En direct

Peli Lekuona-Amaia Zurutuza
Entrevue
Elene Lopetegi
Euskal Herriko Mugimendu Feminista

«Lehen neurria irabazi asmoa zaintzatik ateratzeak izan behar du»

Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde azaroaren 30erako deitu duen greba egunera «gizarte osoa» dago deituta, «gizarte antolaketa oso bat eraldatzea» baita helburua. «Pribatizazioa puskatu nahi dugu», dio Elene Lopetegi mugimenduko kideak.

Audio_placeholder

«Lehen neurria irabazi asmoa zaintzatik ateratzeak izan behar du»

Loading player...
Elene Lopetegi, Euskal Herriko Mugimendu Feministako ordezkaria
Elene Lopetegi, Euskal Herriko Mugimendu Feministako ordezkaria (Naiz Irratia)

Zaintza izango da azaroaren 30eko greba feministaren protagonista; zaintza sistema publiko eta komunitario baten beharra aldarrikatuko da Euskal Herriko mugimendu feministak ezarri duen hitzordu berrian. Mugimenduko ordezkari Elene Lopetegik NAIZ Irratian baieztatu du pandemia garaian zaintzaren errealitateari loturiko arazoak gehiago azaleratu zirela, baina lanketa lehenagotik zegoela martxan.

«Martxoaren 8an, 2018an eta 2019an egindako bi grebetan zaintzaren gaia erdigunera eraman zuen mugimendu feministak», baina horretaz gain «zaintza eremuko langile ugari borrokan» ari zirela gogoratu du. Hala, «interpelazio bat egin ziguten gaia agenda feministara eta erdigunera ekartzeko». Bide horretan, 2019an egindako jardunaldi feministetan agenda konpartitu baten beharra azaleratu zela azaldu du. Ordutik zaintzaren gaia protagonismoa irabazten joan da.

Erronka itzela da, eta abiapuntua argi du Lopetegik: «Lehen neurria, dudarik gabe, irabazi asmoa zaintzatik ateratzeak izan behar du». Bide horretan, ezinbestekotzat jo du publifikazioa: «Instituzioek bere hain hartu beharko lukete dagokien ardura». Gaineratu du eman beharreko pausoak zehaztea ez dagokiola soilik mugimendu feministari, «zaintza sistema honetan ardura duten guztiei» ere badagokiela egin beharreko bidea zehaztea. Osasungintza publikoarekin alderaketa eginez, «zaintza sistema errotik aldatu eta eskubide unibertsal gisa bermatzea» exijitzen du mugimendu feministak.

«Gizarte osoa dago grebara deituta»

2018 eta 2019ko grebak ez zirela orokorrak izan gogoratu du Lopetegik, baina aurtengoa bai, «gizarte osoa dago deituta». Izan ere, zaintza sistema iraultzeak «gizarte antolaketa oso bat eraldatzea» ekarriko lukeela gogoratu du eta, ondorioz, gizarte osoak sentitu beharko lukeela interpelatua azaroaren 30eko grebari dagokionez.

Hainbat sindikatuk, ELA, LAB, Steilas nahiz ESK-k, atxikimendua adierazi diote jada grebari. Lopetegiren esanetan, babesa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta hobeto, helburua «ahalik eta jende gehien kalera ateratzea» delako.

Instituzio publikoei dagokienez, Emakundek ez duela grebarik egingo adierazi du Miren Elgarresta berdintasunaren aldeko erakundearen buruak, baina zaintza lanei ikusgarritasuna ematea eta horiek balioan jartzea babesten duela erantsi du.

Elene Lopetegirentzat zentzuzkoa da instituzioek grebarik ez egitea, haiek ere interpelatzen dituelako deialdiak. «Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ere badira dugun zaintza sistemaren erantzuleak». Zentzu honetan, pauso sendoak eskatu ditu: «Ez ditugu soilik hitzak nahi, gauzei ikusgarritasuna ematea ondo egon daiteke baina horrekin soilik ez dira gauzak aldatzen, ekintzak nahi ditugu, materializatuko diren erabaki eta proposamenak».

Norabide horretan ez, kontrakoan ikusten du, ordea, EAJ. «Ez dugu nahi EAJk pribatizazioaren bidean sakontzea eta langileek ordaindu ezin dugun zaintza sistema bat eskaintzea; pribatizazioa puskatu nahi dugu eta denon eskura egongo den zaintza eredu bat ezarri», defendatu du mugimendu feministako kideak.

Jaurlaritza Logoa