En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Amorante, Indigo, Airu eta Rig3l azken ‘Zarata’ tarteko uztan

«Gaur justu egon naiz pentsatzen marrantak eta horrelakoak guztiz aldatu direla, hiru aste daramadalako gaizki. Auskalo zenbat kilo muki atera ditudan sudurzuloetatik, belarriak ere desastre ditut… Baina musika eskaintzeko prest nator», esan digu Iker Bárbarak.

Audio_placeholder

Amorante, Indigo, Airu eta Rig3l azken ‘Zarata’ tarteko uztan

Loading player...
Irune Vega bilbotarraren proiektua da Airu, urrian disko berria kaleratuko duena.
Irune Vega bilbotarraren proiektua da Airu, urrian disko berria kaleratuko duena. (Haizea OGUETA)

Zarata MondoSonoro aldizkariko zuzendariak lau abesti ekarri dizkigu beste astebetez. Bukatzen ez den uda honetan, hortik ekarri du lehen abestia, gainera.

Indigo - Summer Sun

«Indigoren atzean Iñigo Azpitarte musikari eta abeslari zarauztarra dago. Zazpi urteko geldialdia egin ostean, lehen diskoari heldu dio eta horretarako, besteak beste, Mon Dvy eta Oriol Flores izan ditu aldamenean, bai behintzat lehen abesti honetan. Donostiako Zinemaldiko itxiera galan, gaua irekitzeko, Eva Hacheren ondoan abestu zuen lehenengoz zuzenean kantua Indigok. Bideoklip dotorea egin du, bere aktore dohaiak erakutsiz, Zarauzko hondartzan bertan grabatutako irudiekin», kontatu digu kazetari bilbotarrak.

Airu - Es por tu bien

Irune Vega bilbotarrak laster kaleratuko du diskoa, eta aurrerapen kantua ekarri digu Iker Bárbarak: «Proiektuaren frontwomana da Irune Vega eta entzungo dugun abestian argi erakusten du bere proposamena berezia dela, bai soinuan eta baita bere abesteko moduan ere. Disko berri honetan taldearen alderdi elektronikoena alderdirik elektrikoenarekin batzen saiatuko dira. Jon Aguirrezabalagarekin grabatu dute diskoa, El Tigre estudioan eta krisi emozional baten inguruan hitz egiten du, kasu honetean enpatia eskasak sortzen duen krisia».

Rig3l - CXLD

Udan atera zuen bere kanturik poperoena, baina berriz ere iluntasunera egiten du buelta Goizuetako artistak: «Sad-trap generoa jorratzen zuen artista bezala aurkezten zuen bere burua eta iluntasun horretatik jarraitzen duela esango dugu. Singleak kaleratu ditu momentuz, estiloan sakonduz ari da eta beste generoekin uztartuz Rig3l. Guk dakigula ez du oraindik diskoa ateratzeko asmorik, baina ezin da jakin».

Amorante - Kale erdian

Bilboko Kafe Antzokiko goiko aretoan, Kutxa beltza deiturikoan, aurkeztu berri du bere azken diskoa, ‘Harri, herri, har’ Iban Urizar ‘Amorante’ elgoibartarrak: «Singlea kaleratu eta segituan kaleratu du disko Amorantek eta hori bada kontu bitxi bat, baina aurkezpen kontzertuaren egunerako erabaki zuen kaleratzea. Ohituta gaude beste epe batzuetara, baina horrelakoak ere eskertzen ditugu kazetariok, batez ere udazkenean izaten den emari handia ikusita. Proposamen oso bereziak egiten ditu Amorantek eta oraingoan Los Sara Fontán bikoarekin eta kantu alai bat aurkeztu digu, harritu gaituena. Leku oso desberdinetatik edaten du eta ziur zuzenekoan harrituko gaituela, tradizioa eta abangoardia oso fin lotzen dituelako».

Jaurlaritza Logoa