En direct

Alba Cabrera

«Abaniko zabala irekitzen zaizu haurrekin bidaiatzen duzunean»

Hego Afrika, Namibia eta Botswana. Saio honetan, hiru geldialdi izan ditu hizpide Manzak, familiarekin batera bizi izan dituen abenturak gogora ekarrita.

Audio_placeholder

«Abaniko zabala irekitzen zaizu haurrekin bidaiatzen duzunean»

Loading player...
Manza, Oihan eta Izadi atsedena hartzen
Manza, Oihan eta Izadi atsedena hartzen (Manza)

Begirada hegoalderantz ipinita dute aspalditik Manzak eta haren familiak. Autoa martxan jarri eta Afrika australera jotzeko gonbitea luzatu digu abenturazaleak saio honetan, bere familia-bidaien kronikei tira eginez, hiru geldialdi, hiru herrialde gertuagotik ezagutzeko asmoz: Hego Afrika, Namibia eta Botswana.

Bidaiatzea eta seme-alabak izatea bateragarria zela erabakita, 2018an, Oihan batu zen Katia eta Manzak osatutako bidaia-tandemera. Jauzi laburrak eman ondoren, haurrak urte eta erdi zuela, bederatzi hilabeteko lehen «bidaia luzexka» egitea erabaki zuten: «Beldurrak beldur, abaniko zabala irekitzen zaizu haurrekin bidaiatzen duzunean». Umeak tartean daudela, jendea ezagutzea askoz errazagoa delakoan da elkarrizketatua: «Gaur gaurkoz, ume asko dagoen tokietara joan nahi izan dugu, eroso egon daitezen, jolasteko aukera izan dezaten».

Familian bidaiatzen dutenek bi ideia begiz jota izan ohi dituztela uste du protagonistak: eskolaratzea eta osasuna. «Afrikaren kasuan, malariarik gabeko edo arrisku txikiko tokiak bisitatzea erabaki dugu, orain arte», azaldu du Manzak, «zentzuarekin, eta gure esku dauden neurriak hartuta, eramangarria izan da kezka».

Hezkuntzari dagokionez, berriz, momentuz, ez Ohianek eta ez Izadik, ez dute derrigorrezko hezkuntzara salto egin: «Eskolan, klaseko lagunak ematen ari diren edukiak lantzen ahalegintzen gara. Datorren ikasturteari begira, ez dakit nola kudeatuko dugun, baina erronka hortxe daukagu».

Hego Afrika, dibertsitatea

Bederatzi hilabeteko bidaian murgilduta zirela iritsi zen pandemia. Eskuen artean beste aukerarik izan gabe etxera itzultzea erabaki zuten. Atseden gisa bizi izan zuten itxialdia eta, Euskal Herrian zirela, hirukoteari laugarren kidea batu zitzaion, 2021ean, Izadi: «Bidaiatzen jarraitzeko gogoa geneukan».

Etxe ibiltari batekin, autoarekin, joan ziren, oraingoan, Lurmutur Hirira, hiru herrialde ezagutzeko xedez. «Dibertsitatea» da Manzarentzat Hego Afrika, kulturalki, sozialki, baina baita paisaia aldetik ere: «Ez genuen espero horren herrialde zabal eta erakargarria topatzea». Txanponaren beste aldean, iragan zurbilaren sumindura sumatu zuten kalean, jendearen artean: «Banatuta bizi dira zuriak eta beltzak, mina igartzen da baita elkarrekiko beldurra ere. Jendartean, eskubideak irabazi arren, badira zenbait gauza ez direnak aldatu». Herritarrak esperantza eta ilusioa «galdu» dutela dio Manzak:«Rainbow Nation delakoa batzuentzat ez da iritsi».

Namibia, paisaia amaigabeak

Munduan biztanle gutxien bizi den bigarren herrialdea omen da. Hala ia giza esku-hartzerik ez duten makina bat parajerekin egin zuen topo familiak: «Zer pentsatua ematen zidan bertan alde guztietara begiratu eta hainbat kilometrotan inor ez zegoela jakiteak: hain zabala mundua, eta hain txiki gu...».

Egun argitan, «ikusgarria» da, elkarrizketatuaren hitzetan, Namibia, baina baita eguzkia ezkutatzen denean ere: «Argia joaten denean, benetako iluntasuna ezagutzen duzu. Ilargia zegoenean, mundu magiko batean murgiltzen zinen».

Botswana, natura basatia

Animalien mundua da Botswana Manzarentzat: «Gizakiok natura basatiaren aurka zeinen gutxi egin dezakegun igartzen duzu herrialdean». Oihanak errepideak jaten dituen lurraldea da, eta elefanteak nahieran mugitzen dira: «Ikaragarria da, animaliek agintzen dute».

Orain, hilabete pare batez Euskal Herrian egon badira ere, Lurmurtur Hirian dago autoa, familia bidaiaria noiz iritsiko irrikitan. «Ez daukagu argi oraindik nora jo. Hor ditugu Angola, Zambia, Zimbabwe, Mozambike...».

Jaurlaritza Logoa