En direct
2016ko abenduaren 16an Lapurdin, Luhusoko Errekarte baserrian, atxilotu zituen polizia frantsesak, Mixel Bergouignan eta Mixel Berhokoirigoinekin batera Béatrcie Molle-Haran eta Jean-Noel Etxeberri. Astearte honetan hasi da azken bien aurkako epaiketa Parisko Zigor Auzitegian, asmo terroristekin armak eta lehergailuak eduki eta garraiatzearen akusaziopean.
Bi auzipetuek ez dute haien ekinbidea ezkutatu, kontrara: Frantziako eta Espainiako estatuen «blokeoaren» aurrean, bakearen alde egitea erabaki zutela argudiatu dute. Horretarako, ETAren hainbat arma erabilpenik gabe uzteko prestatu ziren 2016ko abenduaren 16 hartan Molle-Haranen etxean. Ekimena bideoz grabatu eta estatuei blokeoarekin amaitzeko mezua helaraztea zen asmoa. Baina poliziak ekidin zuen ekimenak aurrera egitea.
Asteratean hasi da Béatrcie Molle-Haran kazetariaren eta Jean-Noel Etxeberri sindikalistaren aurkako epaiketa. Maite Ubiria GARA eta NAIZeko kazetariak sesioa bertatik bertara jarraitu du eta NAIZ irratian eman digu horren berri. Bi auzipetuek deklaratu ostean, lekukoen txanda izan da. Ubiriak bi lekukotzaren garrantzia eta pisu politikoa azpimarratu du: alde batetik, Éric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefet ohiarena eta bestetik Matthias Fekl Barne Ministro ohiarena, defentsak deituta biak. Ubiriak azaldutako moduan, «estatuaren hizkuntza baliatuz» Luhusoko ekintzak ETAren armagabetzea egikaritzeko egindako ekarpena azaldu zuten, Fiskaltzaren deserosotasuna agerian jarriz. Biek hala biek, Luhusoko atxiloketen ostean, modu batera edo bestera bide horretan aktibo izan zirela nabarmendu zuten.
Asteazken honetan amaituko da epaiketa, defentsak eta Fiskaltzak haien ondorioak plazaratu ostean eta bigarren saioa burutzearekin batera.