En direct
Hilabete baino gutxiago da Gernikan Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka manifestazio jendetsua egin zela eta, horren harira, Gotxik onartu du esperotako erantzuna izan dela, aurretik «sukalde lan handia» egin baitzuten. Guggenheim Urdaibai Stop ez da makroproiektu honen aurrean sortu den lehen taldea —2008-2009an aurkeztu zen egitasmoarekin antolatu zen beste mugimendu herritar bat— baina proiektua gero eta errealagoa izateak halako plataforma herritar bat martxan jartzeko premia erakutsi zien. «Hemen planteatu zen lehen Guggenheima 2008-2009an izan zen. Kontua da ez zela garai egokia izan hainbat gauzagatik: politikoki Bizkaiko Foru Aldundian EAJ zegoen eta Eusko Jaurlaritzan Patxi Lopez, beraz, politikoki ez zen une egokia izan eta, bestalde, krisialdi handia etorri zen. Orain ikusi duguna da hainbat urte pasa direla eta egoera berean gaudela, Lekua aldatu da Sukarrietatik biosferaren bihotzera, baina, egoera berdin-berdina da».
Ordea, egoera politikoa da aldatu dena ala aldagai gehiago? Gotxik ez du oso argi, dioenez, orain arte EAJ izan da proiektu honen aldeko iritzia eman duen alderdi bakarra baina PSE-EEk adierazi izan du gobernu akordioak daudela. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak 40.000.000 € gordeak ditu Guggenheimarentzat eta, joan den uztailaren 4an, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko ministeriotik beste 40.000.000 € jaso ziren, Aitor Estebanek esan zuenez, EAJrekin egindako akordio baten ondorio. Baina saltzen dutena eta errealitatea ez datoz bat. Hitzarmeneko dirua, datorren ministeriotik etorrita, ingurumena hobetzeko 13 ekintzetarako da ez museoa egiteko. «Eta hitzarmenean ere badago zeri buelta eman, zeren, 13 ekintzetako bigarrenak dio dirulaguntzaren zati bat erabiliko dela Muruetako ontziola zaharrak botatzeko, garbitzeko eta bertako lurretako kutsadura kentzeko. Ulertzera eman nahi da enpresa hori ez dagoela aktibo eta ez da egia». Gainera, aktibo dagoen enpresa batek lurra kutsatzen badu, bere ardura da deskontaminazioa egitea eta kasu honetan diru publikoa bideratu nahi da horretarako. Bestalde, «ontziolak biosferan duen aktibitatea aldatuz joan da inolako baimenik eskatu gabe eta horrek eragin handia izan du inguru naturalean».
Bizkaiko Foru Aldundiak Espainiako Gobernuari 2022an eskaria egin zion itsas mailaren babesa 100 metrotik 20 metrora jaisteko, «zeren, bestela, ontziola dagoen lekuan, bigarren eraikina kokatu nahi duten lekuan, ez zaie museoa kabitzen». Babes-eremuen neurriak aldatzea dela eta, Plataformako kideak argi salatzen du: «Bizkaian dugun lekurik babestuena jausten bada, bertan museo bat jartzeko asmoa aurrera eramanen bada, zer gertatuko da Bizkaiko kosta guztiarekin? Leku batean babesa murriztu daiteke eta beste batzuetan ez? zergatik? Urbanizazio legeak, plan territorialak eta beste hainbat lege aldatzen ari dira museo horri kokapena emateko».
Guggenheimaren proiektuak baditu bereizgarri gehiago. Ez dute aurkeztu proiektu integral eta oso bezala, baizik eta zati ezberdinetan. Horrek eskatzen duena da zati bakoitzari alegazioak ipintzen ibili beharra. Informazio bilketa, berriz, «ezinezkoa» ari zaie egiten. Zain dezagun Urdaibaik —Guggenheim Urdaibai Stop plataforma barruan duen elkarte ofizialak— eskubide batzuk ditu eta Bizkaiko Batzar Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundian eta eskualdeko hainbat udaletan eskatu izan du informazioa. «Lehen biek ukatu egin izan digute eta hirugarrenek ez duteinformaziorik». Proiektu honen gaineko informazioa gutxi batzuk baino ez dute eta hori ere «oso salagarria da», zeren, Aarhus hitzarmenaren arabera, herritarrek eskubidea dute ingurumenean eragina duten proiektu publikoen gaineko informazioa jasotzeko, parte hartzeko eta iritzia emateko eta, bat ez badatoz, epaitegietara eramateko.
Museo proiektuaren alde, eskualdean izango duen eragin ekonomiko positiboa aipatzen da eta Gotxik, hor ere, zorrotz erantzun du: «Gure eskualdeak behar handiak ditu, hori errealitate bat da eta ukatzen duenak ez du eskualdea ezagutzen. Gure eskualdearen egoera sozioekonomikoa ez da ona: ur-azpiegitura eskasak ditugu, ur-hornidura falta daukagu, saneamendu azpiegiturak amaitu gabe daude, anbulategi lanak egiten dituen ospitale bat dugu azkeneko planta hutsik duena, etxe-alokairua ezinezkoa da, nekazaritza eta arrantza sektoreen egoera larria da… Baina ez dugu onartuko esatea Guggenheim museoak eskualdea biziberrituko duela». Prozesua martxan jartzeko 130.000.000 € beharko dituztela kalkulatu du New Yorkeko Cooper Anderson arkitektu bulegoak eta esaten dute 130.000.000 € inbertituko dituztela eskualdean eta Gotxik argi dio: hori ez da egia. «Inbertituko dituzte, bai, baina Guggenheim Fundazioaren poltsikoan eta horren ondoren, eskualde guzti bat geratuko litzateke turismoaren mende, museo horien etorkizuna ona denare edo ez denaren mende. Turismoak lur jotzen duenean zertaz biziko da eskualde oso bat? Bestalde, diote museoa urtean 3 hilabetez zabalduko dela. Zelako lanpostuak dira 3 hilabetez lan egin eta duintasunez bizitzeko aukera ematen dutenak? Guztiz prekarioak dira».
Urdaibaitik harago doan kontua da Guggenheimarena. «Krontuan izan behar dugu diru publikoa denona dela, kontu hau guztion ardura dela eta biosferaren babesaren ardura guztiona dela. Gure asmoa da ahalik eta gehien zabaltzea eta ahalik eta atxikimendu gehien lortzea proiektuaren aurka». Herritarren benetako nahia zein den azaleratu nahi da eta ea proiektua nahi horren gainetik egiteko prest dauden. «Zeren, Unai Rementeriak bere garaian esan zuen proiektua “bai ala bai” egingo zela eta bere ondorengoak, Elixabete Etxanobek, grazia egin nahian edo boterea erakutsi nahian, hitz berdinak erabili ditu. Demokrazia batean, herritarrek informaziorik ez duten proiektu batez bai ala bai egingo dela esatea oso larria da».