En direct
Utopia adina liburu Gasteizko Eva Forest liburutopian
3.500 liburuko fondoarekin zabaldu ditu ateak Eva Forest Liburutopiak. Pentsamendu kritikoa sustatu asmoz, topagune eta eztabaidarako espazio izan nahi du egitasmoak. «Liburu kritikoaren ekosistema» elikatu eta indartuko duen txoko berria da Gasteizko alde zaharreko kafetegi eta liburu denda berria.
Utopia adina liburu Gasteizko Eva Forest liburutopian
Gasteizko alde zaharrean, Bilbao plazatik maldan gora ibiltzen hasiz gero, Santa Maria kantoiko laugarren zenbakian txoko berezi bat topatuko duzue. Eva Forest Liburutopia da; utopiak, liburuak eta kulturgintza kafe lurrin artean nahasten diren espazioa. Cafe Cooper taberna du parean, eta denda txiki batzuk ere baditu inguruan. Kaletik gorago joanez gero, Hala Bediraino iritsi zaitezke. Oraindik ere bizirik jarraitu nahi duen auzoa da alde zahar gasteiztarra. 2023ko abenduaz geroztik, espekulazioari aurre egiten dion espazio bat gehiago dute auzotarrek. Erresistentziarako armak: liburuak. Proiektuaren sortzaileentzat, kokalekuaren erabakia «naturala» izan zela azaldu digu Ekaitz Samaniegok: «Gasteizko alde zaharra auzoetako jendea batzen duen erdigunea da. Gentrifikazio prozesu bat ematen ari da hemen, komertzio txikiek itxi egin dute, ireki ere egin dira, baina batzuetan jada beste logika batzuei erantzunez. Auzoko jendeak asko eskertu du horrelako apustu bat».
Nekazarien traktoreak protesta egitera Lakuara bidean diren une berean sartu gara gu kafetegi-liburu dendan. Sarrerako kristalera handiak liburuak ditu lehen lerroan; lokalaren fondoan galtzeko aukera ematen duten apalategietan dauden liburu mordoaren lagin txiki bat jarri diote begi-bistan kalea zeharkatzen duen orori. Horien atzean, tentazio gehiago: barra txiki bat kafea, zukuak, tostadak, gazi zein gozoarekin, gustu guztientzako eskaintza dago bertan. Kafetegi eta liburu dendak, guztira, 1.700 metro karratuko espazioa osatzen du. Oraindik ere atontzen ari diren bulego eta bilera gelak ere laster izango dira prest. Samaniegok aitortu digu lan handia egin dutela taldean abenduan dena prest izateko eta ateak zabaldu ahal izateko.
Eva Forest kultur elkarteak martxan jarritako proiektua da. Zazpi kideren artean hasi zena, sare handiagoa bihurtu da orain. Mareara bidea hasita zenean batu zen gure solaskidea. Zerk elkartu dituen galdetuta, ardura komunak aipatu ditu Samaniegok: «Hemen topo egiten dugunok, kultura eta pentsamendu kritikoa sustatuz, etorkizun utopikoago bat eraikitzeko tresnak jartzen ari gara mahai gainean». Euskal Herrian pil-pilean diren eztabaidak asko direla uste du, baita mahai gainean diren borrokak ere. Eta hain justu, korapilo horiek askatzeko espazio izan nahi du Eva Forest liburutopiak. Horretarako, auzoan plaza edo «espazio publiko» bat sortu nahi izan dute, «jendea giro goxo batean elkartu eta, elkarri begira, inguruan ditugun arazoen inguruan hausnartu ahal izatea oso garrantzitsua dela uste dugu». Liburu salmenta eta kafetegia dira proiektuaren oinarri nagusiak, baina egitarau ahalik eta zabalena osatu nahi dute: irakurle taldeak, emanaldiak, liburu aurkezpenak... Dena kabitzen baita liburutopian, eta denek baitute tokia bertan.
Umeentzako txokoa ere badute. Mahai txiki bat dago kafetegiaren eta liburu-dendaren artean, apalategi baxu batzuekin lagundutako espazioan. Ipuinak, jostailuak eta mahai jolasak dituzte bertan. «Benetan ederra jartzen da izkina hau betetzen denean. Liburuak ikusten egoten dira, elkar ezagutzen...».
Egungo dinamika kapitalistak gure gizartean oso barneratuak daudela iritzi du Samaniegok, eta ondorioz, egunerokoan egundoko kaltea eragiten diotela geure bizitzei. «Etorkizun zaila dator», eta horretan ados dago lantalde guztia. Klima-larrialdia jarri du adibide moduan, mundua bere mugetaraino eramaten ari garela dio, horrek ekar litzakeen ondorioak azpimarratuz. «Ez badiegu inguruan ditugun zapalkuntza estruktural horiei hausnartutako erantzun bat ematen, ez baditugu korapilo horietatik atera edo, behintzat, bide horretan jar gaitzaketen erantzunak topatzen, orduan oso zaila izango da utopia edo askatasun aldirik irudikatzea».
Lan zaila aukeratu dutenik ezin ukatu. Baina gogorik ez zaio faltan sumatzen Samaniegori. Kolektiboan eztabaidatuz eta hausnartuz ekin nahi diote erronkari; liburuak eskuartean, utopia marraztu nahi dute. Pentsamendu kritikoaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta azaldu du horren isla dela dendan topa daitekeen liburuen selekzioa: marxismoa, anarkismoa, LGTBIQ+ borrokak, feminismoa, antropologia, osasuna, zinema, arkitektura, musika... Alor eta mami askoko eskaintza osatu dute.
Paperaren krisian, liburua apustu
Jende askok galdera bera egin die; baita haiek euren buruei ere, aitortu digu Samaniegok: «Orain jarriko al gara liburuak saltzen?». Sektore editorialak ez du garai errazena bizi egun, ekoizpen kate osoan zehar izaten diren kostuak garestitu egin dira eta horrek kinka larrian jarri ditu, besteak beste, argitaletxe eta liburu-dendak. Irakurketaren balioa azpimarratu nahi dute Eva Forest liburutopiako kideek, eta horregatik ausartu dira pausoa ematera. «Inoiz baino gehiago bultzatu beharko litzateke papera, edo behintzat, irakurketa».
Papera akaso bai, baina irakurketa ez dago krisian. Gazteei kontrakoa leporatu arren, asko irakurtzen dutela nabarmendu du Samaniegok, gailu digitalek eskaintzen dituzten aukerak tarteko. «Guk arnasa luzeko sorkuntzen irakurketa proposatzen dugu». Bizimoduen inguruko hausnarketa ere mahai gainean jarri du: «Ez badut irakurtzen ezin dudalako, denborarik ez dudalako, zer dago horren atzean?». Genero eta gai anitzeko eskaintza amaigabea ondu dute. 3.500 liburuko fondoa dute une honetan, eta zabaltzea da asmoa. Euskal narratiba eta poesiako klasikoak, nobedadeak, eta mundu osoko autoreen lanak topa daitezke apalategietan. Argitaletxeen bitartez argitaratutako lanak topatu daitezke, baina baita autoeditatu eta publikatutako autoreenak ere.
Proiektuen arteko elkarlaguntza
Inguruko jendeak egindako proposamen eta zerrendekin egin dute liburuen hautaketa. Babes handia topatu dute, bestalde, batzeko espazio eta proiektuen partetik. 10 urte bete dituen Iruñeko Katakrak izan da «eredu eta inspirazio nagusietako bat». Kide bat Iruñera joan zen ofizioa ikastera; horrez gain, talde osoak bisita egin zuen: «Begiak oso irekita ibili ginen. Sustraiak botata ditu eta erreferente handia bihurtu da Euskal Herrian». Herrialde Katalanetako eta estatuko beste proiektu batzuekin ere izan dute harremana. Madrilgo Traficantes de Sueños argitaletxeko kide bat Gasteizen izan zen liburuak iritsi zirenean, laguntzen. «Liburu kritikoaren ekosistemaren parte sentitzen gara, eta indartu egin nahi dugu, leihoak zabaltzen dabiltzanak ezagutu».
Eva Forest, liburutopiaren izena eta izana
Ariketa zaila da Eva Forest Tarraten ekarpena eta ibilbidea laburtzea. 1928an Bartzelonako familia anarkista batean jaioa, Euskal Herrian arrasto handia utzitako idazle, argitaratzaile eta militante nekaezina izan zen Forest. Liburutopiako apalategietan topatu dugu bere lan entzutetsuenetako bat: Julen Agirre izengoitia erabiliz argitaratutako ‘Operación Ogro’ (Ediciones Mugalde eta Ruedo Ibérico, 1974). ETArekin kolaboratzea leporatuta, hiru urteko kartzela zigorrarekin eta torturekin ordaindu behar izan zuen Carrero Blancoren hilketa azaltzen zuen liburua idatzi izana. Hiru argitaletxea berak sortu zuen, Alfonso Sastre bikotekidearekin batera. Eta segitu genezakeen kontatzen. Gurasoenetik jaso zuen Eva Foresten berri Samaniegok. Idazleari buruz ilusio handiz hitz egiten zutela oroitzen du.
Kultur Elkarteak Samaniego taldera batu aurretik erabaki zuen egitasmoaren izena. «Gure belaunaldira hainbeste iritsi ez den erreferentzia da tamalez. Horregatik, are perfektuagoa iruditu zait izen hori aukeratu izana». Foresten konpromiso politikoa, bizipenak, elkartasun internazionalista... aipatu ditu, eta zerrenda mardultzen jarraitu. «Liburutopiak barruan dituen balioak labur ditzakegu Eva Forest nor den esanez».