En direct
Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatzeaz gain, planetako bost kontinenteak zapalduko ditu aurten Korrikak, nazioarteko 50 hiri edo herri inguru (gehiago ez badira). Euskara, hitz egin nahi dutenena delako, berdin dio non bizi edo jaio diren, mugarik gabe, baldintzarik gabe, pertsona guztiek elkarri zor dioten errespetuaz harago.
Ekimen gutxik gorpuzten dute Korrika bezala euskaldunek batuta eragiteko duten gaitasuna, Euskal Herriko mugetatik kanpo ere errepikatzen den gaitasuna; meritua duelako Hernani ala Atarrabiako ehunka ala milaka lagunek Korrikarekin bat egitea, meritua duen bezala taldetxo bat biltzea Uruguain, Japonian, Reunion uhartean ala Txekian, euskararen gorazarre eginez, hizkuntzarentzako errespetua eta aitortza eskatzeko. «Egia esan hemen Txekiar Errepublikan ez dago ezagutza handirik euskararen inguruan», dio Brnon Korrikaren antolaketan ibili den, Naiara Olaran armintzarrak. Baina izan du eraginik lasterketak Txekiako bigarren hiririk handienean ere, «aktiboak izaten saiatzen gara eta Korrika antolatu eta gero ziur Euskal Herria jende gehiagorengana heldu dela». Etxepare Institutuaren bitartez ari da euskara irakurle Masaryk Unibertsitatean. Hasieran zuen «beldur hori gora-behera» erantzun du jendeak, eta Brnok Korrika ikusi ahal izan zuen.
Euskaratik mundura
500 bat kilometro banatzen dituzte, Brno eta Berlin. Azken hiri honetako euskal etxean ari da gasteiztarra den emakume bat euskara klaseak ematen, eta Korrikaren antolaketan aritzea egokitu zaio aurten. 2000 baino gehiago dira, Arabako hiriburua eta Alemaniakoa banatzen dituzten kilometroak, baina Korrikari dagokionez, «sentimendua oso antzekoa» iruditu zaio Maddalen Subijanari. Bertan zeuden pertsona asko ezagutzen ez zituen, «hala ere denok geunden batuta, denok bagenekien zertan ari ginen eta zer suposatzen zuen guretzat».
Ingeles linguista izan arren, beti euskararen bueltan ibili da Ekain Monge gernikarra eta beka bati esker egonaldia egiten ari da Renoko Unibertsitateko CBS Center for Basque Studies Press (Euskal Hedabideen Ikerketarako Zentroa) programan. Eguzkiak gogor jotzen zuen egun batean antolatu zuten Korrika garaian euskal artzain asko jaso zituen hirian. «Abizen euskaldun pilo bat daude postu garrantzitsu askotan. Hor ikusten duzu euskaldunak badirela eta bazirela», azaldu du Mongek.
Joseba Sarrionaindia idazleak utzitako hutsunea betetzeak, presioa suposatuko lieke askori. Ez dirudi presio horrek eragingo dionik Habanako Unibertsitatean Etxepareko irakurle den Borja Arbelaitz oreretarrari, lagunek esaten baitiote haren «teloneroa» izan zela Sarrionaindia. Euskal etxerik gabeko hirian, Arbelaitzek eduki du Korrika antolatzeko ardura. Harremanak aspaldikoak eta sendoak badira ere, uste du Arbelaitzek oraindik lana egin behar dela kubatarrek Euskal Herria hobeto ezagutu dezaten, «eta hori ere bada nire zeregina, unibertsitatean sakonduz zer den euskaldun izatea».
Oztopoen gainetik
Izan da dena den, Korrikari jarri zaion oztoporik eta iberiar penintsula bi hiri handietako udalek jarritako oztopoen ondorioz, manifestazio baimenak eskatu behar izan dituzte. PSCko Jaume Collbonik agindutako Bartzelonan arazoak eduki zituzten hasieran eta bereziki PPko Jose Luis Martinez Almeidaren Madrilen, ez baitiete baimenik eman. Helarazi dieten mezua argia da, bertako euskal etxean irakasle den Errukine Olaziregiren arabera, «Madrilen bizi garen euskaldunok ikusten dugu udaletik behintzat ez dutela jarrera positiborik euskararekiko edo ez zaiela interesatzen hizkuntza aniztasuna».
Gobernuko ordezkaritzari manifestazio baimena eskatuta izan bada ere, Espainiar Estatuko hiriburuak Korrika ikusi du, baita hizkuntzaren aldeko aldarria entzun ere, tartean madrildar askoren ahotan.