En direct

Eli Pagola

«Higatzen dugun lurra galtzen badugu, hormigoiztatzen duguna are gehiago»

Zerbait hankapean hartua izan dela esatean, mendean hartu dela esaten da eta hankapean erabiltzeak gutxiespenen erabiltzea. Nahia Gartzia Bengoetxea edafologoa eta Neikerreko ikerlariarekin lurzorua izango dugu hizpide, hartua edo erabilia ikusiko dugu, baina behintzat, hankapean duguna.

Audio_placeholder

«Higatzen dugun lurra galtzen badugu, hormigoiztatzen duguna are gehiago»

Loading player...
Nahia Gartzia Bengoetxea edafologoa
Nahia Gartzia Bengoetxea edafologoa (Nahia Gartzia)

Zer da lurzorua?

Lur planetaren gainazalean dagoen metro bateko edo, asko jota, bi metroko sakonera duen geruza fin horri deitzen diogu lurzorua. Bera da Lur planetan bizitza posible egiten duen natur baliabide garrantzitsuenetako bat. Hainbat zerbitzu ekosistemiko ematen dizkigu, pentsa, guk kontsumitzen dugunaren % 99k, oinarrian, lurzorua dauka. Gainera, kontuan hartu, Lur planetako biodibertsitatearen laurdena lurzoruan dagoela. Osaketari dagokionez, berriz, bost faktore formatzaile daude: Arroka, klima, organismoak, orografia eta denbora.  

Klima aldaketak zer eragin izan dezake?

Klima aldaketaren eragin zuzenena da materia organikoaren mineralizazioarekin lotuta dagoena. Klima epeletan, lurzoru zentimetro bat sortzeko 100 urte behar ditugu; klima hotzetan, mila urte. Horregatik esaten da, lurzorua giza eskalan berreskuratu ezin daitekeen baliabidea dela. Orduan, klimak tenperaturak eta hezetasunak aldatzen dituen heinean, sorrera abiadurak ere aldatzen ditu, bertan bizi diren organismoetan eragina du eta elkarrekintza guztiak eralda ditzake. Tenperatura altuetan mineralizazioa bizkortu eta materia organikoaren galera bat eman daiteke eta galera hori da degradazioaren arriskuetako bat. Egia da, hala ere, lurzoruaren erabileraren arabera eragin horiek bizkortu edo moteldu egin daitezkeela.

Zer da lurzoru osasuntsu bat?

Ondo funtzionatzeko gaitasuna duena, hau da, funtzio ekosistemiko guztiak ondo burutzeko gai dena: iragazpena burutzen duena, biodibertsoa, materia organikoaren zikloa eta birziklapena ondo egiten duena…

FAO-k dio lurtzoruen herena baino gehiago degradatua dagoela erabilpen desegokiaren ondorioz.

Erabilera desegokiagatik lurzorua degradatu egiten da eta, horrek, beste ondorio batzuk ditu. Kontuan hartzen ez badugu lurzorua natur baliabide bat dela, bere sorrera-abiadura duela, funtzionatzeko bere modua duela, eta, erabilera gehiegizkoa egiten badugu, lortzen duguna da funtzioak egoki betetzeko gaitasunak galtzen joatea: materia organikoaren galera, egonkortasun galera, higadura arriskua, erreken eta, ondorioz, ur edangarrien kutsatze arriskua, etab.

Lurzorua berreskuratzeko ze modu daude?

Nekazal lurzoruetan proposatzen den ekintza ohikoena da materia organikoa gehitzea eta baso-lurzoruetan, ez soiltzea. Izan ere, lurzorua soiltzen dugunean, euri urak indar handiz jotzen du eta lurzorua askatu eta maldan behera joaten da, higatu egiten da. Behin higatzen den lurzorua ezin da berreskuratu.

Antropizatutako eremuak zer?

Higatzen dugun lurra galtzen badugu, hormigoiztatzen duguna are gehiago. Estaltzea da identifikatutako arriskuetako bat eta Europar Batasunak esaten du ahalik eta gutxienera mugatu behar dugula estaltzen dugun lurzorua. Orain artean ez da kontuan hartu eta, oro har, lurzoru aberatsenak antropizatuak izan dira. Zorionez, herri batzuk hasi dira hirigintza planetan lurzorua babestearen gaia jasotzen, esaterako, lurzoru naturalak kontuan hartu eta kalitatezko eremuak estaltzeko debekuak ezarriz.

Plan horietan bestelako neurririk badago?

Bai, adibidez, egin izan da erabilera industriala izan duten eta erabileraz kanpo dauden lurren berreskuratzea, zuzentze prozesuak ere bai kutsatzaileak erauzteko landareak erabiliz, hau da, fito-erremediazio prozesuak, naturalizazio prozesuak, etab.

Jaurlaritza Logoa