En direct

Peli Lekuona
Entrevue
Denis Itxaso
Gobernu espainolaren ordezkaria EAEn

«Legeak indarrean badaude ez dago ezohiko espetxe politikarik; Gobernuak ez ditu aldatuko»

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariak dio euskal preso politikoei «legedi arrunta» aplikatzen zaiela gaur egun, eta adierazi du ez dagoela Gobernuaren agendan 5/2003 edota 7/2014 bezalako legeak aldatzea. Zubietatik Artaxoara eramandako lixibatuen inguruan nahikoa informaziorik ez duela dio.

Audio_placeholder

«Legeak indarrean badaude ez dago ezohiko espetxe politikarik; Gobernuak ez ditu aldatuko»

Loading player...
Denis Itxaso Espainiako gobernuko ordezkari kargua hartzen 2020an
Denis Itxaso Espainiako gobernuko ordezkari kargua hartzen 2020an (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Denis Itxasorentzat, Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariarentzat, egun euskal preso politikoek ez dute salbuespen legedirik pairatzen. Horrela nabarmendu du gaur asteazkena NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan. «ETAk bere jarduerarekin jarraitzen zuen bitartean ETAko presoei aplikatzen zitzaiena politika antiterrorista bat zen. Horren inguruan eztabaida egon zitekeela onartzen dut. Sakabanaketa politika antiterrorista zen», adierazi du.

«ETAren jarduera eta aktibitate terrorista amaitu zenean aplikatu izan dena ordenamendu juridiko arrunta izan da. Horrek esan nahi du espetxeratuta dauden ETAko kide guztiak graduz aldatzeko bete behar dituzten baldintzak betetzen baldin badituzte aukera hori dutela. Horretaz aparte, legediak esaten duen moduan jatorritik ahalik eta gertuen bete behar dituzte zigorrak. Hori da espetxe legediak esaten duen eta hori da betetzen ari dena terrorismoa bukatu zenetik», gaineratu du Itxasok.

Sarek eskatu bezala zigor batuketa eta fiskalek graduen aldaketari buruzko helegiteen inguruko legeak aldatzeko aukerari buruz ezezko biribila bota du Itxasok. «Gobernu espainolak ez dauka asmorik indarrean dagoen terrorismoaren inguruko legea aldatzeko. Ez dago agenda politikoan», bota du.

Errauskailua eta Urdaibai

Zubietako errauskailutik Artaxoara eraman dituzten lixibiatu toxikoei buruz ez duela ez aparteko informaziorik ez iritzirik esan du. Guardia Zibila afera ikertzen ari dela eta txostena egiten duenean epaileen eskuetan utziko duela hauek erabakiak hartzeko azaldu du. «Baina puntu horretara ez gara iritsi», esan du.

Urdaibaiko Guggenheim proiektuari buruz ekimenaren bultzatzaileek zalantzak bota dituztelako kezkati azaldu da Itxaso. Lakuako Gobernuaren jarrera ez duela momentuz ezagutzen. Gobernu espainolak EAJren eskaerari erantzunez 40 milioi euro bideratu zituela gogoratu du. «Planteatu diren proiektuak zentzu badute trantsizio ekologikoari begira, baina museoren baldintza zegoen», gogoratu du.

Martxoak 3 eta Avenida zubia

Gasteizko Martxoaren 3a gogoratzeko fundazioa martxan ez dagoela nabarmendu ondoren, Gobernu espainola bertan parte hartzeko prest dela nabarmendu du. EH Bilduk eskatuta 600.000 euroko partida bideratu zuen Madrilek, baina fundazioa osatu ez denez ezin izan da bideratu. Gasteizen bezala trantsizioa delako garaian Estatuko hainbat tokitan giza eskubideen urraketak izan zirela esan du Itxasok, hori gogoratzeko zentro bat komenigarria dela azpimarratuz.

Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubian ez direla estatu frantses eta espainolaren patruila mistorik izango nabarmendu du Itxasok. Gai honetan, Schengen akordioa aldarrikatu du. Europar Batasunean estatuen arteko mugak «aspaldi altxatu zirela» gogoratu du eta muga horiek pasatzeko «askatasun osoa egon beharko litzatekeela» erantsi du. «Hori indarrean dago», azpimarratu du.

 

Jaurlaritza Logoa