En direct
2018an antolatu zuten lehen aldiz ITA, Zubietan (Gipuzkoa) eta 2021ean izan zen bigarrena, Artean (Bizkaia). Hirugarrena, berriz, Izarran izango da (Araba) eta, orain arteko ildoari jarraiki, lekua kokapenaren arabera aukeratu dute, alegia, hiriaren aldean herrien txikitasuna aldarrikatu dute antolatzaileek: «Landa eremuari eta herriko txikitasunari garrantzia eman nahi diogu, hiritik egitarauak deszentralizatu eta beste era batean enfokatzeko aukera emanez».
Edizio honetarako ere helburu anbiziotsuak ditu kanpaldiak, hain zuzen ere, Euskal Herriko herri mugimenduak indartzeko eta sare-osaketan beste pausu bat hauspotzeko sua izan nahi du ITA honek. Aurkezpenean esan dutenez, Euskal Herriko mugimendu sozialak elkartzea da helburu nagusietako bat, elkarren arteko loturak egitea errazteko. Hartu-eman horretan, gainera, eztabaidari toki egingo zaiola erantsi dute «ideiak partekatzeko, elkarren artean elikatzeko eta, zergatik ez, kontraesanak sortzeko».
Dena ez da eztabaida izango, ordea. Bost eguneko egitarauaren parte dira «hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, jolasak, bazkalosteko tarte goxoak, azokak, auzolanak eta konplizitateak», alegia, Formakuntza, eskaintza kulturala eta aisialdia izango ditu Iraultza Txikien Akanpadak. Ekintza guzti horiek burutzeko lau gune izango ditu ITAk: Gibixo, Badaia, Gorobel eta Kultura. Guneen izendegiarekin erreferentzia egin nahi izan zaie Arabako mendialdeei, lehen hiru izenak Arabako mendi eta mendilerroak baitira.
Militante, herritar, kolektibo, gazte, heldu eta haur, denek izango dute zer egina Izarrako kanpaldian. Egitarau osoa ITA.eus atarian ikus daiteke.