En direct

Eli Pagola

Interes ekonomikoak, boikota eta garbiketa etnikoa

XIX. mende amaieran Irlandako ‘nekazal gerran’ paper nabarmena izan zuen zapaltzaile gisa Charles Cunningham Boycott lur administrariak eta bere aurka egindako sabotaia baketsuaren ondorioz, gerora, boikot izena hartu du praktikak. Ez zen hura izan lehen boikot mugimendua, ezta azkena ere.

Audio_placeholder

Interes ekonomikoak, boikota eta garbiketa etnikoa

Loading player...
Bilbon Palestinaren alde egindako kontzentrazioa.
Bilbon Palestinaren alde egindako kontzentrazioa. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hamarkadaz hamarkada, erakutsi da boikota tresna erabilgarria dela zapaltzailea presionatzeko eta, gainera, maila sozialean, bat egin eta praktikatzeko estrategia erraza da.  2005ean, Palestinako 170 elkartek, errefuxiatu sarek, emakume erakundek eta sindikatuk Israelen kontrako Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpaina (BDZ/BDS) abiarazi zuten, arlo politiko, ekonomiko, kultural eta akademikoan Israel modu erreal batean presionatzeko oinarrizko hiru eskubideren izenean: errefuxiatuen etxera itzultzeko eskubidea, 1948ko lurraldetako palestinarren apartheida eta palestinar lurren okupazioa amaitzea.

Euskal Herrian ere badira Palestinarekin bat egiteko dinamikak, Palestinarekin Elkartasuna, kasu. Plataforma horrek berak deitu du manifestazio nazionala urtarrilaren 27an, Ordizian. Dinamikako kideen arabera, CAFek eta Saphir eraikuntza enpresa israeldarrak Jerusalemgo tren arinaren hedapenean parte hartzen dute eta erakunde sionistak «nazioarteko komunitatea deritzon eta CAF bezalako enpresen konplizitateari esker baino ezin du mantendu palestinarren aurkako okupazio, kolonizazio eta apartheid erregimena». Plataformako kide den Lurrekin (ezizena) hitz egin dugu manifestazioaren nondik norakoak ezagutzeko. Militantearen esatetan, Euskal Herritik, «gure zeregina da entitate sionista edo Israelen izaera genozida salatzea eta Palestinarren erresistentzia babestea» eta nabarmendu du Euskal Herrian bertan badirela «konplizitateak» eta ematen ari den «normalizazioari aurre egin» nahi diotela.

Espresio asko ditu Israelekiko konplizitateak eta horiek denak «orokorrean» salatu nahi dituzte hilaren 27ko manifestazioan. Hala ere, «Euskal Herrian lur-hartze aldera eta dituen harreman politiko eta ekonomikoak tarteko», mobilizazioa CAF enpresa salatzeko hobetsi dute. «Elkartasun mugimenduetatik 2015etik ari gara seinalatzen CAF eta eskatzen geldiarazteko Jerusalemen duen tranbia proiektua zein eremu horretan dituen beste inbertsio batzuk». Kexu da aktibista, esanez, tranbia horrek aukera ematen diela «kolono israeldarrei literalki Palestinaren gainetik pasatzeko» eta operazio horretan enpresak lagun dituela euskal entitate publikoak.

Lan munduari erreferentzia eginik, gogorarazi du tranbiaren eraikuntza ez dela «harreman ekonomiko soila», «garbiketa etnikoa bultzaten duen praktika» dela eta Palestinarekin Elkartasuna dinamika ez dela hori salatzen duen lehen egitura -mundu mailan sionismoarekin elkarlana egozten zaien enpresa esanguratsuen artean dago CAF-  are gehiago, «CAFeko langile batzordeak berak eskatu izan du proiektua bertan behera uzteko».

Herritarrengana ere zuzendu da ekimeneko kidea esanaz BDZ kanpainak «hainbat dei zehatz» egiten dituela eta komeni dela «estrategikoki jokatzea boikoterako helburu zehatzak jarraituz». Botere ekonomikoak zapalkuntza bide ugari ditu eta nola aurre egin ez dagoela dirudi sarri, hala ere, aktibistak oroitarazi du presioaren eta kontsumoaren bidez eragiteko indar handia dagoela eta Israeldar espresio guztiak desnormalizatzen jarraitzeko deia egin du. Izan ere, «Israel ez da herrialde normal bat, baizik eta entitate bat garbiketa etnikora bideratua eta base militar erraldoi bat bizi dena mendebaldearen konplizitate politiko ekonomiko eta kulturaletik».

Palestinar lurren defentsan eta herriarekin elkartasunean, urtarrilaren 27an Ordizian egingo den manifestazio nazionalerako deia egin du, beraz, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak.

Jaurlaritza Logoa