En direct

Eli Pagola

Erabiliko al zenuke plastiko zati txikiz betetako konposta?

Etxeko egin zaizkigu poltsa biodegradagarri eta konpostagarriak. Zalantzan jarri da, ordea, ea benetan ote diren biodegradagarriak, toxikotasunik eragiten ote duten edo zein den kudeaketa egokiena. Gaiari heldu diogu  adituak diren Junkal Gutierrez eta Gorka Gallastegi ikerlariekin.

Audio_placeholder

Erabiliko al zenuke plastiko zati txikiz betetako konposta?

Loading player...
Poltsa biodegradagarri eta konpostagarriak.
Poltsa biodegradagarri eta konpostagarriak. (NAIZ irratia)

EHUko Agenda 2030 dokumentuaren barruan badaude plan sektorial desberdinak eta horien artean dago Planeta Campus, ingurumen erronkei aurre egiteko atala. Atal horren baitan kokatzen da Campus Bizia Lab programa, eta bertan, unibertsitatearen desafio komun baten inguruan Gradu Amaierako Lan edo Master Amaierako Lan bateratuak egiten dira. Horrela, Unibertsitateko Gasteizko kafetegiko hondakinak konpostatzeko lana garatu zuten ingeniaritza mekanikoko, elektronikoko eta kimikoko ikasleek, alegia, konpostaren bueltan, hiru diziplinak landu zituzten. Egungo hondakin organikoetan poltsa biodegradagarriak ugaritu direla ikusiz, horri ere erreparatu zioten eta polimero horien deskonposatze maila eta eragina ikertzeko aprobetxatu zuten. Ikerketa hori baliatuz, lanaren zuzendari izandako Juncal Gutierrez eta Gorka Gallastegi bildu ditugu.

Zer dela eta da erabileraren gorakada hau? Legea dago alde batetik; besterik?

Gorka Gallastegi: 2018an sartutako errege dekretu batean esaten zen 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera ezin direla plastikozko poltsa arinak banatu, horren ordez, poltsa konpostagarriak banatuko direla. Erosketak egitean, orain, duzun aukera bakarra poltsa konpostagarriak dira. Zer egiten du jendeak? fruta bakoitzeko, barazki bakoitzeko, poltsa bana hartu. konpostagarriak direnez, biohondakinekin batera kubo marroira botatzen dira. Beraz, pasa gara poltsa gabeko hondakin batetik poltsa asko dituen hondakin mota batera.

Juncal Gutierrez: Konpostagarriak diren poltsak polimero termoplastikoak dira eta hondakin begetalekin egiten dira, normalean, almidoiarekin. Kate horiek gurutzatzen dira eta polimeroa eratzen da; ondoren, filmak egin daitezke eta, kasu honetan, poltsak ere bai.

Ikerketaren berezitasuna bada urtez urte arlo ezberdinetako ikasleak nork bere lana egiten ibili izana eta, era berean, diziplinen arteko loturak egin izana. Etapa desberdinak izan dituen lana da, beraz, eta horietako baten erabaki zenuten poltsa konpostagarriak aintzat hartzea.

G.G.: Ikusi genuen poltsek hondakin biodegradagarrien %5-10 inguruko garrantzia izan zezaketela.

J.G.: Bi konpostagailu genituen. Batean poltsak ere konpostatu genituen eta bestean ez, kontrol moduan.

G.G.: Guk bagenekien poltsak konpostagarriak zirela eta konpostatu behar zirela, zeren, horretarako daukate UNE bat atzean eta OK Conpost Home zigilua. Horrek esan nahi du etxeko konpostaren baldintzetan degradatuko direla. Zigiluak dio %90 degradatuko dela eta ikusi nahi genuen degradatzen ez den %10ak zelako eragina duen konpostaren heldutze prozesuan eta lortzen den produktuaren kalitatean eta erabilgarritasunean.

Eta, degradatu al ziren?

J.G.: Bada, printzipioz, baietz esango genuke, legediak eskatzen duena betetzen dute. Legediak dio ez dela erabat degradatu behar, baizik eta, OKCH-ren kasuan, 12 hilabeteko periodoaren ostean lortu behar diren zatien azalera 4 mm2 (2 x 2 mm) baino txikiagoa izan behar dela. Gure kasuan hala izan da.

Horrek badu eraginik gainerako konpostean?

J.G.: Konpostaren kalitatean ez nuke esango, baina bai egunerokotasunean. Ralucari (ikasleari) galdetzen badiogu, berak esango digu mantentze prozesua zaildu egiten dutela poltsak irabiagailuan korapilatzen baitira, uraren banaketa kontu handiagoz egin behar dela... Hala ere, bi konposten prozesua ia-ia berdina izan da, baita neurtutako parametroen aldetik ere. Gure hipotesien arabera, kalitatean eragingo zuen baina ez da hala izan, kalitate oneko konposta lortu da.

G.G.: Fraisoroko laborategian egin ziguten karakterizazio fisiko-kimikoa eta emaitza oso antzekoak izan ziren. Gainera, %4ko masa berreskuratu dugu polimeroetan, gauza da, ordea, %4 horrek duen bolumena. Dentsitate oso baxua dute, beraz, masa gutxi bolumen aipagarria da, baina, kalitatean ez du eraginik.

Poltsa hauetan etiketak jartzen ditugu. Horiekin zer gertatzen da?

G.G.: Fruta edo barazkiak erostean etiketa jartzen diogu poltsari eta, normalean, etxean ez dugu ez poltsa zatitzen, ez etiketa kentzen. Etiketa horiek ez dute konpostagarritasun zigilurik, baina, gehienetan konpostara doazenez, ikusi nahi genuen zer eragin zuten.

J.G.: Etiketa batean papera, tinta eta itsasgarria daude eta, poltsetara itsatsita, konpostaren etapa ezberdinetan murgildu genituen degradagarritasuna ikertzeko.

G.G.: Pegatina mikroorganismoen aktibitatea handia zenean egokitzen bazen, pixkanaka degradatzen zen baina konposta heldutze prozesuan bazegoen, etiketa berdin mantentzen zen. Ondorioz, gomendioa da etiketa ez botatzea konpostera.

Poltsa biodegradagarriek toxizitatea dutela agertu dute Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) ikertzaileek.

J.G.: Guk aztertutako faktoreetan ez dugu horrelako emaitzarik jaso. Kontua da plazaratu diren ikerketetan lixibiatuak izan dituztela aipagai eta guk ez dugu hori aztertu.

Beraz, gomendagarria da etxeko konpostean poltsa hauek botatzea?

G.G.: Bai. Poltsa hauek konpostagarriak dira baina lantxo batzuk egin behar dira bota aurretik: etiketa kendu, ahalik eta gehien txikitu eta, ahal den heinean, kantitate txikiak botatzea.

J.G.: Azkenean, geratzen diren plastiko zati txiki horiek organikoa dira, karbono hidrogenoa, gainerako hondakin organikoak bezala. Baina, propietate aldetik primeran egonda ere, prest al gaude ikusteko eta erabiltzeko konpost bat plastiko zati txikiekin? Buelta bat eman behar diogu horri.

Jaurlaritza Logoa