En direct

Entrevue
Enara Gaminde
Pilotaria

«Nigan dudan konfiantza transmititu nuen eta horregatik ez zitzaidan urduritasuna nabaritu»

Laukizen jaiotako 14 urteko pilotari gaztea Binakako Master Laboral Kutxako txapelduna bihurtu zen iragan igandean Olatz Arrizabalagarekin batera. Mutilekin hasi zen jokatzen eta jarraian, geldialdirik izan gabe, neskekin jokatzera pasa zen. Jipoia emanda lortu du bere lehen txapel garrantzitsua.

Audio_placeholder

«Nigan dudan konfiantza transmititu nuen eta horregatik ez zitzaidan urduritasuna nabaritu»

Loading player...
Enara Gaminde, igandean, Aldai eta Capellanen aurrean pilota astintzeko prest.
Enara Gaminde, igandean, Aldai eta Capellanen aurrean pilota astintzeko prest. (Iñigo URIZ | FOKU)

Igandean, Irungo Uranzu pilotalekuan jokatutako finalean, sekulako jipoia eman zieten Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek Amaia Aldai eta Andrea Capellani (22-3). Hala ere, Laukizko atzelari gazteak oinak lurrean ditu eta normaltasun osoz erantzun die NAIZ Irratiko galderei txapela irabazi eta egun batzuetara. Gainera, ez du presiorik somatzen hurrengo lehiaketetarako.

Lehenik eta behin, zorionak.

Eskerrik asko.

14 urte besterik ez eta dagoeneko Binakako Master Laboral Kutxako txapelduna Olatz Arrizabalagarekin batera. Nola sentitzen da bat?

14 urterekin horrelako txapelketa garrantzitsu bat irabaztea niretzat oso pozgarria da. Gainera, horrelako pilotariez inguratuta egoteak pozgarriago egiten du.

Ospatu al zenuten nolabait txapela?

Bai, denok batera sagardotegi batera joan ginen eta han ospatu genuen.

Pozik izango dituzu Laukiz aldean, etxean…?

Bai, bai, jende askok zoriondu nau, herrikoek, eskolako lagunek... Eta familiakoak ere oso harro nitaz.

Espero al zenuen hasiera batean finalera iritsi eta gainera txapela lortzea?

Bikoteak esan zizkigutenean ikusi genuen geure burua finalean egon ahal zela. Heldu ginenean, gure helburu bakarra irabaztea zen eta horrela izan da.

Finalean, gainera, 22-3 hartu zenituzten mendean Amaia Aldai eta Andrea Capellan. Uste baino errazago, ezta?

Bai, bai. Ez genuen espero horrelako final bat. Ligaxkan euren kontra jokatu genuen eta oso partida gogorra izan zen, oso polita. Finalean guk gure lanak oso ondo egin genituen; Amaia  [Aldai] saihestu genuen eta Andrea [Capellan] kargatu, eta horrek emaitza eman zigun.

Olatz Arrizabalagak aipatzen zuen, partida ostean, ez zintuela batere urduri ikusi. Nola kudeatzen du batek, horren gaztea izanda, horrelako final handi bat?

Kanpotik agian ez da urduritasun hori nabaritzen, baina nik partida osoan zehar izan nuen urduritasuna barrutik. Nigan dudan konfiantza transmititu nuen eta horregatik agian urduritasuna ez zen nabaritzen.

Enara Gaminde eta Olatz Arrizabalaga, txapelak buruan dituztela. (Iñigo URIZ/FOKU)

Orokorrean txapelketa oso ona egin duzue Olatz eta biok. Gustura osatu duzuen bikotearekin?

Bai, bai. Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Batera entrenatzen dugunez, kantxan ere oso ondo ulertzen gara eta uste dut txapelketa bikaina egin dugula, perfektua esan daiteke, eta oso pozik.

Eta horrek asko lagunduko du aurrera begira, ezta? Oso esperientzia baliagarria izango da zure pilotari ibilbidearentzako...

Bai. Azkenean, horrelako txapelketa bat irabazteak asko laguntzen du zure etorkizunari begira. Orain txapelketa gehiagotik deitu ahal didate eta horrek beti laguntzen du.

Olatz Arrizabalagak partida ostean egungo atzelaririk onenetarikoa zarela nabarmendu zuen. 14 urterekin horrelako hitzak entzuteak zein eragin du zuregan? Presiorik jartzen al  dizu?

Bueno, presioa ez. Nik berdin jokatzen jarraituko dut eta nik dakidana ematen. Horrelako gauzak entzutea oso pozgarria da.

Emakumezkoen pilota pixkanaka badoa indarra hartzen. Oraindik ere, noski, asko dago egiteko. Zuk, oso gaztea izanik gainera, nola ikusten duzu panorama?

Etorkizuna egon daiteke. Horrela jarraitzen badugu, etorkizuna oso polita izango da. Ea atzetik neska gehiago datozen eta etorkizun polita egin dezakegun.

Justu hori aipatu nahi nizun, garrantzitsua izango dela beste neska gazte askorentzat 14 urterekin txapel bat irabaz daitekeela ikustea. Horrek, akaso, animatu edo motibatu egingo ditu asko eta asko.

Bai, noski. Azkenean erreferentzia batzuk egoteak beti laguntzen du ume txikientzat, bai pilotan jokatzen jarraitzeko bai etorkizunen hor egoteko ere.

Zure kasuan, zure ibilbidea pilota munduan hasi zinenetik orain arte, nolakoa izan da? Esan nahi dut, bide zaila izan al da? Beharrezko baliabideak izan dituzu pilotari gisa garatzeko?

Nire ibilbidea beste neska batzuena baino errazagoa izan da. Orain gutxi arte mutilekin jokatzen aritu naiz eta orain nesketara pasa naiz. Nik ez dut izan beste neska batzuek izan duten geldialdia.

Zu, noski, ikasten arituko zara oraindik ere. Zaila egiten al da ikasketak eta pilota uztartzea?

Ez. Ondo daramat. Bai ikasketetan eta bai pilotan ere ondo nabil eta pozik nago.

Jaurlaritza Logoa