En direct
Elikagai ekologikoez hitz egitean, nolabait esateko, badaude bi adar. Batetik ekoizleei begiratzen zaie, ea nola ekoizten duten produktua eta, bestetik, erosten dugunak zigilu ekologikoa ote duen begiratzen da. Uste izatekoa da bide beraren bi zati direla baina eskarmentuak erakutsi digu uste izatea ez dela beti nahikoa.
30. urteurrena ospatzen ari da Landare, noiz eta 32 urte bete dituenean. Ospakizunetan pixka bat luzatu dira, bai, baina ganoraz ospatu nahi duenarentzat eta halako ibilbide luzea daramanarentzat, zer dira, bada, bi urte. 1991aren hondarrean elkartu zen «talde hippie ero horietako bat» jaten zutenaren eta ingurumenaren osasunaren arteko oreka bilatu nahian eta, pixkana-pixkana, 28 langile izatera heldu dira. Goñik ez du erantzun laburrik Landare zer den galdetzerakoan, «Landare gauza asko da» izan da lehen erreakzioa. «denda bat da, almazen bat, baina, gauza asko ditu atzetik. Ekoizleekin bitartekaririk gabeko harreman zuzena dugu eta, horrez gain, komunitatean lanketa soziala, ekonomikoa eta lurrarekiko kontzientziari begirakoa egiten dugu». Horretan ari ginela, Pituk, REAS Nafarroako komunikazio arduraduna izateaz gain Landareko bazkide denak, proiektuan sakontzeko amu ederra bota digu: «Landare Iruñerrian ezaguna da, baina, Euskal Herriko beste txoko batzuetarako eredugarria izan daiteke»
Produktu ekologikoen kontsumitzaile elkartea da Landare, hala ere, bertan ez dituzte elikagai ekologikoak bakarrik saltzen, Goñiren iritziz, zigilu horrek ez duelako bermatzen elkarteak ekologikotzat duen guztia. «Noraino nahi dugu ekologikoa bakarrik? Zer balio dute gertutasunak eta konfiantzak? Non dago muga? Lantzen dugu zigilurik ez duenarekiko konfiantza baina konfiantza hori nolabait bermatu behar da». Bestalde, produktuaren egokitasuna ziurtatzeko zenbait parametro dituztela azaldu du: «garrantzia gehiago ematen diogu hortik bizi denari igandetako baratza duenari baino, edo emakumeekin lan egiten dutenei. Hainbat parametro ditugu eta horrekin nahiko zorrotzak gara».
Bide beretik mintzo da Pitu, ekologikoaz gain, kontuan hartzeko arlo gehiago badaudela uste du: 0km, ekoizpen jasangarria, inguruarekin errespetuzkoa, pertsonekiko errespetuzkoa. «Nafarroan landa eremuan oso baratze aberatsak ditugu, baina, zer baldintzetan ekoitzi diren ekologikoak diren hainbat produktu zalantzagarria da». Kontzientzia eta balore batzuen babesean izanagatik, denda bat denda bat da eta zer saldua izatea dagokio. Pituk dionez, «beti izango ditugu kanpotik ekarritako produktuak, kafea, adibidez, baina, bazkide bezala, konfiantza daukat erosten eta jaten dudana baldintza egokietan ekoitzia izan dela». Horrek lasaitasuna ematen dio, beste saltoki batzuetan aurkitzen ez duena.
Goñik adibide bat ekarri du:«Arbendolekin gertatu zaigu. Bertakoak ez ziren saltzen garesti zeudelako, beraz, bietatik izatea erabaki genuen, bertakoak eta kanpokoak». «Kontraesanak izango ditugu, baina, Landare saiatzen da printzipio batzuk bermatzen» ondorioztatu du Pituk.
Nekazari sindikatuak eta sindikatuk kanpoko nekazariak protestan ari diren honetan, merkaturatzaile eta kontsumitzaile ikuspegitik gaiari heldu diote. Izan ere, Goñik, Landareko barazki eta elikagai freskoen ardura du eta nabari du, azken urtean, ekoizle txikietan beherakada bat ematen ari dela, izan lan baldintza eskasengatik, klimaren ondorioz laboreak galtzen ari direlako eta beste zenbait arrazoirengatik. Horren aurrean, Landaretik egin dezaketena «ekoizle txikiak babestea eta laguntzea» omen da «planeta hobetzeko nekazarien beharra dugulako». Gisa horretako kontsumitzaile elkarte bat eragile interesgarria izan daiteke, ia 4.000 bazkidera heldu baita eta, bazkideek ez ezik beren gertukoek eros dezaketenez, balore bizigarrietan oinarritutako komunitate koxkorra delako. «Nafarroan agroekologian lan egiten duten hainbat nekazarik zailtasunak izan dituzte elikagaiak merkaturatzeko eta landarek hor ekarpen garrantzitsua egiten du» dio Pituk.
Kontzientzia da solasaldi guztian asko errepikatu den kontzeptua, aldiz, Pituren esanetan arrazoi ugari egon daitezke kontsumo talde batera hurbiltzeko: «batzuk osasuntsuago jan nahi dugulako, besteak prezioagatik, hurbiltasunagatik, baloreengatik… ». Landare, gainera, ez dabil bere kasa, ekonomia solidarioaren printzipioak eta koherentzia mantentzen saiatzen da, salgaietan ez ezik, erabiltzen dituen zerbitzu eta baliabideak helburu partekatuak dituzten entitateetakoan izaten ahalegintzen da. REAS Nafarroako komunikazio arduradunaren hitzetan, «Sare baten barruan zaudenean aukera duzu besteena ezagutzeko eta zure proiektuan integratzeko. Gainera, horrelako proiektuetatik beste proiektu batzuk sortu daitezke».
32 urteko ibilbide ederra ospagai, beraz, Landare produktu ekologikoen kontsumitzaile elkarteak. Ageriko beste adibide bat ikusteko nola garatu daitekeen komunitate kontzientziatu eta solidario bat bazkideen parte hartzeari, gertuko ekoizle eta eragileen sareari esker.