

2023ko hasieratan aurkeztu zen Jauzi Ekosoziala dinamika eta, orain, 2024ko maiatzean, eragile bezala aurkeztu da, izen berarekin, Jauzi Ekosoziala. Euskal Herrian ekologismoaren soka luzea da eta eragile honekin segida emateaz gain, begirada bateratu bat gehitu nahi da.

Audio_placeholder

«Logika ekozidatik urruntzeko aldaketa erradikala eman behar da»

Loading player...
Hodei Rodriguez, Jauzi Ekosozialeko kidea.
Hodei Rodriguez, Jauzi Ekosozialeko kidea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Zer dela eta erabaki duzue eragiletzarako pausoa ematea?

2021eko amaieran, 2022ko hasieran bilera ireki bat egin zen Eibarren planteatzeko ea merezi zuen ekologismoak Hego Euskal Herrian zerbait berria eratzea edo elkarlan handiago bat bilatzea. Orduan, lehen pausoa izan zen Ekotopaketak antolatzea eta, horren ostean, erabaki genuen jarraipena ematea Jauzi Ekosoziala dinamikarekin. Hainbat ekimen eta lanketaren ondoren, hausnarketa prozesu bat zabaldu genuen erabakitzeko dinamikarekin jarraituko genuen edo eragile gisa antolatuko ginen, edo plataforma moduan. Eragile gisa antolatzea erabaki dugu kapitalismoak garamatzan krisi ekologiko ekozida honen aurrean erantzun herritar bat antolatzeko, trantsizio ekosozial justu baterako pausoak eman ditzan.

Zein da Jauzi Ekosozialaren aldarri nagusia?

Argi duguna da sistema kapitalistan ez dagoela soluziorik krisi ekologikoari aurre egiteko, beraz, beste sistema bat behar dugula. Ezinbestekoa ikusten dugu eredu alternatibo bat badagoela aldarrikatzea eta, zentzu horretan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu borroka kulturala. Izan ere, azken urteetan kapitalismoak lortu du antropologikoki sinetsaraztea behar dugula kontsumo energetiko oso-oso handi bat ondo bizitzeko —kontsumismoa, azken finean—, eta guk dioguna da gutxiagorekin hobeto bizi daitekeela baina, horretarako, gauza asko aldatu behar ditugula. Posible da bizitzea oinarrizko beharrizanak bermatuz eta luxuzko kontuei uko eginez.

Eragile izatearekin, zein da bilatzen duzuen eragin eremua?

Herritarrei begira sortutako eragilea da. Uste dugu krisi ekologikoari aurre egiteko herritarren aktibazio bat behar dela, zeren, azken finean, botere ekonomikoek oso argi dute kapitala metatzen jarraitu nahi dutela eta berdin diela planetaren eta ingurumenaren etorkizunak. Orduan, herritarrongan izango duen eragin izugarria kontuan hartuz, antolatu egin nahi dugu herriz herri, eskualdez eskualde eta gaitasuna lortu trantsizio ekosozial justua eragiteko.

Euskal Herrian bada eragile bat, Bizi! hain zuzen ere. Hegoalderako erreferentziala izan daiteke?

Hein batean, Hego Euskal Herrira begirako eragilea egin dugu ikusten dugulako Iparraldean badaudela hainbat dinamika eta eragile ekologista lan handia egiten dutenak eta Hegoaldean ikusten genuelako artikulatu beharra. Baina, noski, etorkizunean oso interesgarria ikusten dugu Iparraldeko elkarteekin elkarlana bultzatzea eta eurengandik ikastea, eurengandik ikasteko asko dugu eta.

Hasteko, uda honetan bertan ekingo diozue kanpaina bati. Gehiegikeriaren gizarte honetan nahikotasunez jokatzeko beharra aldarrikatzeko, udan egiten ditugun kontsumo neurrigabeei alternatiba jasangarriak eskainiko dizkiezuela esan duzue. Zer nolako alternatibak?

Ezinbestekoa da desazkundea mahai gainean ipintzea, baina, kanpaina honen bidez gehienbat zentratu nahi gara gehiegikeriaren salaketan. Izan ere, desazkundea aipatzen dugunean ez dugu esan nahi mundu guztia desazi behar denik, ezta denok hein berean desazi behar dugunik ere. Uda honetan, gehienbat, burgesiaren eta gizarteko gutxiengo aberatsaren gehiegizko kontsumoan jarriko dugu arreta. Adibidez, dagoeneko zehaztuta dagoen ekimena da Bilboko aireportura martxa irailaren 14an. Herritarrek ezagutuko dutena Loiuko terminala da, baina, horren aurretik, Sondikan zegoen aireportua. Aireportua Loiura mugitu zenean Sondikakoa geratu zen jet pribatuentzako aireportu moduan. Urtean milaka jet pribatu heltzen dira Bilbora eta horiek dira gehiegikeriaren erakusle argienak. Salatu nahi dugu jet pribatuek dakarten hondamendi ekologikoa eta atzean dagoen guztia; nola desberdintasun sozial gero eta handiagoek krisi ekologikoa are gehiago areagotzen duten.
Bestalde, ekintzak egin nahi ditugu golf zelaien, txaleten edo turismoaren inguruan eta ari gara ideiak ordenatzen eta egutegia osatzen.

2022ko topaketetan jende ugari bildu zen, talde ekologista ugari daude, Euskal Herrian, asko, gainera, artikulatuta. Ekologismoak goraldia bizi al du?

Nik esango nuke baietz. Krisi ekologikoa gero eta sakonagoa den honetan, badirudi gero eta jende gehiago ari dela aktibatzen. Pozgarria da hori delako bide bakarra krisi honi aurre egiteko.

Eta alderdi instituzionaletan? nahi zenuketen bezainbesteko presentzia ba al du politikagintzan? Hor dago, esaterako Eusko Legebiltzarreko Trantsizio Energetikorako legea.

Orokorrean, instituzioetatik ikusten duguna da gero eta gehiago hitz egiten dela gaiaren gainean, printzipioz, politikari guztiak kezkatuta daudela klima larrialdiarekin edo bestelako arazo ekologikoekin, baina, gero, praktikan, ikusten duguna da euren politika kontrako norabidean doala. Izan ere, argi dago klima larrialdiari aurre egiteko egin behar duguna dela berotegi efektuko gasen murriztea baina planteatzen diren proiektu asko kontrako norabidean doaz: autobide berriak planteatzen dira, errepideen eta aireportuen handitzeak, Bilboko portuaren handitzea, kotxeak erosteko diru-laguntzak ematen ditu Eusko Jaurlaritzak… Ikusten duguna da, hitz politetatik harago, euren politikak jarraitzen duela sakontzen logika ekozida batean. Norabide aldaketa erradikala eman behar da.

Egun pil-pilean dagoen gaia da makroproiektuena eta, energia dela eta, bereziki, agian, eolikoen gaia. Ez da posizio erraza Jauzirentzat edo, behinik behin, ez da argiki alde edo kontra posizionatu.

Berriztagarrien auzia konplikatua da. Argi dugu berriztagarriak izan behar direla etorkizunean eta lehenbailehen gure energia iturri izan behar direnak baina berriztagarriek ere inpaktu ekologikoak dituzte. Jauzi Ekosozialetik dioguna da berriztagarriak behar ditugula eta, gainera, lehenbailehen baina ezin ditugula proiektu horiek edonola martxan ipini. Orain ikusten ari garena da egin behar ez genukeenaren eredua: ari gara enpresa handiei gure lurralde osoa eskaintzen bertan nahi dutena egiteko inongo ingurumen hirizpiderik gabe eta, kasu askotan, orain arte lur publikoak zirenak pribatizatuz euren irabazietarako. Hori ez da inondik inora jarraitu beharreko bidea.

Gure ustez, herritarren edo sektore publikoaren kontrolpeko proiektuak izan behar dira, izan ere, energia berriztagarriek aukera ematen dute oligopolio elektrikoa kontrolatzen duen sektore hori demokratizatzeko eta herritarren esku uzteko. Bestalde, uste dugu ezinbestekoa dela era demokratiko batean erabakitzea zein proiektu egin eta zeintzuk ez, bertako herritarrekin akordioetara iritsiz. Horrez gain, uste dugu energia berriztagarrien proiektuak martxan jartzean biodibertsitatean duen eragina ahalik eta txikiena izatea puntu garrantzitsuetako bat izan behar dela, gaur egungo ereduaren kontra.

Gaur egun planteatzen den trantsizio energetiko kapitalistan proposatzen dena da berriztagarriz betetzea lurralde osoa egungo gizarte eredua mantentzeko eta guk dioguna da krisi ekologikoari aurre egiteko gizarte eredua goitik behera aldatu behar dugula eta, aldi berean, energia berriztagarri proiektu batzuk beharrezkoak izango direla azpiegitura minimo publikoak mantentzeko.

Jaurlaritza Logoa