En direct

NAIZ Irratia

«Istiluen aurkako materiala erabiltzeko protokoloa» exijitu du Arzuagak Tolosakoaren ondoren

16 urteko gazte batek Tolosan jasotako foam pilotakadatik ia bi aste pasata, Ertzaintzak egindako kargaren ingurukoen xehetasunik ez da momentuz. Erabilitako protokoloa publiko egiteko beharra berretsi du EH Bilduko Julen Arzuagak NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Istiluen aurkako materiala erabiltzeko protokoloa» exijitu du Arzuagak Tolosakoaren ondoren

Loading player...
Julen Arzuaga EH BIlduko legebiltzarkidea, Naiz Irratian.
Julen Arzuaga EH BIlduko legebiltzarkidea, Naiz Irratian. (NAIZ Irratia)

Tolosan inauterien baitan izandako gertakarien atzean oraindik ere guztia argitzeko dagoela uste du EH Bilduk. Julen Arzuaga legebiltzarkidea da Gasteizen, koalizioan segurtasun gaiez arduratzen denetako bat, eta NAIZ Irratian azaldu du gaia. Ondorioztatu duenez, legealdia amaitutzat emango da Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak Tolosakoari buruz azalpenik eman gabe. «Beste Parlamentu bat osatu arte ez da gertatutako, edo beste bide batzuen bitartez urratu arte, auzitegitik edo gizartearen exijentziatik», planteatu du EH Bilduko ordezkariak.

Segurtasun Sailetik aurreko kasu askotan erabilitako eskema bera ari dela garatzen ohartarazi du Arzuagak. Hasieran barne ikerketa iragarri zen eta gardentasuna izango dela ziurtatu, baina laster «dena nahasten ari dira, eta gauzak lausotzen». Begi-bistakoa izan zen hori Erkorekak asteazkenean eginiko adierazpenetan.

Xuharren kasutik haratago, Julen Arzuagaren ustetan, Katalunian bezala, funtsezkoa litzatekeela jakitea Ertzaintzak material arriskutsuak dituen irizpideak. «Guk erreklamatzen duguna da lehenik eta behin, jakitea zer protokolo existitzen diren istiluen aurkako materiala erabiltzeko», azaldu du Arzuagak. Aipatu duenez, Segurtasun Sailak argudiatzen du protokolo horiek jakinarazteak Ertzaintzaren eraginkortasunari kalte egingo liokeela, baina honek ez du ez hankarik ez bururik.

Mossoek, esaterako, euren webgunean dute ikusgai beren protokoloa. EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, «horrelako material ez hilgarria soilik erabil daiteke, eta hala ezartzen dute nazioarteko aginduetan horrela agertzen da ere, euren bizitza arriskuan dagoenean». Inauterietan gertatutakoarekin alderatuta, galdera argia egin du Arzuagak: «Hori gertatu zen Tolosan?».

Beste zehaztapen bat eman du Arzuagak. Teoria hutsean, pilota haiek ezin dira aldakatik gora jaurti, baina Tolosan zaurituak izan ziren hiru pertsonek buruan dituzte kolpeak. Eta ondorio orokor gisa honako hau jarri du mahai gainean: «Kongruentzia, eraginkortasuna eta proportzionaltasuna behar dira, baina hiru irizpide horietatik Tolosan bakar bat ere ez zen bete».

Elkarrizketan Arzuagak erantsi duenez, Xuharren senideekin egoteko aukera izan du egun hauetan eta, kezka handia izan arren, beren eskaeren argitasuna txalotu du: «Zer gertatu den jakin nahi dute, eta zer egiten duten hau berriro ez gertatzeko», hori baino ez.

Tolosan aurreko larunbatean eginiko mobilizazioan entzun zuen proposamena bere egin du EH Bilduko legebiltzarkideak: «Trafiko arloan, erreskate mailan... diren ertzainek ahotsa altxatu behar dute», Ertzaintzak daraman bilakaerari buruz beren iritzia emanez.

Jaurlaritza Logoa