En direct
Etiketa berdea, merkantilizazioaren aurkako proposamen etikoa
Mendi lasterketen neurrigabeko hazkuntzak orain arte arnasgune ziren inguru naturalak kapitalaren menpe jarri izanagatik kezkatuta, korrikalariek, antolatzaileek eta beste zenbait kolektibok etiketa berdea proiektu etikoa abian jarri dute: gailurren merkantilizazioen aurrean, aldarri emozional bat.
Etiketa berdea, merkantilizazioaren aurkako proposamen etikoa
Etiketa berdea hausnarketa bat da. Mendi lasterketen inguruan ibili izan garen korrikalarien, antolakuntza kideen eta zenbait lagunen artean sortutakoa. Ikusi dugu mundu honek izan duela bilakaera bat apur bat arraroa, edo gutxienez gure filosofiarekin bat ez datorrena, eta horren inguruan buelta batzuk ematen hasi ginen gaiari», azaldu zuen ekimen honen sortzaileetako bat den Gotzon Idirinek, NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. «Ikusi dugu dirua erruz sartu dela, enpresak sartu direla... eta denak jasangarritasunaren kalterako. Lanketa horren ondoren, dekalogo bat atera zitzaigun, guretzat mendi proba batek beharko lituzkeen puntuak bilduz. Hori da honen esentzia», adierazi zuen.
Historikoki, mendizaletasuna gurean beti balore batzuei lotua izan da: inguruarekiko eta beste mendizaleekiko errespetua eta begirunea. Eta hauek kolokan ikusita, Oihana Azkorbebeitiak ez zuen bi aldiz pentsatu, Idirinen proiektura lotzeko gonbita jaso zuenean. Korrikalari bizkaitarrak oso argi du, gainera, ekimen honekin bilatzen duena, giro honetan mugitzen diren guztiei toke bat «edo bi» eman, kontzientzia pizteko. Ondorengoei ere, berak mendiarekin eta naturarekin gozatu duena bermatzea nahiko luke.
«Euskal Herrian sartuta dugun mendizaletasun kultura horregatik, agian ez da hainbeste ematen, baina ni munduan zehar lasterketa garrantzitsuetan nabil eta hor bai ikusten dira jarrera desegokiak. Azkena Grignen, Italian lehiatu nuen eta 14 bat gel batuko nituen lasterketan zehar. Nik ezin dut gel bat ikusi eta batu gabe utzi, baina ni pasatu aurretik jende asko igaro zen eta ez zituzten batu», azaldu zuen abadiñarrak.
Gotzon Idirinen diagnostikoa bat dator Azkorbebeitiarenarekin. «Niretzat mendizaletasuna mendia zaintzea da, baina baita beste kirolarienganako errespetua ere. Lasterketak lehia dira, baina horrek ez du esan nahi dena balekoa denik. Adibidez, ikusi ditugu kasuak non lehiakide batek istripu bat izan duen, edo ondoezak eman dion, eta inor ez den artatzera geratu. Hori guretzat ez da aukera bat, gauza horiek ez ziren horrela gertatzen», esan zuen.
Beste kiroletatik
Arazoaren iturburuak identifikatzean ere nahiko ados daude bi mintzakideak. «Azken urteetan hainbeste jende hasi da mundu honetan, beharbada asko beste kirol batzuetatik, triatloitik, atletismotik... modan jarri delako, eta balore horiek ez ditu ezagutu edo bidean galdu dira lehiaren izenean, eta hori da guk manifestuan aldarrikatzen duguna», jarraitu zuen arratiarrak.
«Etika eta logika aldetik mendia zer den ikusi behar da. Ez du balio ni asfaltoan ibiltzen naiz eta mendira noa. Mendia ez da errepide bat edo atletismo pista bat. Erronka da jendeak ezagutu dezala mendia zer den, arnastu dezala», gaineratu zuen Azkorbebeitiak. Jendeari hausnarrarazi behar diogu, «batez ere errepidetik datorren jendeari. Jende asko ezagutzen dut mendian bere kaskoekin dabilena, lurrera begira, eta ez zaituela agurtu ere egiten», nabarmendu zuen.
Hiru Ardatzeko dekalogoa
Heziketa lan horretarako, ekimen honen bultzatzaileek hiru oinarri nagusi dituen dekalogo trinko bat osatu dute: «Natura zaintzea eta gure urrats ekologikoa gutxitzea izango da helburu nagusia». Korrikalari guztiek trataera berdina izango dute, eta lasterketa etiko hauek elkarbizitza baikor bat bultzatuko dute. Dekalogo hori bete eta betetzeko konpromisoa hartzen duten lasterketek jasoko dute etiketa berdea. Hori bai, «guk ez dugu zurikeriarik nahi, edo etiketa bat jartzen duten lasterketak, nahiz eta bertan esaten dena ez sinistu. Garrantzitsua da horretan sinistea, kontziente izatea. Guk uste dugu, ekonomiaz harago, badela beste ikuspuntu bat, beste pentsatzeko era bat. Gaur egun dena da etekina, dortsal garestiak... Beharbada dugun eraginean fijatu beharko genuke».
Dekalogo horrek era guztietako aholkuak batzen ditu, baita bete beharreko zenbait arau ere. «Dortsal kopurua murriztea da gure marra gorrietako bat. Azkenean enpresa pilo bat sartu dira, eta hauek ikuspegi merkantilista batetik ikusten dutena da, zenbat eta dortsal gehiago saldu, etekina handiagoa izango dela. Baina denak ez du balio. 3.000 pertsonako lasterketa batek sekulako eragina du mendian, eta uste dugu hori arautu beharra dagoela», azaldu zuen Idirinek. «Behobia batean 50.000 pertsonek parte hartzeak eragin gutxiago izan dezake, adibidez, mendi lasterketa batean 1.500 pertsona aritzeak baino; edo, proba modan dagoelako, mendi punta batean 100 ikusle pilatzek baino. Gu beste probetatik desberdin egiten gaituena testuingurua da. Gure testuingurua mendia da. Natura zaindu behar da, guk txikitzen badugu, berreskuratzea asko kostatuko da eta».
Uste baino erantzun hobea
Momentuz, etiketa berdea ekimenak «uste baino erantzun hobea» izan du. Gaur egun ia 30 lasterketa batu dira, eta beste dozena erditik gora ere batzekotan dira. Gehienak Euskal Herrikoak, baina Herrialde Katalanetan ere hasi da mugimendua, baita Estatu espainoleko Pirinioetako beste batzuetan ere. «Baina gure helburua ez da lasterketa kopuru bat batzea; kontua da kezka hau, hausnarketa hau gizarteratzea».
Gainera, mugimendu hau mendi lasterketen inguruan hasi bazen ere, bestelako probak ere batzen hasi dira. «Mendi martxa eta lasterketen artean dagoen muga hain da lausoa», hau baliagarria izan daitekeela esparru horretan ere. Euskal Herrian den mendi eski lasterketa bakarra ere, Bandres-Karolo Memoriala batu da ekimenera.