En direct

NAIZ irratia
Entrevue
Manuel Lezertua
EAEko Arartekoa

«Espetxeetako azken heriotzak ikertzean ez genuen administrazioaren hutsegiterik identifikatu»

Manuel Lezertuak NAIZ irratian azaldu du EAEko Arartekoak ikerketa egin duela espetxeetako azken heriotzak direla-eta. Txosten hori oraindik ez da publikoa baina, aurreratu digunez, ondorioztatu dute azken suizidio kasuaren osteko kudeaketan ez dutela Administrazioaren hutsegiterik antzeman.

Audio_placeholder

«Espetxeetako azken heriotzak ikertzean ez genuen administrazioaren hutsegiterik identifikatu»

Loading player...
Manuel Lezartua EAEko Arartekoa NAIZ Irratiko estudioetan.
Manuel Lezartua EAEko Arartekoa NAIZ Irratiko estudioetan. (NAIZ)

Manuel Lezertua, EAEko Arartekoa, NAIZ Irratian izan da ostiral honetan, atzokoan Gasteizko Legebiltzarrean 2020, 2021 eta 2022ko txostenen berri eman ostean. Bertan, iaz Martutene eta Zaballako espetxeetan hildako bi lagunen inguruko ikerketaz galdetuta, Lezertuak jakinarazi du laster argitaratuko dela ebazpena, baina «ikerketak ez duela akatsik aurkitu» aurreratu du.

Haietako batek isolamenduan zegoela bukatu zuen bere biziarekin. «Administrazioari esan diogu kontu handia izan behar dela horrelako neurriak hartzen direnean. Proportzionala izan behar da neurria eta begiratu behar da ahultasunean dauden pertsonengan zein eragina duen». Hala ere, azpimarratu du, kasu honetan «ezin dugula esan eragina izan zuenik».

Atzo aurkeztutako txostenen inguruan, iaz Osasun Sailari lotutako kexak izan zirela gehienak baieztatu du, ospitaleekin eta itxaron zerrendekin erlazionatuta. Horrekin batera, toki administrazioak, hezkuntza, DSBEaren inguruan sortzen diren istiluak, etxebizitza eta ingurumenaren inguruan ere, gero eta gehiago.

Erantzun gabeko 500 kexa

«Askotan arazoa da adminsitrazioek ez dituztela kexa hauek erantzuten. Eta hau ezin dugu onartu». Erantzun gabeko 500 kexa detektatu zituzten. «Arartekoari ez erantzutea da delitua». Hasieran patxadaz hartu zutela onartu du, pentsatuz erantzunak etorriko zirela, baina hau gertatzen ez zela ikusita, Fiskaltzarengana jo zuten. «Deskontuko denboran», baina, denak erantzun ziren amaieran.

Hala ere, hau kexa egin duenaren eta Arartekoaren «duintasunaren aurka» doala adierazi du, eta «onartezina» dela insistitu. «Zelako sinesgarritasuna izango dugu ez badugu erantzunik jasotzen edo erantzun hori zatarra baldin bada?»

Erantzun argien faltan ea Ararteak zigorrak ezartzeko eskumenak izan beharko lituzkeen galdetuta, «zeozer» egin behar dela iritzi du. «Urtea bukatu baino lehen proposamenak egingo dizkiot Legebiltzarrari, lege aldaketa bat egin eta eskumen eta botere gehiago emateko Arartekoari horrelako egoerak agertzen direnerako».

Elizaren baitan egindako sexu erasoen inguruan, jakitera eman du espainiar Estatuan txostena landu duen Angel Gabilondorekin kontaktuan egon dela, EAEn horren ondorioak aurkezteko asmoz. «Erankundeen babesa indartu egin behar da umeekiko eta nerabeekiko».

Indarkeria matxista, Alardea, torturak...

Bestetik, indarkeria matxistaren biktimen babesa «muturrera» eramatea eskatzen du Arartekoak. Kexen artean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak biktima nola tratatzen dituen hainbat kasu daude: komisaldegira salaketa egitera doazenean nola tratatzen dituzten salatu dute-eta hainbatek. «Guk akats batzuk aurkitu genituen eta Segurtasun sailburuari esan genion hori onartezina dela». Bere iritziz, arreta hori «landu eta hobetu» egin behar da. «Sailburuak esan zuen portzentaia txikia dela».

Irun eta Hondarribiko alardeen gatazkaren harira, baita ere, «eginkizun batzuk» martxan daudela aurreratu du. Jaizkibelek Arartekoa eragile ezberdinen arteko bitartekari izatea eskatu zuen. Arartekoak Hondarribiko alkatearengana jo zuenean, honek bere ideia proposatu zion. «Azken hilabetean ez dut berririk izan. Deitu egin behar dut», adierazi du. «Arartekoak beti adierazi du ezin direla emakumeak baztertu herriko jaietatik», berretsi du. «Arazo hori aspalditik dago irtenbiderik gabe», baina baikor agertu da udal talde berriekin.

Duela gutxi, era berean, Arartekoak Lakuari eskatu zion torturaren biktima guztien errekonozimenduak epe barruan ebazteko. «Gobernuari galdetu nion ea beste aldeko biktimen alde zer egiten genuen. Zerrenda izugarri bat eman zidan errekonozimendu ekintza eta ekimenekin. Hori argitaratu dugu eta Gobernuari eskatu diogu babes prozedurak azkartzeko».

Jaurlaritza Logoa