En direct
«Klubak uztailaren 3az geroztik zuen Mario Lopezen sexu abusuen berri»
Gernikako Sare Feministak Lointek Gernikak Mario Lopezen erasoen berri udara hasieratik zuela dio. Arlette Apraiz kideak klubarekin izandako kontaktu guztiak xehetasunez deskribatu ditu NAIZ Irratian. Zuzendaritza gezurretan ari dela dio, baina pozik da herrian ez delako haien errelatoa sinetsi.
«Klubak uztailaren 3az geroztik zuen Mario Lopezen sexu abusuen berri»
Urte luzez Lointek Gernika taldeko entrenatzaile eta kirol zuzendari izandako Mario Lopezen aurkako prozesu judiziala martxan da, 13 urteko adin txikiko baten aurkako sexu abusu salaketa dela medio. Une honetan ebazpenaren zain daude. Polemika taldeak Lopez kirol egituran mantendu zuela jakin ostean handitu da, zuzendaritzak salaketaren berri zuen arren.
Gernikako Sare Feministak deituta, Lopezen inpunitatea eta klubaren konplizitatea salatzera atera dira herritarrak astelehen honetan. Pozik eta harro agertu da Arlette Apraiz sareko kidea herriak emandako erantzunarekin, bi errelatoen artean, herrian biktimarena nagusitu baita bere ustez.
Lointek Gernika taldeak dio pasa den igandean albistea prentsan agertu arte klubak ez zuela sexu abusuen berri. Juan Carlos Soto del Castillo taldearen abokatuak prentsaurrean egindako adierazpenen arabera, Mario Lopezek berak jakinarazi zion klubari udaran jazarpenarekin lotutako salaketa bat jaso zuela, baina ez zioten garrantzirik eman, prozesu judizialik ez zegoelako tarteko eta, abokatuaren hitzean, «prentsan agertutako gertakizunen dimentsioaren» jakitun ez zirelako.
Lehen kontaktuak, uztailan
Gernikako Sare Feministak Lointek Gernika gezurretan ari dela dio. Ekainaren 28an haietako kide batek adin txikiko bati sexu erasoak egitea egotzita Mario Lopezen aurkako prozesu judizial bat zabalik zegoela jakin zuen. Une horretan Lopez haurren campus baten arduraduna zen. Egoeraren larritasuna dela eta, zuzendaritzarekin lehenbailehen biltzeko asmoz klubarekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Kostata, baina lehen bilera uztailaren 3an egin zuten.
Bilera horretan jasotako informazioaren berri eman zioten zuzendaritzari. «Guk ez genekien beraiek zerbait ote zekiten ala ez. Eskuzabal joan ginen». Haien kezka bi norabidetan planteatu zuten. Lehena, haurren campusari dagokionez, «urgentea ikusten genuela umeen espazioetatik apartatua izan behar zela gizon hori». Eta, bigarrena, «biktimaren erreparazio prozesu baterako pertsona hori ezin zela prestigiodun postu batean mantendu».
Campusa hurrengo egunean amaitzen zela eta Lopezek haurrekin ez zuela berriz ere lan egingo erantzun zuen zuzendaritzak. Entrenatzaile kargutik kentzeko eskaerari dagokionez, zailtasunak mahaigaineratu zituen zuzendaritzak; ez baitzen erraza izango «prestigio eta kategoria horretako ordezko bat» topatzea. «Noski, momentu guztietan abstraitzen dira pertsona honek prestigio eta botere hori lortu duela 20 urtez baino gehiago izan duen inpunitateari esker» salatu du Apraizek.
Uztailean eta abuztuan zehar lau bilera gehiago egin zituzten bi aldeek, akordio batera iritsi nahian eta, Apraizen hitzetan, ordezkoaren bilaketan «margena emateko». Abuztu bukaeran prentsa bidez jakin zuen sare feministak denboraldi berrian Mario Lopezek entrenatzaile izaten segiko zuela. Berri horren osteko bilkuran, abuztuaren 24an, eten zuten feministek interlokuzioa.
Postu aldaketa, aldaketa gutxirekin
Abuztuaren 24ko bilera horretan zuzendaritzak Sare Feministako kideei emandako azalpenen arabera, klubak jokalari, juntakide eta sponsorrekin hitz egin zuten eta inork ez zuela arazorik ikusten Lopezen berritzearekin esan zieten. Jokalari batekin harremanetan jartzen saiatu ziren, zuzendaritzak emandako errelatoa ezagutu asmoz, baina zuzendaritzaren deia jaso zuten bueltan, jokalariak «koakzionatzen eta intimidatzen» ari zirela leporatuz. Zentzu horretan, aipatzekoa da Angie Bjorklund jokalari estatubatuarraren kasua. Arrazoiak zehaztu gabe taldea utzi zuen eta berriki irteeraren arrazoia Mario Lopez zela jakinarazi du sare sozialetan.
Hurrengo egunean bigarren dei bat jaso zuten zuzendaritzren partetik, Mario Lopez entrenatzaile izatetik kirol arduradun kargura igaroko zela esateko eta beraz, bakean uzteko eskatuz. Sorpresaz hartu zuten berria; «prudentziaz, baina, lasai» gelditu ziren.
Prestigodun postu batetik prestigiodun beste postu batera pasa zuten Lopez mugimendu feministaren iritziz; hurrengo egunean telebistan agertu baitzen Lopez adierazpen batzuk egiten kirol zuzendari gisa. «Adarra jo digute hasieratik, eta zein modutan!»
«Ez dago ezer sostengatzen duenik klubak ez zekiela ezer»
Zuzendaritzarekin interlokuzio guztiak etenda, prentsaren bitartez jasotzen ari dira azken berriak Sare Feministako kideak. Astelehen honetan, ezohiko batzarra ospatu ostean, Lointek taldeak Mario Lopezen kaleratzea baieztatu du ohar bidez. Klubak behin baino gehiagotan adierazi du zuzendaritzak ez duela inoiz sexu erasoen berri izan igandean albistea kaleratu zen arte. Hala azpimarratu zuten, irmoki, oharrean. Apraizen ustez, agerikoa da kluba gezurretan ari dela eta bere posizioa denfendatzeko ezintasunean, ezkutatzeko erabakia hartu dute.
Azaldu duen moduan, informazio asko filtrazioaren bitartez jaso dute eta beraz, haiek ziurra duten informazio bakarra egindako kudeaketaren araberakoa dela argudiatu du. Erasoen inguruko datuak, juntan emandako mugimenduak... Horien berri ez dute izan aurrez. «Jakin dakiguna eta demostratu dezakeguna da uztailaren 3an batu ginela honi irtenbide bat emateko».